Humilitate egunerokoa

Errepideak entretenitzen du (nau) Ekainak 4, Astelehena

Gauean zehar, makina aldiz esnatu gara taldekideok. Bero handia egiten du furgonetan, kaleetan zarata asko dago eta jendearen joan etorriek gure hotelean oihartzun handia sortu dute. Izerditan esnatu gara, goizeko 5tak direla esan digu mugikorreko alarmak. “Riders on the storm” kantua dut mugikorreko alarma melodia gisa eta esnatze goxoa izan da. Furgonetan ez da ohe batean bezala deskantsatzen baina badirudi umorea ematen digula. Ordu oso gutxi eta gaizki egin arren umoretsu esnatu ohi gara. Bere grazia ere ematen diolako 4ak eta material guztia furgoneta honen barruan horrela moldatzeak. Motorra piztu eta bagoaz Baltimore aldera. Eguna jada argitu da. 670 km aurretik. Eta egia esan behar bada, ni gidatzeko gogoz nago.

Asko gustatzen zait eguneko lehen orduetan gidatzea. Taldekideak, pixkanaka, lokartzen hasi dira, nik, logurerik ezean, oso gustoko dut denak lo hartuta gidatzea. Ordu hauetan errepideetan dagoen lasaitasunarekin eta irratiaren laguntzarekin oso atsegina egiten zait bidai luzeak gidatzea. Ez dakit kamioilari sen hau nondik atera zaidan. Txikitan, oporretara joatean, aitari hainbeste ordu gidatzen ikustean flipatu egiten nuen. Nola aguantatze ote zuen hainbeste ordu bolantearen aurrean? Orain aldiz, horretaz ere asko gozatu daitekeela ikasi dut. Azken urteetan taldearekin gidatutako bira eta lurralde guztiak asko aportatu didate. Denak lo hartzen dutenean, hausnarketarako atmosfera berezia sortzen da. Nire barrukaldearekin elkartu eta paisaia hauez asko gozatzen dut, nire barruko gauzei bueltak ematen. Irratian, sekulako perlak jartzen dituzten kate bat topatu dut. Gainera, kuriosoa den arren, talde gehienen bi abesti jartzeko ohitura du Bostonen bertan bilatu dudan irratiak. Pearl Jam, Van Halen, Eric Clapton, The police… eta beste hainbat klasiko jarri dituzte lehen kilometroetan. Baina subidoirik handiena Maryland estatura sartzean izan da. Justu muga pasatzean, eta seguraski jada beste irrati batean, Yes taldearen “Roundabout” abestia jarri dute. Bolumena igo eta topera gozatu ditut abesti luze honek dituen doinu eta erritmo guztiak. Duela gutxi, nire lagun canadiar handi batek egindako oparia da abestia hau. Biran zegoela, etxean jarri zidan abesti hau etxean, orduztik momentu asko alaitu dizkit (bai, ez itxaron egunerokoa bukatu arte youtube-n abesti hau entzuteko).

Goiz ateratzeak asko lagundu gaitu. Trafikorik ez dugu harrapatu eta erraz egin ditugu Baltimorerako kilometro guztiak. Bertan, ohikoa bilakatu den pateada jo dugu. Egia esan, eta egiten duen beroarekin, kosta egiten den arren, ohitura ona da. Horrela, hiria ezagutzeko parada dugu. Portua, dabil jende gehiena. Militarren banda bat jotzen eta turistentzat eta haurrentzat atrakzio asko. Baina 3 km hurrunago joan gara gu portua gurutzatu ostean. Edgar Allan Poe idazlearen etxea bisitatzera goaz. Eguzkitan eta izerditan hantxe iritsi gara Poopletown auzora. Etxe txikiz osatutako auzoa. Beltzak dira nagusi hiri honetan, baina auzo honetan bizi dira finantza zentruan lan egiten ez dutenak. Asko gustatu zaigu auzo hau. Kaleetan haurrak urarekin jolasean, etxe atarietan jendea kontu kontari,… Finantzial zentru eta portu inguruko kontsumo ereduarekin alderatuta gustokoagoa dut hemen topaturikoa. Alai kasu egin digute atarietan topatu ditugunak. Edgar Allan Poe-ren etxera iristen ere aitona batek lagundu gaitu. Gaur itxita dago, beraz, bere bizitza laburbiltzen duten kanpoko plaka irakurtzearekin konformatu behar izan gara. Egia esan, barruan topatuko genuenarekiko interes berezirik ez genuen. Etxe arrunt bat ikusiko genuelako azken finean. Bidea eta Poopletown ezagutzea ederra izan da!

