Humilitate egunerokoa
Autosufizientziaren bila Ekainak 27, astelehena
Ahal dugun moduan eta ahal duguna deskantsatuta jaiki gara. Guk ez dugu hiltzerik, baina ezin du gauza bera esan Tainak. Ez da atzo etxera nola itzuli ginen ere gogoratzen. Gu fresko gaude eta Montclair, New Jersey-ra joateko gogoz. Estatu aldaketa da eta Manhattan-etik aterako gara gaur. Gauza berriak ikusteko gogoa dugu, gauza berriak ezagutzen New Yorken oraindik urteak pasa ahal ditugun arren.
Urruti ez dagoen arren Cojoba taldekideekin kotxe familiar handi bat alokatu behar izan dugu kontzertura iristeko. 50 mila diren arren, gaur ezin gara metroan joan. 7 lagun eta materiala kotxean nola ahala sartu eta bagoaz New Jersy-ra. Bidean Manhattan-en skyline-a ikusi ahal izan dugu. Bufff bertatik bezainbesteko impresioa egiten du urrunetik. Zerua ikutzera iritsi nahi duten eraikinak. Natura baina indartsuago dela erakutsi nahi dutela dirudi batzuetan. Bestela zaila da hemen dauden eraikuntzak ulertzea. Bidean galdu garen arren iritsi gara kontzertu aretora. Jatetxe frantsez baten azpian, lur azpian, dagoen areto ilun batetan da. Pinta ederra du eta arratsaldeko 15:00etan hasten den arren kontzertua jende pixkat badago iada. Gaztetxoak dira ia denak. Oso gazteak. 6 taldek osatzen dugu kontzertua eta gu 4. Garela esan digute. Gure Cojobako lagunen ostean. Lehen taldea hasi bezain pronto jatetxekoak bolumena jeisteko esan du. Gure txanda iritsi aurretik kontzertua bertan bera geldituko denaren beldur gara… Egunotan ezagututako lagunak ere gertutatzen hasi dira kontzertura. Ostiralean gure kontzertuan izan ziren batzuk egunero datoz gure kontzertuetara eta eskertzekoa da. Konfiantza handia hartu dugu beraiekin eta latino kuadrila osatu du. Atzoko parranda komentatzen hasi gara eta denak ere hiltze handiarekin daude… baina bizirik!
Hemen kontzertuetan talde bakoitzak bere materiala jartzen du. Ez dute gauzak konpartitzeko ohitura handirik. Afaria eta edaria emateko ohiturarik ere ez dute, beraz, beste taldekideekin harremana mugatuagoa da. Gu, ohituta gaude kontzertuetan materiala elkarbanatzean eta afaritan beste taldekideak ezagutzen eta hemen zentzu horretan hori zailagoa da. Taldekideak taulara igo arte ez dakizu zein den musikaria eta zein ez.
Cojobaren txanda iritsi aurretik, kontzertuko antolatzaileak kontzertuak areto horretan jarraitu ezin duela esan du. Beraz, gauzak jaso eta guk eta Cojobak jo ahal izateko areto berak duen atzeko gela txiki batera sartu behar izan gara. Bertan gutxiago entzungo delakoan han jotzea erabaki dute. Oso gela txikia da. Zikina dago. Aspaldi ezertarako erabili ez denaren usaia dago eta alturaz ez da 2 metrora iristen. Eskoba pasa eta materiala prestatu dugu. Bentiladore handi bat ere jarri dute haizea pixkat mugitu dadin, sekulako beroa egiten duelako. Egia esan gustoko dugu toki berria. Jendea gainean izango dugu eta hori beti gustatu izan zaigu. Cojoba hasi direnean jendea zoroa bezala hasi da dantzan eta buruko kolpe eder batzuk ere ikusi ditugu tuberien kontra. Gelatxoak duen alturarako eta egin duten “pogo”-rako kolpe gutxi izan dira dena den. Sekulako zoramena dago gelatxoan. Hainbat aldiz esan behar izan du Taina abeslariak kontuz ibiltzeko musikariekin. Jotzeko tokirik gabe daude eta hamaika aldiz erori da jendea beraien gainer. Kontzertu bikaina eman dute gure lagunek eta orain gure garaia da. Egunotan izan dugun soinurik txukunena dugu gaurkoan. Toki txikia izaki soinu muro bat sortzea lortu dugu behingoz, gure materiala ez den arren pixkanaka moldatzen ari gara.
