Humilitate egunerokoa
Etxetik irailak 19, astelehena
Gaur, ez gara goizeko ordu txikietan jaiki, gune turistikoren bat ikusteko helburuarekin. Gaur, ez dugu jaiki eta ordenagailua begiratu, tokatzen den kontzertuko ordutegiak begiratzeko, ez eta helmugatzat dugun hiriko disko denden helbiderik topatzeko ere. Gaur, ez dugu emailik idatzi behar izan, oraindik ere libre geratzen zaizkigun egunetan kontzertuak topatzen saiatzeko. Gaur, ez dugu inorekin agurtzerakoan taldeko argazki eder bat atera behar izan. Ez dugu furgoneta kargatu eta gps-a piztu beharrik izan. Gaur iada ez gaude biran. Iada ez gaude Estatu Batuetan. Etxean iada. Etxetik. Lasaitasunetik. Bira amaitu eta egun batzuk ematen duten distantziatik idatziko dut eguneroko honen azken kapitulua.
Baten batek pentsatuko zuen, “hauek iritsi ote dira etxera edo NY-n geratu dira betiko?” (hau, suposatuz, egunerokoa inork irakurtzen duela eta gure falta edo somatu duenen bat dagoela). Bai, iritsi ginen etxera. Duela aste pare bat. Sanu iritsi ere. Hurakana eta hainbat kontu zirela aste bat bidaia atzeratu arren, inongo arazorik gabe egin genuen etxerako buelta. Normalean, errezagoa izaten omen da etxerako buelta. Bidea ezagutzen duzulako iada agian. Guri ere erraz egin zitzaigun etxerako buelta. New York-eko JFK aireportuan genuen etxera ekarri behar zigun hegazkinarekin zita. Milaka trasto genituela eta beldur ginen, bulto bakoitza ordaintzea edo egingo zigutenarena. Baina goraino bete genuen taxi-a agurtu eta maletak fakturatzera joatean jarri ziguten arazo bakarra gainean bi gauza soilik eraman ahal genituela da. Beraz, pena handiz, gitarra bat maletekin fakturatu behar izan nuen (gaizki tratatuko zutela jakinda… eta hegazkineko presioak mastilari kalterik egingo ez zion esperantzan). Ordu askoko bidaia izan zen. Gauez egitea ederra da lokartzea lortzen baduzu, gainontzean, oso luze egin daiteke bidaia. Gainera, ordu aldaketarekin goizaldera iristsi ginen Suitzara, beraz, nekagarria izan zen lo hartzea lortu etzutenentzat. Handik, bartzelonara, eta bartzelonan furgoneta hartu eta etxera. Hainbeste ordu bidaiatzen egon ostean, Bartzelonatik etxerako furgonetako bidaia oso gogorra egingo zitzaigula uste genuen arren, tita egin genuen bidea. Iada buruz ezagutzen dugu ibilbide hau eta bi hilabeteetan hainbeste gidatu ostean… zer dira ba 600 km gehiago.
Nire lagun batek dio, bidaia guztien gauzarik ederrena, etxera itzultzea dela. Etxera, ingurukoena, norbere txokora. Egia esan behar bada, ez dakit bidaiko gauzarik onena izan zen ala ez, (ez gauza guztiak konparatzearen zaletua) baina onartu behar da ederra izan zela etxera itzulera hau. Hainbeste denboran oroitu garen ingurukoengana itzuli eta egindako harrera goxoa zoragarria izan zen. Eta eskertzekoa gure itzulera hainbeste goxatu zuten guztien jarrera. Aupa zuek!!