Berriz, portu aldera itzuli eta eguna bukatzen ari dela gure lagun Mough-ek Silver Spring herriko helbide bat eman digu. Mough, hurrengo egunetan kontzertuak antolatzen dizkigun laguna dugu. Silver Spring-era joan gara. Bertan, zerbeza lata hutsez, xaguren bat, eta zikinkeria ugari duen etxe batean lo egin dugu. Bertakoekin kontu gutxi batzuk egin, auzoan bueltaxka txiki bat, eta gure gaztetxe eta euskal herrian parte hartzen dugun mugimenduen antolaketa eta hutsuneez luze hitzegiten agurtu dugu eguna. Kanpoan, petardo eta itxaferoak zarataka jarraitzen dute. Zorionez, ahaztua genuen gaur Independentziaren eguna zela bertakoentzat. Ez dugu desfile patriotikorik txupatu behar izan. Kontu kontari banan banan lokartu gara, fondoan oraindik ere itxaferoren bat entzuten delarik.

Washingtonen ere eguzkiak dotore jotzen du Ekainak 5, asteartea

Ederki deskantsatuta jaiki gara zabortegi desordenatua dirudien etxean. Atzo gauean sukaldeko paelan ikusitako xagua iada lotara joango zen. Gauzak jaso eta bart internet zuela ikusi genuen kafetegi senegaldarrera goaz. Kanpotarren komertzioez osatutako auzoa da lo egin dun hau. Honek atmosfera berezia ematen dio, Vietnam, China, Senegal, Mauritania… mundu guztietako txoko ezberdinetatik etorritako jendeak osatzen du auzoa eta denda bakoitzak mundu ezberdin bat dirudi. Egun batzuetan ezin izan dugu internet erabili eta gure egun libreetarako kontzerturik atera den edo ez begiratzea tokatzen zaigu. Gosaldu eta gaurko irteerari ekingo diogu. Gaur, klasiko bat tokatzen da, Washington DC, Estatu Batuetako hiriburua.

Washingtonera iritsi eta berehala topatu dugu Kapitolioa. Ez dakigu garbi zer den, baina aski ezaguna egiten zaigu eraikina. Telebistan, mila aldiz ikusia. Handik gertu aparkatu eta bagoaz eraikin ofizial hauek ikustera. Eraikin guzti hauek erraldoiak dira. Impresio handia egiten dute eta sekulako beroa egiten duen arren, alde batetik bestera ibiltzeko gogoak ez dizkigu erraz kentzen eguzkiak. Kapitolioa ikusi ostean, Etxe zuriaren bila goaz. Denak gertu daude. 3 km-tako eremua antzerako eraikinez josia dago. Historia museoa (Smithsonia), Justizia Palazioa, Estatu Batuetako artxiboa, Natura historiaren eraikina,… Hurrunetik ikusi dugu obelisko erraldoia. Hain ezaguna den monumento honen inguruan dago etxe zuria, bertarantz goaz. Haren frentean dago Lincoln Memorian eraikin mitikoa eta eskubitara dago Etxe-zuria. Gaur ere, lehertuta eta izerdi patzetan (bai, beste behin), 6 bat kilometro egin ostean, bagoaz lo egingo dugun tokira. Takoma Park herrixka lasaiera. Bertan, gure lagun Mough-ekin elkartu gara. 2004en Donostiako Etengabeko Zarata jaialdian elkarrekin jo genuela ohartu gara. Strong Intention taldearekin etorri zen Mough biran, eta guk, Erantzun taldearekin jo genuen urte hartan. Zein txikia den mundua (bai, beste behin). Lehen aldiz, sukaldean afaria prestatuko dugu gaurkoan. Hemen, dena, kanpoan eginda erosteko joera dute, baina gaur sukaldatzeko plana egin dugu Mough-ekin. Dutxatu, labadora jarri eta deskantsatzera goaz. Bihar, Kontzertua dugu Baltimoren. Egun libreak ondo daude, baina kontzertuak behar ditugu guk. Zuzenekoen yonkiak.