Dena tita batean prestatu eta lehen abestiko sarrera jotzearekin batera gerturatu dira haizea hartzera joan diren ikusleak. Gelatxoa berehala bete da eta lehen doinu azkarra jotzearekin batera ikusleak zoro moduan dantzan hasi dira. Buruko ederrak hartu ditu batek baino gehiok eta pixkanaka pogozaleak lasaitzen ari dira… egia esan beraien osasunak eskertuko die. Baten batek odoletan ere bukatu du. Gelatxoan dagoen kondensazioa eta beroa zaila dira aguantatzen. Kamixeta gabe eta izerditan blai gaude, baina kontzertuaz gozatzen ari gara. Izerdi elkartrukatzea dirudi honek. Bikaina gaurko kontzertua, deskarga handia izan da. Materiala jaso eta bagoaz kanpora korrika oxigeno pixkaten bila. Gosaldu dugunetik jan gabe gaude eta bagoaz jateko zerbaiten bila. Alokatutako kotxea 23:00etako itzuli beharra dugu beraz, berriz Manhattan aldera atera aurretik zerbait afaldu nahi dugu.
Azkenean ez digu afaltzeko denborarik eman. Afaria eramateko jartzeko esan eta materiala jaso orduko bagoaz New Yorkera. Igandea da eta 21:00ak inguru dira. Sekulako trafijoa dago Time Square inguruan dugun ensaio lokalera iristeko. 12 pixutako eraikina da. Pixu guztiak lokalez josita daudelarik. Madonnak ere hemen ensaiatzen omen zuen garai batean. Horrelako kuriositatez josita dago New York. Glamour puntu hori ematen dioten horrelako mila historia kontatzen dabiltza uneoro… iraganean bizitzen ote dauden pentsatzen dut batzuetan. Dena deskargatu eta metrora goaz, leher eginda eta beroa gainetik kendu ezinda. Metroan goaz etxera. Etxean, afaldu eta biharko plana egin beharra dugu. Bihar biraren bigarren zatia hasiko da. Gure furgoneta erosi, kitarra , baxu , bateria eta instrumentu guztiak lortu eta bira osoan zehar izango dugun ekipoa osatu behar dugu ondorengo egunetan. Badugu autosufiziente izaten hasteko gogoa. Gure kontura martxan jartzeko gogoa. Zaila izango da, lan asko suposatuko digu, baina gogotsu gaude. Etxean, afaldu ostean, interneten helbide eta furgonetak topatzen hasi gara. Myspace-a eta webgunean eguneratu eta konturatzeko 01:45 markatzen du erlojuak, begiak ixten zaizkit ordenagailu aurrean. Esterila eta lo zakua hartu eta deskantsatzeko unea da. Bihar autosufizientziaren bila hasiko gara.
Bronx Auto Sale Ekainak 27, Astelehena
Autosufizientziaren bila hasteko eguna da. New York-era iritsi garenetik Puerto Ricoko Cojoba taldeko lagunekin egon gara. Alde guztietara eraman gaituzte eta orain arte ez gara gehiegi fijatu hiri erraldoi honetan nola mugitu. Gaur, atzo gauean aurkitutako helbideak bisitatzeko garaia iritsi zaigu, beldurra ematen digu ea behar dugun furgonetan topatuko dugun edo ez oraindik ez jakiteak. Abentura guztian asko eragingo duen kontua delako. Baina goizean jaiki, atzoko egunerokoa idatzi eta bagoaz etxe beheko “bodegara”, gosaldu eta Bronx auzora goaz furgoneta bila. Bronx auzoa da New York-en bigarren eskuko autoak topatzeko egokienetakoa. Merke aurkitu nahi izan eskero behintzat. Queens-en ere topatu daitezke autoentzat aldatzeko piezak, baina furgonetak edo kotxeak topatzeko Bronx-era joateko gomendatu gaituzte lagunak. Egia esan behar badugu, Bronx-era joateak ere ilusio handia egiten digu. Badu zerbait berezia auzo honek.
