Humilitate egunerokoa
Surf+Punk+HC+Balck Metal = VII.Gerrate Mundiala Uztailak 16, Larunbata
Pure Hell taldearen bideoak ikusten lokartu nintzen atzo. Howie-k bere etxera erman gintuen. Atzo komentatu nizuen talde mitiko horretako kitarjolea. The Pallbearers taldeko kitarjolea. Bertan, musika eta bideoak jartzen hasi zen. Ez da lehen aldia, biran zehar, etxera eraman gaituzten lagun askok jarri digute musika ordu txikietan. Gu lotarako ere ia indarrik ez dugunean. Ni, bigarren abestirako lokartu nintzen. Gaur goizean, bere lagunak etorri direnena, esnatu naiz, ate joka aritu dira, beste inor altxa ez denez, nik ireki diet atea. Gainean neke asko genuen akumulatua eta tartean esnatu garen arren, 15:00ak ziren esnatzerako. Gaur, kontzerturik ez genuenez, Houston-era joateko asmoa genuen. Baina atzo gauean, Howie-k esan zigun Creepy Fest-en pare bat talde erori zirela larunbaterako eta jo ahalko genuela. Zoragarri. Gaur, Siberia eta Hi Ho tabernetan. Bata bestearengatik 60 metrora daude. Siberian da lehen kontzertua, ondoren jarraian Hi Ho tabernan eta horrela txandaka 11 talde pasa arte. Gu, 11enak izango gara.
Furgonetak egiten digun zarata arraro bat dela eta mekaniko baten bila jardun gara arratsaldean. Topatu dugun lehenak, motorra hozteko erabiltzen den likidoa galtzen dugula aipatu digu. Hori dela eta egiten digu zarata eta horregatik ez digu oso ondo heltzen korreak momentu batzuetan. Arazo handiegia ez dela esan digu, egun batzuk jarraitu ahal dugu, baina ahal dugunean begiratu eta nondik galtzen dugun begiratzea gomendatu digu. Bihar Houston-en jotzen dugu eta Astelehenean San Antonion. Beraz, kilometro gutxi ditugunez, Astelehenean eraman beharko dugu furgoneta tailerrera.
Lehen kontzertua bukatuta iritsi gara Siberia aretora. Jasotzen ari diren bitartean hurrengo kontzertua hasi da Hi Ho tabernan. Giroa bero dago. Baina The Sluts taldea hasi denean hasi da erotzen festa. Pogo bortitza sortu da ikusleen artean. Egun hauetan, New Orleans-en ezagutu ditugun lagun eta musikari guztiak daude hemen. Denak etorri dira gaurko zitara. Aspaldian hemen bizi garela dirudi. Jende pila ezagutzen dugu jada hemen. Atzo jo zuten taldekide eta ikusleen artean lagun asko egin ditugu. Jendea pixkanaka enteratzen hasi da gaur bertan jotzen dugula eta gogoz daude denak. Aretotik aretora kontzertuak aurreraka doazela eromena deskontrolatzen ari da. Punk Rock taldeak hasi dira eta surf musika egiten duen The Bills taldearekin ere eromenak jarraitu du. The Sluts taldeko kide berberak jotzen duten beste taldearekin ere eromena goraka doa. Black Metal taldearekin hasi da gerra. Pogo oso bortitza egoteaz gain zerbeza, botila, zakarrontzi, mikroen hanka,… milaka elementu dabiltza aretoan zehar egan. Gu, flipatzen ari gara. Jende asko eta sekulako giroa dago. Gure gusturako zertxobait biolentoegia den arren. Lehen zaurituak ere ari dira aretotik ateratzen. Txorkatila txikitu duen gazte bat, eskuan zauria egin duen beste bat, buruan kolpea izotzarekin lasaitu behar duen beste bat,… Ez dugu uste gure kontzerturako indarrik geratuko zaienik inori, baina ikusiko dugu.