20110705_washington_dc_i_0205

Zuritik beltzera Uztailak 6, asteazkena

Beroak lo gehiegi egiten utzi ez digun arren, ondo deskantsatuta jaiki gara gaurkoan. Egun osoan, kontzertuaz gain, zer egin gutxi ditugu, beraz, alarmarik gabe esnatu gara gaurkoan. Gaur ez da “Riders on the storm”-ik egon, gauez, euria egin duen arren. Mough handiak, gosaltzeko ogia eta hainbat gauzak erosi ditu eta aspaldiko partez gure gosarien antzerako zerbait egitera goaz. Hemen, ohikoa, Baggels-ak jatea da. Erroskila formako eta ogi boilo antzeko batean aurkezten den otartekoa da. Arraultza, hamburgesa (begetarianoak ere badira ia txoko guztietan), bacon-a (hau ere begetarianoa topatu dugu), tortilla,… eta antzerakoekin osatzen da. Frijitutako janari asko jaten dute hemen inguruan eta ni iada nekatzen hasi naiz zentzu horretan. Gaurkoan aldiz, Mough-ek ogi frantsesa eskarri digu. Guk, han jaten dugunaren antzeko ogia da. Faltan botatzen genuen egia esan. Europara joaten garenean bezala, ogirik gabe otorduak, ez dira gauza bera. Mermelada, mantekila, fruta, esnea (almendra eta soia esnea), kafea, eta musika ona. Ederra izan da gosaria! Aupa Mough, bost puxtarri hiretzat!

Kontzertura bitartean dugun zereginen barruan bi dira nagusiak: furgonetan piztu den piloto horri buruz tailerren batean galdetzea eta hemen erabili ahal izateko telefono mugikorrerako txartel bat erostea. Tailerra, etxe ondoan aurkitu dugu. Mekanikoan ordenagailura lotu du furgoneta eta berehala topatu du arazoa. Furgonetak, barruan duen ordenagailua da arazoa ematen ari dena. Etxeko ordenagailuek arazoak ematen dituztenean bezala honek ere piztu eta itzaltzea behar du. Hori, jabeak soilik egin ahal du. Jabearekin ez garenez ikusiko, ez dugu horretarako aukerarik, baina mekanikoak, ez kezkatzeko esan digu. Horrek, ez digula arazorik emango bidean zehar. Beraz, arazo bat gutxiago eta aurrera goaz.

20110705_washington_dc_i_0268

Telefonoarena egitea da hurrengo zeregina, baina bidean, lagunek gomendatutako diska liburu batera goaz. Baltimore-n dago, kontzertua dugun hiri berdinean, beraz, bertaratu eta eguna bertan pasako dugu. GPS-arekin berehala topatu dugu denda. Oso denda interesgarria gainera. Liburu pila topatu ditugu eta baita diskak ere. Kompratxoa egin, eta gure diskak ere erosi dizkigu dendariak. Beste liburu dendatxo baten helbidea ere badugu beraz, bertara goaz, han gainera internet omen dago eta jateko ezer ere bai, beraz, bertaratu eta telefonoarena han inguruan egitea erabaki dugu. Denda hau, kafetegi antzekoa da. Janari begano asko dute eta doan erabili ahal diren ordenagailuak. Fanzine eta liburuz josia daude ormak eta giro atsegina dago. Batzuk kontu kontari, eta beste batzuk, liburuak irakurtzen. Txoko goxo honetan aktualizatu dugu kure email postontzia eta lasai-lasai egon gara arratsaldean zehar. Baltimore hiria ezagutu genuen aurrekoan beraz, gaur ez dugu, oinez bueltaka ibiltzeko beharrik. Handik atera eta kontzertuko tokira goaz (bai ohartuko zineten bi egiteko genituela egunaren hasieran… eta jada bat ahaztu dugula. Horrelaxe daramatzagu egun batzuk)

Gaurkoa ere “bassement show” horietakoa da. Etxeko azpiko solairuan egiten diren kontzertu horietakoa. Gaur jo beharreko tokian gure ezagunak diren talde askok jo dute: Strong intention, Cop on fire, Nux Vomica,… Orain arte ezagututakoak baino askoz ere handiagoa da. Kontzertuak egiteko azpiegitura hobea du eta etxearen atze aldean dagoen patioak ere tokia bereziki egokia egiten du. Kontzertua 19:00etan hastekoa den arren, jende gutxi dabil hemendik bueltaka. Etxekoak, inguru garbitzen ari dira, guk, deskantsurako tartetxo bat hartu dugu jateko pizza zati batzuk ekarri dizkiguten bitartean. Nekatuta bezala gaude, erdi lo, aktibatu gabe bezala. Kontu kontari eseri garen gelan ere erdi lo hartu dugu. Pixkanaka, jendea etortzen hasi da, batez ere beste taldeetakoak, baina oso mugimendu gutxi ikusten da.

