Humilitate egunerokoa
Atlanta hell! Uztailak 11, astelehena
Hotzez. 100 gradu farenheit egiten ditu kanpoan, baina hotzez esnatu gara. Aurrez azaldu dizuedan bezala, estatu batuarrak exageratu batzuk dira aire girotuarekin. Kanpoan 100 gradu eta etxe barruan 62 gradutara jarrita zuten aire girotua. Zakuan ederki sartuta egin behar izan dut lo, eta Albixuk nordiko eta guzti egin du lo. Hau erokeria. Barrutik kanpora dagoen aldaketak ere kanpoko giroa are eta gogorragoa egiten du. Eztarria ere asko izorratzen du gau osoa aire girotuarekin lo egiteak. Dena den, barrutik kanpora izaten ditugun aldeketek, han pulmonia sortuko ligukete honez gero. Baina hemen oraindik ez dugu ezta katarro bat ere harrapatu.
Gaur Atlantan jotzen dugu. Bertakoak dira, azkenaldian hainbeste entzun ditugun Mastodon taldekoak. Badakigu txorakeria bat dela, baina ilusioa ere egiten du, edo behintzat hiri hori ezagutzeko motibazioa handitzen du. Honetaz gain, Atlanta Hawks, saskibaloiko taldea bakarrik ezagutzen dugu. Ze kultoak gu!. 350 kilometro gidatu behar ditugu gaurkoan. 340 bihurgunerik gabeak dira. Atzo esan ziguten bidea aspergarria zela, baina ez dago errepide aspergarririk guretzat! Jaja (kamionerooo tour). Furgonetaren aurreko ezkerreko gurpila, barrukaldetik oso gastatua dugu. Gurpilak ondo zuzendu gabe egotearen ondorioa da eta lehertu aurretik aldatu beharra dugu. Gaur, goiza, horretarako hartuko dugu. 4 bat tailer ezberdin pasa behar izan ditugu zerbitzu hau egiten duen tailer bat topatu arte. Estatu Batuetan, denda eta zerbitzu guztiak, frankizia handiak dira. Multinazional handiak. Beraz, bakoitzak bere zerbitzu zehatzak eskaintzen ditu: janaria bada, menu programatuak, tailerrak, zerbitzu zehatzak, … nazkagarria da. Azkenean, kostata, baina topatu dugu gurpilak zuzenduko dizkigun tailer bat. Gurpila bera ere aldatu behar digu, eta olioa aldatzeko ere aprobetxatu dugu. Multinazional bat da oraingoan ere (harritzekoa!).
Eguardiko hiruak dira hau egitea lortu dugunerako. Beste ezertarako astirik gabe bagoaz Atlanta alderuntz. Arrazoi zuen atzo errepideak bihurgunerik ez zuela esan zigun gazteak. Horizontean galtzen da errepidea. Aldatxoren bat du baina ez besterik. Bidean laku eta ibai handiak gurutzatu ditugu. Polita Georgiako estatua.
Zuzenean iritsi gara kontzertuko tokira. “Archive Gallery” izena du gaur jotzen dugun tokiak. Hirigunetik aparte dagoen almazen handi bat da. Arte, zinema, musika eta bideo estudio eta hainbat gauza ezberdinetarako erabiltzen den gunea da. Iritsi orduko hasi dira beste taldeetako kideak iristen. Bostonetik batzuk eta Atlanta bertatik besteak. Pintak ikusita berehala antzeman dugu gaurkoan metal ikutua izango dutela taldeek. Denak berdin jantzita goazela esan ohi digute, baina, guk berehala nabaritzen dugu zein estilo egiten duen bakoitzak. Kuriosoa bai!. Sekulako beroa egiten du. Haizea oso beroa da. Hezetasun handia dago eta kanpoan egotea nazkagarria da. Archive Gallery ireki eta barruan oraindik ere bero gehiago egiten duela ohartu gara. Bertara sartu, eseri eta ezer egin gabe izerdi tantetan hasi gara. Hau ezinegona. Ez dakit nola aguantatzen duten bertakoek. Beraiekin hizketan, abuztua okerragoa dela diote. Texas-en izango gara egun gutxi barru, desertuan. Bai, zer pentsatua ematen digu. Jeje.