Metrora sartu eta uste baino errazago moldatu gara Harlem auzotik Bronx-era iristeko. Gelditu beharreko geltokian atera eta berehala topatu dugu atzo gauean interneten topatutako auto denda. Iritsi eta gustoko furgoneta bat topatu dugu. Gure material guztia sartuko ote denaren duda dugun arren, saltzailearekin tratuan hasi gara. Palestinar jatorria duen saltsailea gogor hasi da tratuan. Guk ere gogor egin diogu eta salneurri interesgarri bat lortu dugu. Seguruaren kontua ere lotzeko tramite batzuk egin beharko ditugu baina aukera ona da. Hain aukera ona, hain azkar topatzeak asko lasaitu gaitu. Hau topatu badugu… beste aukera gehiago topatuko dugu. Baina ez da horrela izan. Bronx-eko alde hau guztia oinez gurutzatu ostean beste pare bat denda bakarrik topatu ditugu. Zaila da hemen furgonetak topatzea. Azkenean, 3 furgoneta ezberdin ditugu aukeran. Eguardiko 15:00ak dira iada eta gaurkoz hemen utziko dugu. Oraingoz, Manhattan-era itzuliko gara kaleetan zehar galtzera eta etxera goiz itzuliko gara beste auzoetako aukera berriak bilatzeko asmoz.
Time square geltokian gelditu eta alde komertzial honen kaleetan galdu gara. Argi eta pantalla disdiratsuak impresio handia egiten dute. Pare bat argazki atera eta komik denda bat ikusi ostean Grisley eraikina ikusteko gogoa dugu eta eraikin hau eta Empire State ikustera goaz. Gaur oinez ibiltzeagatik eman digu. Gustora jarduten gara hiri honetako kaleetan galduta. Etxera metroz itzuli ordez, oinez itzultzea erabaki dugu. 30 kalean gaude eta 112.era iritsi behar gara… beraz, bide luzea dugu aurretik. Oso nekatuak gaude, baina gauzak ikusteko gogoz gaude. 5.avenida hartu eta bagoaz iparraldera, Harlem-era. Dendarik garestienetatik, Central Park pasa eta bide interesgarria dugu etxera iritsi bitartean. Bidean goazela “kaixo, Kaixo” entzun dugu. Buelta eman eta mutil bat topatu dugu. Euskaldun bat zelakoan euskaraz agurtu dugu, baina berak ingelesez jarraitu du. Duela bi egun gure kontzertua ikusten egon zela esan eta ezagutu gaituelako kaso egin dugu. Euskal etxean euskara ikasten ari den gazte honek kasu egin izanak ilusioa egin digu. Ez da erraza horrelako hiri handi batean ezagunekin topatzea, baina egia esan polita izan da berarekin topatzea. Euskal Herrian izan zeneko pare bat kontu egin agurtu gara. Abuztu bukaeran topatuko garelakoan.
Bide luzea goxatzeko afaltzen geratu gara Harlem auzora iritsi aurretik. Afari oso goxo baina juxtu xamar baten ostean etxeraka goaz. Egun polita izan da. Leher eginda ditugu hankak… goizeko 11:00etatik 22:00ak arte gelditu gabe jardun gara. Afaltzeko bakarrik gelditu gara. Carolina del Norte eta Floridaren arteko partidua ikusten egin dugun afari deskantsua ta gero etxera iritsi eta furgonetako kontuekin jarraitzeko asmoa dugu. Malafaki elkarteko Jorgek furgoneta bat lortu digunaren mezua jaso dugu etxera iritsi orduko. Biharko begiratzeko geratu gara Queens auzoan. Etxean bezala sentitzen gara hiri erraldoi honetan. Gustoa eta dana harrapatuko diogu martxa honetan. Ea pare bat egunean furgoneta eta materialaren kontuak bukatu eta birari ekin ahal diogun hiri erraldoitik kanpora. Cojobakoekin zerbezatxo batzuk eta kontutxo batzuekin bukatuko dugu gaur eguna, nekatuta, baina oso gustura. Ondo lo egin.