Humilitate egunerokoa

Igandean beti igande Uztailak 10, Igandea

Jason-en etxean esnatu gara. Egunero toki ezberdin batean esnatzeak horixe du, esnatu eta batzuetan minutu pare bat behar dituzula non zauden ohartzeko. Gainontzeko kideak lo daudela, goiz esnatu naiz gaur ere. Euskal Herrikoekin hitz egiteko tartetxoa goizetan hartzen dut batzuetan, eta gaur ere horixe egin dut. Gainera, internetera sartzeko aukera dugunetan, birako egunak antolatzeko beharrezkoa dugu errepaso bat egitea. Konfirmatutako egunetako informazioa bildu, egun hutsetarako kontzertuak bilatu, emailak idatzi,… lan handia ematen du bira bat antolatzeak (zer esanik ez bi hilabeteko bira batek) eta horretantxe nabil goizean goizetik. Baina taldekideak ere berehala esnatu dira eta ohikoa den bezala, atzoko kontuan errepasatzen hasi gara, barre asko egiten dugu aurreko eguneko anekdotak eta momentuak gogoratzen.

baltimore_017

Columbia da gaurko helmuga. 350 kilometro besterik ez ditugu, beraz, presa handirik gabe aritu gara goizean. Errepidean dugun bidearen gehiengoa egin eta 100 kilometro faltan geratu gara restop batean bazkaltzen. Hemen jateko kontuan aukera asko dago. Restop ia guztietan duzu, hamburgeseria, jatetxe mexikarra, kamioilarientzako gosari jatetxeak,… eta ia denetan dute aukera begetarianoren bat. Baina denek sukaldatzeko “fritanga” estiloa hautatzen dute eta horrek pixkat nekatzen du. Dena erdi prekozinatua izate horrek jada pixkat nekatu nau. Badut gogoa etxera itzultzean gure estiloko bazkari eder bat prestatzeko. Jejeej biana tira… aguantatuko dugu (ze erremedio!!).

Kontzertua 19:00etan hasten omen zen. Guri, 20:00etako egoteko abisatu ziguten. Baina oso mutil puntualak gara eta lehenak izan gara etxera iristen. Etxekoak bertakoak baino lehenago alajaina! Jada konturatu gara hemen jendeak kontzertuetako ordutegiak nola betetzen dituen, beraz, ez gaitu bereziki arritu. Orokorrean beti joan izaten dira kontzertuetako arratsaldeak motel. Bai taldekide, baita antolatzaileak berandu agertzen dira, baina gaurkoan bereziki motel doaz. 19:00etan etxeko bi nagusiak bakarrik daude hemen. Jendea gerturatu denerako 21:00ak dira dagoeneko. Oso gazteak dira bertaratzen ari diren denak. Baita gainontzeko taldekideak ere. “umedadea!” gure taldekide batek esan duen bezala. Baina pinta ona du. Guri, bigarren jotzeko esan digute. Batzuetan, zaratarekin arazoak izaten dituztela eta guk kontzertua zihurtatu dezagun. Lehen taldea The Clash taldearen antzeko zerbait da. Kontzertu txukuna eman dute eta jendeari gustatu zaio. Salto handia izan da gero gu izatea agian. Jotzen hasi garenean, batzuek 3-4 abesti bakarrik entzun dituzte. Eta kanpoan zeuden batzuei ez zaie sartzeko gogo gehiegi geratu! Jejeje (modernoek esaten duten moduan: “ez dute gure artearen kontzeptua ulertu!!”). Ondoren beste bi taldek jo dute. Batzuek duela bi egun topatu genituen Fraifax-en, Virginian. Gustora hartu dugu berriz elkar ikustea. Besteak, surf musika egiten zuten. Nahasketa bitxia gaurkoa ere. Baina jendea gustora egon da. Gure kontzertuan ez gehiegi, baina orokorrean bai.

Pixkat tokiz kanpo egon garen sentsazioarekin geratu gara. Gogorregia gure musika gaur zegoen ikusleentzat agian. Edo agian, besterik gabe, ez zaie gustatu. Dena den, gure antzerako taldeen kamixetekin zeuden ikusle batzuk ere baziren kontzertuan, haiek gure kontzertua asko gozatu dute. Beste taldeekin sufritu dute gehiago! Jeje. Baina toki polita izan da jotzeko eta egun bikaina pasatu dugu. Bihar, Georgia, estatura goaz. Hain gustoko ditugun Baroness, Kylesa, Black tusk,… taldeen jatorrira. Horrek ere ilusioa egiten digu. Eta astelehena eta asteartea izan arren, Atlanta eta Augustako kontzertuez ongi hitz egin digute. Jotzen dugun tokiak ederrak omen dira eta giro ona izaten omen da. Goizean furgoneta tailerrera eraman behar dugu. Gurpilak ondo ajustatu beharra ditugulako, aurreko ezkerreko gurpila barrukaldetik gastatzen ari baitzaigu. Oraindik ere konpondu ez dugun pedalaren kontua ere egin beharra dugu, beraz, musika denda batetik ere pasa behar gara. Beti dago zer eginen bat biran! Eta azkenean, nahi baino denbora gutxiago! ejeje

Leave a Reply