Archive gallery sekulako tokia da. Areto ezberdinak ditu. Handia da oso eta oso txukuna. Kuadro ezberdinez josia daude paretak eta kontzertu aretoan eszenatoki handi bat dago. 5 taldek joko dugu gaurkoan. Kontzertua hasi aurretik harreman ederra egin dugu Boston-eko taldearekin. Jatorrak dira oso. Aurreiritzietan asmatu dugu. Talde gehienak metal ukitu handia dute. Denak ere oso musikari onak. Ekipo oso handiekin jotzen ari dira eta metal eta rock psikodelikoa nahaste dute. Riff indartsuak, punteo ederrak,… asko gustatzen ari zaizkigu gaurko taldeak. Aipatu digutenez, metal eszenak, sekulako gorakada izan du hiri honetan Mastodon bezalako taldeak hain ezagun egin direnetik. Egia esan, betiko rock eta psikodeliarekin nahastutako metal progresivo eta indartsu hau gustoko dugu. Gainera, punk eta erritmo azkarragoak ere nahasten dituzte tarteka eta atmosfera bikainak sortzen dituzte. Gu, azkenak izan gara jotzen. Astelehena da, ez dago jende askorik, gainera taldekide batzuk beraien kontzertua jo eta aldegiteko ohitura dute Estatu Batuetan. Gure txanda iritsi denean jendeak nola erantzungo zuenaren kezka genuen. Oso musikari onak genituen aurrean eta musika mantsoagora ohituak daudenak. Denak ere lehen doinuetatik oso gertu eta gustura agertu dira. Kontzertu oso ona izan da. Egia esan, hain kitarra jole onak, kontzertu ostean zorionak eman eta hain gustura agertzeak ilusioa egin dit (kitarra jole txarraren komplejua agian).
Kontzertua bukatu, eta izerdia lehortzeko aukerarik gabe, kontzertu antolatzaileak taberna batera eraman gaitu. Gure gustuko musika jartzen omen dute, eta gaur, astelehena izaki, karaokea omen dago. Jende asko topatu dugu bertan, giro ona eta zerbeza merkeak. Karaokean jende asko dabil eta gu ere animatu gara abestien zerrenda begiratzera. Milaka abesti dituzte aukeran: pantera, riki martin, bad religion, shakira, the doors, queen, … bat aukeratu dugunerako taberna itxi behar dutela esan digute. Atera diogu zukua astelehenari. Gaueko 3ak dira eta nekaturik gaude. Lotara goaz, antolatzailearen etxera. Guretzat beste tokiren bat topatzen saiatu den arren ez du lortu, beraz, bere etxera goaz. Txikia dela dio. Horregatik ez zigun bertara eraman nahi. Baina furgonetan lo egin dugunontzat, etxea paradisua da! Bi segundu eta denok lotan!
Augusta no gusta Uztailak 12, asteartea
Atzo “berandu” xamar oheratu ostean, gaur, goizeko hamaika t`erdietan, Melanie, lo egin dugun gelako atean genuen esnatzeko esanaz. Ondo lo egingo ez ote genuenaren beldur zen, eta gu aldiz hotelik ederrenean izango bagina bezala lo seko oraindik. Bera, lanera joan da, guk, disko dendengatik galdetu eta bagoaz ohikoa den errepasoa egitera. Gustuko dugu disko dendan bisitatzea. Gaur Criminal Records denda bisitatu dugu. Sartu orduko konturatu gara zein disko denda den. Youtube-n ikusia genuen aurrez, Mastodon eta High on Fire taldeen kontzerturen batean. Musika ekipo osoa dute bertan kontzertuak egin ahal izateko. Diska interesgarriak dituzte, baina garestitxo guretzat. Dena den, dollar batzuk xahutu eta gure diska batzuk saldu dizkiegu. Eskertzen da diska dendek kopia gutxi batzuk erostea. Banatzaile handietatik aparte gauden taldeei ere babes minimo hori ematea.
Augusta da gaurko helmuga. Atzo pasa ginen hiri honetatik. Columbia eta Atlantaren artean dago. Beraz, gaur ere, ez dugu bihurgunerik. Bideari ekin aurretik, Vegetarian Soul izeneko jatetxera goaz bazkaltzera. Melaniek gomendatu digu. Sartu orduko usain arraroa atzeman diogu. Janaria eskatzeko karta banatu orduko ohartu gara judutarrak direla. Sekta itxura du honek. Baina jada atzera egiteko berandutxo da. Gustora bazkaldu dugu, dena esan behar bada. Aurreko egunetan baino garestiago, baina janaria goxoa zegoen. Oso goxoa. Bideari ekiterako beroa jasanezina da. Abuztuan, oraindik ere bero gehiago egiten duela esan digute. Orain kaleetan inor ez badago, abuztuan ez dakit zer izango den hau. Udan, beroagatik kaleak hutsak. Neguan, hotzagatik kaleak hutsak. Hau da hau bizitza hemengoa! Baina onartu behar dugu Atlanta asko gustatu zaigula. Mugimendu kultural handia ikusten da kaleetan eta azkenaldian pasatako hiri gehienak baina bizitza gehiago du. Bertako aireportua ere munduko mugituenetakoa omen da. Denbora gehiagorekin etortzeko gogoz, baina Augustara joan beharra dugu.
