Humilitate egunerokoa

Herri guztietan daude xelebrekeriak Uztailak 29, ostirala

Zoragarria da esnatu eta lo egiten ari zaren etxekoak janaria prestatzen ari zaizkizula ikustea. Gaur, horrelaxe jaiki gara. Sukaldean zarata zegoela eta, begiratzera joan, eta Rachel, Chingadoko abeslaria, guretzat janaria prestatzen ari da (gora zu!). Atzo afaria eta kontzertu bikaina antolatu zigun, etxean kontu kontari egon zen gurekin gauean eta gaur goizean, gu esnatzerako, guretzat lanean ari da berriz. Asko eskertzen dira horrelako detaileak. Patatak, tofu eta piperrak jan eta bideari ekitera. 600 kilometro ditugu Eugenera bitartean. Gaur Oregon estatura sartuko gara. Estatu Batuetako mendebaldeko kostan ezagutuko dugun hirugarren estatua.

Kontu kontari, eta paisaia oso ederrekin, berehala iritsi gara Eugenera. Hirigune garbirik gabe, zabalera handia hartzen duen hiria da Eugene. Zuzenean joan gara kontzertua dugun helbidera. Gaurkoan, “bassement show” horietakoa dugu. Etxean bertan egiten diren kontzertuak.

20110731_belfair_i_1167

Etxeko atarian topatu ditugu etxeko nagusiak. Ataritik bertatik ikusten da sarreran dagoen salatxoan joko dugu. Ekipoa ere prest dago eta bertatik ikusten da sukaldea bera ere. Janaria egiten ari dira guretzat (nola maite dugun mendebaldeko kosta! Jajaj). Kontzertuak 20etan hasi behar omen zuen baina zortzietan, gutaz gain, beste pertsona bat bakarrik dago (eta bi antolatzaileak). Beraiek ez dute kezka aurpegirik, ohikoa izango da. Bitartean kaletik pasatzen ari den jendeari begira gabiltza. Pelikula bat dirudi honek. Zein baino zein pertsonaia xelebreagoak pasatzen ari dira uneoro. Batzuk tamborra jotzen, beste batzuk aurpegia margotuta, beste bat etxeak asko gustatzen zaizkiola eta etxeetara sartzen,… eta denek denekin hitzegiten dute. Hippie ikutuko jende asko bizi da hemen, edonor edonorekin hizketan geratzen da, elkar ezagutu ez arren, oso auzo berezia da gero! Baina tira, behintzat dena umore onean eta harreman onekin den bitartean…. Gaitzerdi.

Ordua ederki pasata hasi da etxea jendez betetzen. Pixkanaka jendea gerturatu da eta denek kasu egin digute. Hain urrutitik etortzeagatik eskertuz. Egia esan, oso jende xelebrea den arren, oso jatorrak dira (baina oso oso xelebreak!). Bi talde arituko gara gaurkoan. Lehen taldea jotzen ari den bitartean jende gehiena kanpoan geratu da. Gure txanda heldu denean, jende gehixeago sartu den arren, asko kanpoan geratu dira. Moketadun salatxoan jo dugu eta kontzertu txukuna eman dugu. Ez da historiara pasatzen den kontzertu horietakoa izango, baina gustora aritu gara. Etxeko lagunekin eta etxeko patioa habitatzen duten xelebreekin kontu kontari eman ditugu ondorengo orduak. Ni, leher eginda nago, eta jo dugun toki bereko moketan esterila bota eta lotara noa.

Ustekabean Uztailak 30, Larunbata

Biran kontzerturik gabeko egunak izateak sekulako amorrua ematen du. Eta zer esanik ez egun hori larunbata bada. Gaur, horixe gertatzen zaigu. Larunbata da. Eta ustez, lehenetakoa lotu genuen kontzertuak huts egin digu. Bueno, kontzertuak ez digu huts egin, kontaktuak huts egin digu. Euskal Herrian kontzertua antolatu ostean, Portland-go bati birarena komentatu eta laguntza eskatu genion. Arazorik gabe, bera arduratuko zela esan zigun. Internetez kontaktua egin eta baiezkoa erantzun zigun. Baina, larunbata izan ahal bazen hobe izango zela. Birako ibilbidea aldatu eta larunbatean koinziditu arazi genuen Portland. Hilabete batzuen ostean, berriz idatzi eta kontzertua lotu gabe zuela baina bera arduratuko zela esan zigun. Bira hasi aurretik, erantzunik ez genuen, biran zehar, begiratzen ari zela zioen. Eta hemen gaude, larunbata, berririk gabe eta kontzerturik gabe! Hau da hau amorrua! Baina tira, internet eta telefonoz, ezagutu ditugun kontaktu batzuei deika hasi eta berehala lortu dugu Belfair herrian kontzertua. Bremerton pyrate punx-ek antolatzen duten festi batean jo ahal dugula esan digute.

3 ordutan iritsi gara bertara! Mad max pelikula gogoratzen digun desguaze handi bat da kontzertuko lekua. Bertan, barbakoa , eszenatokia eta txiringito batzuk jarri dituzte perrito kaliente eta zerbeza saltzen. Picnic punx deitzen diote. Arratsaldez goiz hasi eta gaueko ordu txikiak arte talde pila batek jotzen dute honelakoetan. Kontzerturik ez genuen larunbat zaila zirudien eta azkenean sekulako larunbat zoroa atera da. Kontzertu bikaina, jende asko, giro zoragarria, jendea txoratzen, beste batzuk itxaferoak botatzen, haur batzuk puskatutako kotxe zaharrak txikitzen, beste batzuk pistola eta eskopetekin tiroak botatzen,… sinestesina. Guri ere utzi digute tiro egiten. Lehen aldiz probatu dugu zer den tiro egitea. Telebista zahar bati bota diogu tiro. Beraientzat jolasa denak, guri sekulako errespetua ematen digu. Eta zorionez ez zaigu gustatu! Kontzertura itzuli gara, han dagoelako gure txokoa. Ustekabean sekulako festan murgilduta eta lotarako tokiak eta dena eskaini dizkigute. Ustekabean, eta zein ederki!

Leave a Reply