Gaua aurreraka doa dantzan dabiltzan ikusleak kontzertuz kontzertu jarraitzen duten arren, ikuslearen zati batek etxerako bidea hartua du iada. 10 talde igaro dira orain arte eta inork ez du hemen ohikoa den errepertorio motza jo. Denek nahi dute ahalik eta gehien jo gaurkoan. Gure txanda ere iritsi da. Bada inor bizirik oraindik. Kuriosoa den arren, lehen aipatutako zaurituak lehen filan jarraitzen dute gerra ematen. Bata, gau oso dabil hemen. Atzo Checkpoint-en izan zen gu ikusten. Zoragarria iruditu zitzaiola eta DRI eta antzerako taldeekin konparatzen gaitu. Gau oso dabil, Albixu, gure baterijoleari piropoka (bueno, niri botatzen dizkit piropoak. Albixu naizelakoan, bateria nik bezala inork ez duela jotzen esaten dit uneoro. Egunero galdetzen digute, hiruzpalau aldiz, ea albixu eta biok anaiak garen. Biok , bizar luzea daramagu, baina anaiak izaterainoko antzik ez dugula uste dugun arren). Kontzertu aurretik, soinu teknikariari eta soinua guk jarri ahal genuen galdetu diogu. Nahiko modu petralean eman digu ezezkoa. Honek pixkat amorrarazi gaituen arren, kontzertuarekin hasi gara. Jendea gerturatu da, aurreko tabernako azken kontzertuaren ostean, jaialdiko azken kontzertua ikustera. Egunotan egindako lagun asko ditugu aurrean gozatzeko prest. Lehen abestitik dena (edo geratzen zaien dena behintzat) ematen ari dira. Gure lau abestiren ostean, orain arte, inoiz jo ez dugun Poison Idea-ren “Plastic bomb” abestia jotzea erabaki dugu. Pogoan dabiltzanak merezi dute. Sekulako festa sortu da bertsioarekin. Eskola zaharreko asko daude eta gustura hartu dute, mikrora ere gerturatu dira koroak egitera. Eta giro bikain honekin amaitu da kontzertua. Tabernaria etorri da gehiago jo ezin dugula esanaz. Hasieran, beste tabernariak, bi abesti gehiago jo ahal genituela esan digu, baina lehen black metal taldean abesten jardun denak (kamareroa baita), bertan behera usteko esan digu. Guk kasu egin diogu, jendeak jotzen jarraitzeko oihukatzen duen arren. Asko eskertzen da jendearen babesa, tabernariei kasurik ez egiteko esan eta jarraitzeko oihukatzen. Baina, berta behera utzi behar izan dugu amorruz. Amorru handiz, zeren, gu jotzeko prest geundenean, soinu teknikaria norbaitekin hizketan zegoelako, eta barrako musika kentzen ez zutelako, 5-10 minutu egon behar izan gara zain. Horrelako presa izanda, espabilatuago jardun behar zutela iruditzen zaigu. Talde guztiei ia 45 minutu jotzen utzi eta gero, guri horrela moztea ere ez zaigu oso justua iruditzen. Gutxienez, despeditzeko bat jotzen ustea ere ez dut uste gehiegi eskatzea zenik. Baina tira, horrela beharko du gaurkoan. Jendeak sekulako babesa ematen jarraitu digu dena jasotzen ari ginen bitartean. Hau, barruraino iritsi zaigu.
Dena jasotzean, Howie-k hotel batera eraman nahi gaitu. Bere etxean tokirik ez dagoela eta hotel bateko gela bat berak ordainduko digula. Guk , mila aldiz errepikatu diogu, hori ezin dugula onartu. Nahiago dugula lurrean lo egin. Eta ordaintzekotan guk ordainduko dugula. Baina gogor egoskortu da. Azkenean, berak nahi duena egiten utzi behar izan diogu. Hotelera eraman gaitu eta harrerakoarekin izandako arazo bat medio, azkenean, bere neskaren etxera eraman gaitu. Zoragarria Howie-k gurekin izan duen jarrera. Urte asko daramatza musika munduan, badaki zer den biran egotea, eta hau jakinda, ahalik eta erosoen egotea nahi zuen. Lagun handia egin dugu. Bi egunetan, zuen dena eman digu. Europara etortzeko gogoa duela ere esan digu. “lasai Howie! Hori gure kontu!! Hori egiña zagok!!!”
