Salaketa faltsuen inpunitateari STOP!!
Gaurkoan berri tamalgarri batekin gatoz. Zarauzko bi lagunek Audientzia Nazionaletik pasa beharko dute Uztailaren 14an gezurrezko akusazio batzuen ondorioz.
Gure aldetik, babes osoa eman nahi diegu bi lagun hauei eta beraien alde egingo diren ekintzetara gonbidatu nahi zaituztegu. Hemen behean, bidali diguten testua jartzen dizuegu.
2009. urteko irailaren 26an, Zarauzko Musika Plazan baimendua zegoen ekitaldi bat burutu zen. Ekitaldi publiko hau, urtero bezala, Gudari Eguna dela eta ospatu zen. Ondoren, dantzariek eramandako ikurrinaren atzetik parte hartzaileak gudarien monolitora joanez. Lore eskaintza egin eta bukatutzat eman zen istilurik gabe eguna.
Bost hilabete beranduago ordea, bi zarauztarrek jasotako salaketak bestelako bertsioa eskaintzen zuen. Herritar anonimo batek zioenez, plazatik monolitora bidean talde batek etengabe lelo konkretu batzuk oihukatu omen zituen: “gora ETA” eta “euskadi ta askatasuna” eta oihu horiek bi zarauztar hauen ahoetatik irteten omen ziren.
Ertzain baten idatziak beste bertsio bat azaltzen zuen berriz. Ez omen zituen lelo hauek etengabe entzun. Agian oihu bakarren bat, eta berak ez zuela inor identifikatu.
Bi zarauztarrek Azpeitian deklaratu behar izan zuten guzti hau ukatuz. Egun horretan ez zeuden taldetxo berdinean. Ez zuten deskribatzen diren moduko oihurik bota.
Bazirudien guztia ezerezean geldituko zela, herritar anonimo honen salaketan ez baitzegoen froga grafikorik, eta dena berak ikusitakora soilik mugatzen zelako.
Audientzia Nazionalaz ari garenean ordea, logikak ez du bere bidea egiten. Zoritxarrez Euskal Herrian ohituak gaude auzitegi honen funtzionamenduarekin. Oraingo honetan ere ez gaitu sorpresaz hartu epailearen erabakiak. Kasua fiskalari igorri eta epaiketa izango da uztailaren 14an Madrilen, “enaltecimiento del terrorismo”gatik izango dira epaituak. Eskaera fiskala berriz, ez da edonolakoa:
Urte eta erdiko kartzela zigorra
Bost urtez Zarauztik kanpo bizi behar
Hamar urtez inhabilitazioa erakunde publikoetan lan egiteko
Bozkatzeko debekua
Berriz ere, herri honetan batzuk duten obsesioa agerian gelditu da. Hamaika dira ezkerreko eta abertzale izateagatik honen moduko salaketak jaso dituzten herritarrak. Hamaika dira epaitegietan deklaratzera joan behar izan dutenak.
Oraingo honetan ere ez da kasualitatea bi zarauztar hauek izatea epaituak. “Testigo protegido” izendatu duten herritarrak bazekien nor salatu. Biek dute 9 hilabeteko zigor bat suspentsioan Zarauzko udaletxean egindako desobedientzia ekintza batengatik. Honela, oraingo eskaera fiskala beteko balitz kartzelara joango lirateke.
Harrigarria da herritar baten hitza nahikoa izatea bi zarauztar kartzelaratzeko. Harrigarria ere, salatariak frogarik aurkeztu behar ez izatea eta salatuek berriz modu guztietako frogak azaldu beharra bere errugabetasuna adierazteko.
Guzti honegatik, behean izenpetzen dugunok zera adierazten dugu:
Ez gaude ados bi herrikide hauek jasotzen ari diren tratuarekin eta guzti honek ekar ditzakeen ondorioekin
Oinarri sendorik gabe pertsona batek inpunitate osoz edonor salatu ahal izatea eta honen ondorioz berau kartzelan sartua izateko arriskuan aurkitzea salatzen dugu.
Honelako kasuen aurrean herritar guztiak mobilizatu eta isiltasuna haustera animatu nahi ditugu.
Horretarako, uztailaren 12an arratsaldeko 8etan udaletxe paretik hasiko den manifestaldian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Manifestazioaren leloa “Salaketa faltsuen inpunitateari STOP“ izango da.
Honelako salaketa faltsuak errepikatu ez daitezen, guztion bultzada beharrezkoa da.