Beraz, epilogoa idaztea falta zen. Azken kapitulua. Berez, azkena izan nahi zuen kapituluak ez zuen plazer hura izan, eta orain honi tokatu zaio plazerra (edo zigorra agian?). Egun batzuetako distantzia hartzea erabaki nuen honetarako. Distantziak, gauzak, beste modu batera ikusi arazten dizkigulako. Ez errealago, ez eta irrealago, ezberdin. Eta agur hau ere horrelaxe idatzi nahi nuen, distantziatik. Biran zehar, egunerokoa, gauez eta oso nekatuta nengoen momentutan idatzi behar izan dut. Begiak irekita mantentzeko lanak nituen unetan askotan. Ohera joateko presak behartuta gehienetan. Egindako lanarekin oso gustura sentitzen naiz. Beste bira askotan saiatu izan gara egunerokoa idazten eta inoiz ez dugu bira amaiera arte bukatzea lortu. Birak erdizka ditugu orain arteko egunerokoetan. Honetan aldiz, azken kapitulura iristea lortu dugu eta horrek satisfazio handia sortzen dit. Idatzitakoa hobea izan zitekeenaren sentsazioa ere badut. Seguraski, denbora gehiagoz, patxada gehiagoz eta hain nekatua ez nintzen momentuetan gusturago idatziko nuke. Baina, bizitzan, ezin dira gauzak beti nahi diren bezala egin. Egoeretara moldatu beharra dago eta horrelaxe eskatzen zuen momentuak. Bizitakoa oraindik ere irentsi gabe eta ia begiak irekita mantendu ezinik idatzi beharra zegoen, egunerokotasuna mantendu ahal izateko. Eta hori behintzat lortu dugu (aupa gu!! Ze ostia!! Jeje)
Bira zoragarri baten azken kapitulua dugu. Sekulako momentuak bizi izan ditugun biraren azken lerroak. Mila abentura eta anekdota geratu dira bidean, beste mila, gure ahotatik entzun ahalko dituzue, barra baten izkinan kontzertu baten osteko gau luzeetan. Mila abentura bizi osorako gurekin geratuko direnak. Bizi osorako iraungo diguten ikaspenak eta bizi osoan ahaztu ezingo ditugun lagunak. Inoiz, espero dut, berriz bidean topatuko ditugun lagunak. Gure etxeko ateak ireki eta janari goxoa prestatuko diegun lagunak. Eta guzti honekin batera, nola ez, oraindik ere gehiago elkartu garen familiatxoa. Hamaika barre, negar, besarkada, eztabaida, haserre, urduritasun, kezka eta mila momentu on elkarbanatu ditugun familiatxoa. Bira honetan, espero genuen bezala, une oso onak eta une zailak nahastu dira. Eta distantziatik begira irribarre harro bat ateratzen zait gutaz. Momenturik zailenei nola aurre egin diegunaz harrotasuna sentitzen dut. Gauzak hitz eginez nola konpondu ditugunaren harrotasuna. Eta honek betirako konplizitatea ekartzen digu bostoi. Betirako gordeko dugu hau eta betirako lotuko gaitu honek. Geure buruaz harro egotea ere gauza handia delako askotan. Izen asko komentatu izan ditut bi hilabete eta erdi honetan. Eta azken lerroak, nola ez, bidai luze bezain eder honetan ondoan izan diren hauei eskaini nahiko nizkieke. Azken kapitulua izango zela sinetsia zuen kapitulu honi ez diogulako plazer hori emango. Bidai hau hemen bukatzen da… eta orain hementxe gaude, bidai guztiak amaitzen diren hasiera honetan. Beste bidai bat hasteko prest, beste eguneroko bat hasteko prest. Bihotz bihotzez, gaurkoa zuentzat doa: Fres, Murray, Arrona eta Albixu! Aupa zuek.
Hurrengo kapitulua (zuen laguntzarekin) Orion idatziko dugu. Larunbat honetan, gazte festetan, goizeko 3ak aldera, gaztetxean, erreka ondoan, izerditan berriz ere. Eskerrik asko hor egon zaren denoi (enteratu naiz eta batzuk izan zaretela) eta hurrengo kapituluan elkar ikusiko gara. Hurrengo helmuga: ORIO.