Humilitate egunerokoa
Riders On The Storm Uztailak 20, Asteazkena
600 Kilometro genituelakoan esnatu, baina, 750 kilometro ditugu egiteko gaurkoan Tucson-era. Lo pixkat egin ahal izan dugu eta internet begiratu ostean patxadaz atera gara. 4. Kiometroa egitera iritsi gabe, furgonetak, antikongelante likido usaina botatzen duela ohartu naiz. Pixkat aurrerago, korreak ondo heltzen ez duela ohartu eta gelditu egin gara. Gelditu eta gure motorretik ke zuria ateratzen dela ikusi dugu. Kakalarri aurpegia jarri zaigu denoi. Mekanikaz ideiarik ez dugu baina larria dirudi. Frank, gure mekaniko partikularrari deitu, eta tailer batera gerturatu gara. Jator asko hartu gaituzte mexikar jatorriko mekanikoek. Zorionez, ura garraiatzen duen tubo bat solte dago. Hori dela eta likido dena galdu eta radioadorea berotu da. Konponketa erraza zorionez. Denbora pixkat galdu dugu konponketekin baina dena prest bideari ekiteko.
Gaur, Tucsonera bidean, desertuko zatirik gogorrena gurutzatu behar dugu. Gogotsu gaude. Orain artekoa ez baitzaigu oso gogorra iruditu. Gaurkoan ordea, desertuak, bere aurpegirik gogorrena erakutsiko digu. Gogorrena eta ederrena. Bi ekaitz ekiditea lortu ondoren, beste bi ekaitz bete betean harrapatu ditugu. Euri jasa ikaragarria aurrena, hondar erauntsia ondoren, eta amaitzeko, ekaitz elektrikoa. Sekulakoa izan da. Gogorra bezain ederra. Gainera, bukatzeko, ekaitzen ostean geratzen den kolore indartsua, eguzkiaren azken izpi naranjekin nahastu eta inoiz ikusi dugun ilunsentirik ederrenetakoa oparitu digu desertuak.
Tucsonen Alex eta bere semea genituen zain. Biak elkarrekin talde bat duten arren, gaur Alex-en beste taldeak joko du gurekin. Harrera bikaina egin digu bikoteak. Semeak 12 urte inguru izango ditu. Afaltzera, janari begetarianoa dagoen jatetxe batera eraman gaituzte. Bertan, internetera sartu eta Gran Canyon non dagoen begira hasi gara. Badakigu egunotan gertu gabiltzala eta ikustera joan nahi dugu. Kilometroak ikusi ostean, biharko eguna da gertuen izango garena, beraz, gaur 750 kilometro egin ostean, kontzertua jo eta zuzenean atera beharko gara. 1000 kilometro ditugulako Las Vegas-era Gran Canyonetik pasata. Beraz, Las Vegas-en 19:00etarako egoteko, eta Gran Canyon ikusi ahal izateko aukera bakarra dugu. Leher eginda gauden arren horixe da erabakia. Nik furgonetan siesta txikia egin dut gure kontzertu aurretik. Beste bi taldeak jotzen ari ziren bitartean. Gure kontzertua ederra izan da. Baina gaur ere jo eta berehala itxi dute taberna. Beraz, furgonetan sartu eta bagoaz berriz errepidera. Egun osoa furgonetan daramagunan sentsazioarekin. Musika klasikoa jarri dut bideko banda sonora gisa. Besteak , berehala lokartu dira. 4 ordu oso gustura gidatu ditut. Eguna argitu den arte. 100 kilometro bakarrik falta zaizkigu Gran Canyon-era iristeko!
Gran Canyon de Arizona + Las Vegas Uztailak 21, Osteguna
Bidai luzea eta gogorra zirudiena uste baino errazago egin dugu. Goizeko 8etarako Gran Canyonen ginen. Egia esan behar bada, esfortzuak merezi izan du. Zoragarria da hau. Bizi osoan zehar Gran Canyon del Colorado bezala aipatu digutena, Gran Canyon de Arizona da. Arizonan bertan baitago. Flipatzen jardun gara naturaren edertasun honekin. Argazki dexente atera eta bueltaxka bat eman ostean, Las Vegas aldera atera beharra dugu. Hauxe da biran aritzearen alderik txarrena. Toki gehienetan oso denbora gutxi egon ahal zarela (alderik txarrena askotan eta onena besteetan! Jejeej)
Beroa ikaragarria da. Desertua bere alderik beroena erakusten ari zaigu gaurkoan. Furgonetako lehioak irekita, labe barrutik datorren haizea sartzen dela dirudi. Honek, nekea handitzen digu, baina, zorionez, bidean, laku zoragarri bat topatu dugu. Las Vegas-etik 30 mila ingurura topatu dugu paradisu txiki hau. Ura beroa zegoen arren, zoragarria izan da bidaiko lehen bainua hartzea. Asteak daramatzagu 30 bat gradutik jeitsi gabe. Gaur, 40tik gora ere baditugu, eta kuriosoa, ekialdeko kosta guztia gurutzatu ostean, desertuan hartu dugu lehen bainua! Eta zoragarria izan da gainera!
Uretatik atera garenerako lehorrak geunden arren, berehala iritsi gara Las Vegas-era. Takeria batean jotzen dugu gaurkoan. Mexikar takoak egiten dituzten taberna batean. Kontzertu asko antolatzen dituzte bertan, eta pinta ona du gaurkoak. Kontzertuan, 4 talde izango gara. Kanadiar bat, bertako bi eta gu. Gaur, kontzertu ostean, Las Vegas erdigunetik osteratxo bat egiteko gogoa dugu. Argien hirian galdu, Kasinoak bixitatu (dirurik utzi gabe noski) eta bihar desertua agurtuko dugu. Kalifornia da gure hurrengo geltokia. Pazifikoko haize freskoa hartzeko gogoz gaude. Desertuaz asko gozatu dugu. Baina, haize freskoa ere ederki sartuko da. Asteburuan gainera gure beste abeslaria ere etorriko da. Beraz, behingoz, taldea osorik izango gara. Gaur, kontzertu aurretik bukatu beharra dut egunerokoa. Bihar kontatuko zer moduz joan den. Baita kasinoetan aberastu garen edo beti bezain pobre eta zoriontsu jarraitzen dugun. Bitartean, muxu bana denoi.