Zurien auzotik, beltzenera pasa gara. Barclays house, kontzertua eman behar dugun etxea, beltzen auzo batean dago. Auzo nahiko txiroa omen da. Kaleetan jende asko ikusten da. Denak etxeko atariko eskilaretan eserita. Pelikula yankietan, beti erakutsi digute etxe atarian eta kale izkinetan beltzak daudenean, gaiztakeriaren bat egiten ari direla. Kuriosoa da bizi osoan zehar pelikulen bidez sartu dizkiguten aurreiritziak. Nik gustoko dut hainbeste jende, gazte eta heldu, kalean kontu kontari ikustea. Zoritxarrez, guretzat, kaleak alde batetik bestera joateko bide besterik ez dira bilakatu. Kaleak bizitza egiteko gune bat direla ahaztu zaigu. Hemen, oraindik, kalea elkar topatu eta elkarrekin bizitza konpartitzeko guneak dira. Reclaim the streets!

Erdi lo eta motel jarraitzen dugu lehen taldea soinu frogak egiten hasi direnetik. Pixkanaka jendea gerturatzen ari da, baina oso pixkanaka. Mough eta New York-en ezagutu genuen gure lagun Melisa ere etorri dira kontzertura. Hauekin sotanora jeitsi, eta lehen taldea hastera doa. Black metala jorratzen du talde honek. Taldeko 3 kide neskak dira eta egia esan poza ematen du hainbeste mutilez osatutako eszena honetan pixkanaka geroz eta neska gehiago ikustea. Bigarren taldeko abeslaria ere emakumea da. Hauek, asko gustatu zaizkigu. Oso ahots potentez abestutako hc azkarra egiten dute. Interesgarria benetan. Jende dexente elkartu da dagoeneko, eta talde bakoitzak 20 minututxo jotzeko ohitura dagoenez, gure txanda berehala iritsi da. Ekipo guztia montatu (bai, hemen talde bakoitzak bere ekipoarekin jotzen du, ez da apenas ezer konpartitzen). Erdi lo geunden arren, montajea azkar egiteak espabilatu gaitu eta abesti erdi bat proba gisa egin ostean hasteko prest gaude. Kamixetak kendu (bestela gauero izerditan blai bukatzen dute eta ez dugu arropa gehiegirik) eta arratsaldean egin dugun abesti zerrenda berria hastera goaz. Gaur, hasteko: Sua antzokian!

Ikaragarria izan da. Lehen abestiko erdialdetik jendea sekulako pogoa dantzatzen hasi da. Kontzertu aretoa ia beteta dago eta sekulako dantza mugimendua dago. Nik, bateriaren ondora igo behar izan dut kitarra jotzera. Berehala berotu da oraindik ere “fresko” mantentzen zen aretoa eta bigarren abestian ere jendeak dena ematen jarraitzen zuen. Gure abesti guztietan sekulako giroa egon da. Hau da hau gozamena! Izerditan blai gaudelarik, zerrendaren amaierara iristen ari gara. Jendea txoratzen ari da. Municipal Waste-ren bertsioarekin bukatu dgu gaurkoan ere eta ikusleren bate ere gerturatu da gurekin koroak egitera. Gaur, sekulako pogoa egon den arren, ez da biolentoa izan. Eta hori oso gustoko dugu. Ez gara pogo biolentoen zale. Ikusleak aretotik ateratzen dituen pogoen zale. Gaurkoan ordea, denak zeuden dantzan. Kontzertua bukatu eta jende pila gerturatu zaigu kontzertua zoragarria iruditu zaiela esan eta kasu egitera: “awesome guys”, “you kick our ass”, “great show”… izerditan eta irriparre handi batekin gaude denok. Berotasuneik ihesi, terrazara goaz. Bertan eseri eta kontu kontari egon gara denbora luzez kontzertuan ezagututako eta aurretik ezagutzen genituen lagunekin. Erdi lo egotetik, sekulako kontzertua ematera pasa gara. Zuritik beltzera. Egia da, kontzertuak beti aktibatzen zaituela. Baina gaurkoa zoragarria izan da. Bihar Washington DC-n joko dugu. Irrikitan jada!

Leave a Reply