Wellcome to Texas Uztailak 17, Igandea
Berandu oheratu ginen arren goiz jaiki gara gaurkoan. 560 kilometro ditugu Houston-era. Ilusio berezia egiten dit Texas-en sartzeak. Hainbeste historio entzun izan ditugu estatu honen inguruan bizi osoan zehar… Muga egiten duten estatu guztiek dute xarma berezia. Historia bereziak. Gaur Houston-era goaz. Bertan, PLF taldean joten zuen (duela bi aste utzi baitu) Frank “Panchito”-k antolatzen digu kontzertua. Frank, 2006 urtean ezagutu genuen Leipzig-en. Zoro etxe okupatuan eman genuen kontzertua Erantzun taldearekin. Afganistan yeyes taldearekin batera egin genuen europar bira hartan, Fres, Erantzun taldeko abeslari gisa etorri zen gainera. Beranduago, 2008an, Donostiako Etengabeko Zarata jaialdian jo zuten PLF-ko lagunek eta han ere izan ginen beraiekin.
Bidea arin egin dugu, Frank-en etxera iristeko 800 metro falta direla furgoneta geratu zaigun arte. Hor, pixkat larritu gara. Arrankatzeko saiakera batzuk egin ostean, larridura kakalarri bilakatu da. Furgonetak zerbait serioa duela dirudi. Baina bat-batean, arrankatzea lortu eta Frank-en etxera iristea lortu dugu. Bihar bertan tailerrera eraman beharra dugu. Baina, Zorionekoak gu! Frank, mekanikoa da. Telebistan, hamaika aldiz, ikusi ditugun 600 metroko karreretako kotxeak egiten lan egiten du. Beraz, arazoa komentatu eta bihar bertan bere lantokira eramango digula esan digu. Esan diogunagatik, ez larritzeko aipatu digu. Guk uste genuenagatik izan dela dena, ez izozteko likidoaren isuriagatik. Beraz, berak egindako pizzak afaldu eta kontzertura goaz.
Areto txukuna da gaurkoan jo beharrekoa. Kanpoan, barbakoa bat egiten ari da mexikar jatorriko familia bat. Mexikar jatorriko jende ikaragarri bizi da hemen inguruan. Jatekoa eskaini digute baina gaur janez leporaino gaude (baten batek oilasko pixkat jateko aprobetxatu duen arren). Jendea ere gerturatzen ari da, lehen bi taldeak grindcore taldeak dira biak ere. Nabaria da PLF-k eskola sortu duela hemen. Ondoren Frank-en talde batek jo behar zuen. Baina, duela minutu gutxi, baxulariarekin eztabaidaren bat izan dute eta baxulariak alde egin du. Gure txanda orduan! Berehala prestatu dugu dena. Jada, egunero montatu eta desmontatzen, tita egiten dugu lan hau. Jotzen hasi eta jendeari gerturatzeko eskatu diogu. Jendeak kasu egin digu eta gertu gertu jarri dira. Soinu aldetik ere gustura gabiltza gaurkoan eta zuzeneko indartsua eman dugu. Egunero aldatzen den kantuen zerrenda dotore joan da gaur ere. Municipal Waste-ren bertsioarekin bukatu dugu, gehienetan bezala, eta ikusle askok abestu dute abestia. Abestia handia. Jende asko gerturatu da cd, kasette eta kamixetak erostera. Biran dauden taldeei babesteko ohitura handia dute. Eta egia esan, asko eskertzen da laguntza hau. Saltzen dugun gauza bakoitza, bidean jarraitzeko laguntza handia baita. Igandea da, eta jendea goiz etxeratu da. Frank-ekin zerbeza bat gehiago hartu eta bere etxera goaz. Etxerako eraman dugu barbakoan sobratu den arroz guztia. Badugu biharko bazkaria (baita gosari eta afaria ere!)
Etxean, biretako anekdotak kontatzen afaldu dugu (bigarren aldiz!). Bihar, Frank-en tailerrera joateko plana egin eta bagoaz lotara. Furgoneta konpondu eta San Antonion dugu kontzertua. Gero, kontzertua eta gero, lo egin gabe bideari ekin beharko diogu. Etzi jotzen dugun Alburquerque hirira 1300 kilometroko bidea dugulako. Desertuan barrena!
21 uztaila, 2011 at 10:51 am
Humilitate @ Creepy Fest 07/15/11 New Orleans
http://www.youtube.com/watch?v=g08whoJhlfg&feature=related