Momentu txiki batean egin digun ekaitzak haize fresko pixkat ekarri digun arren, beroa gainetik kendu ezinik gabiltza. Asko nekatzen du egun osoa izerditan egoteak. Augustara iritsi eta zuzenean jotzen dugun tabernara heldu gara. Soul Bar da taberna. Itxura zaharreko taberna erraldoia da. Gustoko ditugun pelikulen posterrekin apainduta daude alde bateko paretak, besteak, James Brown eta antzerako artisten posterrez beteta daude. Pinta bikaina du tabernak. Ahaztu zaigu esatea, baina, James Brown handia hiri honetakoa zen. Handia zela uste nuen orain arte, bere emaztea jipoitzen zuela kontatu didaten arte. Hori esan didatenean, “musikari handia baina pertsona bezala ustela” komentarioa idazteko asmoa nuen. Baina, ze ostia! Musikari handia izateko lehen urratsa pertsona ona izatea da. Beraz, mito bat erori berri zait, James Brown, The godfather of soul.
(Arratsaldea aspergarria izan da. Ez dago ezer egiteko hiri honetan, eta aspermen horretan hasi naiz gaurko egunerokoa idazten. Horregatik titulua. Baina orain, gaueko 2:13 direnean, iluntzean gertatutakoa kontatuko dut)
Arratsalde motelaren ostean, Amy, kontzertuko antolatzaileak, afaritarako pizza bat ekarri digu. Arratsaldean zehar, tabernan, edariak doan genituen eta hori eskertzeko detailea da taldeei edaten eta afaltzen emateko ere ohiturarik ez duten inguru hauetan. Jendea oso motel hasi da tabernara sartzen. Pixkanaka berotu da giroa. Oso motel. Tabernako jabea ere etorri da eta sekulako arrera egin digu. Jatorra Jason. Lehen taldeak soinu frogak amaitu eta minutu gutxira hasi dira jotzen. Talde interesgarria Scum 1040. Kontzertu bikaina eman dute eta giroa ere berotu dute. Gaur soinu ona dugu eta kontzertu ona emateko itxura dugu. Jendea taulara gerturatu da lehen abestitik, lehen gitarra kolpeekin jendea zoratu eta sekulako dantza hasi da. Batzuk lurretik, besteak airetik. Aire girotuarekin jotzeak, abestiak jarraiago jotzeko aukera eman digu. Oso kontzertu ona eman dugu eta jendeak sekulako jarrera erakutsi du. Irribarre handi batekin bukatu dugu kontzertua. Sekulakoa izan da. Kontzertu ostean jendea pozez txoratzen gerturatu zaigu. Eta detaile kurioso asko utzi dizkigute. Diska, kamixeta eta kasetak erosi dizkigutenek diru gehiago eman digute, gasolinarentzat. Lehenua taldekoak, tabernariak, kontzertua jotzeagatik emandako dirua guri eman digute gasolinarentzat. Ikusle askok, Amy, antolatzaileari, dirua eman diote guri emateko. Arriturik geratu gara jendeak gurekin izan duen jarrerarekin. Egia da, orain arte ere, orokorrean denek izan dutela oso jarrera positiboa gurekin. Biran izatea asko errespetatzen dute eta ahal duten moduan laguntzen saiatu izan dira. Baina, gaurkoa sekulakoa izan da. Augustara ia talderik iristen ez dela eta asko eskertu dute guk bertan jotzea. Gu ere oso eskertuta atera gara Soul Bar tabernatik. Antolatzaile eta ikusle askorekin elkartu eta Amy-ren etxera joan gara beraiek “after party” deitzen diotenera. Zerbeza batzuk erosi dituzte bidean eta etxean 13 bat lagun elkartu gara. Gau amaiera bikaina egun berezi honetarako. Kontzertu zoragarria eta lagun bikaina Augustakoak.
Azken finean, AUGUSTA ME GUSTA!