Humilitate egunerokoa

Oakland-eko haize freskoa! Uztailak 26, asteartea

Barrukaldeko beroaz nazkaturik, bagoaz kostaldera berriz ere. Bira osoan zehar beroarekin “ohitu” garen arren, Kaliforniako kostaldeko haize freskoa dastatu ostean, orain gogorra egiten da berriz bero hau. Bi egun interesgarri ditugu aurretik. Birako egun guztiak interesgarriak diren arren, badira interes berezia sortzen didaten tokiak, eta Oakland eta San Francisco hauetarikoak dira. Gainera, kontzertua, Born Dead eta Abrupt-eko lagunek antolatzen digute, beraz, ondo antolatuak izango direlakoan gaude.

20110727_oakland_0875

Oakland, San Francisco ondoan dagoen hiria da. San Franciscoren auzo marginala dela diote batzuk. Your House aretora iritsi gara zuzenean. Hitzordua baino lehenago iritsi gara, beraz, Oakland erdialdera goaz hiria bisitatzera. Mugimendu dexente dago inguruan. Bay arean gaude eta hemen kultura mugimendua handia da. Hemen hasi ziren Hippie-ak, Queer mugimendua, transgenero mugimendua,… Arte asko nabari da kaleetan. Musikak ere presentzia handia du inguruan. Konturatzerako 18ak dira eta bagoaz berriz Your House aretora. Jendea bizi da alokatutako fabrika honetan. Baina, biziguneez gain, musika denda bat eta kontzertu areto bat dute bertan. Kontzertu asko egiten dira eta paretak afitxe eta pintadaz beteta egoteak europako etxe okupatuak gogoratu dizkigu. Pinta ona du gaurkoak. Mike, Abrupt-eko baterijoleak egin digu arrera. Badaki zer den biran egotea eta Euskal Herrian izan zuen tratua dela eta gaurko kontzerturako afaria eta edaria zihurtatu dizkigu. Gainontzeko taldekideak ere etorri dira eta aretoa jendez betetzen hasi da. Etxeko talde bat hasi da lehen, ondoren Abrupt-en txanda iritsi da. Sekulako kontzertua eman dute. Asko espero genuen talde honetaz eta ez digute huts egin. Giroa ere berotzen hasi da eta gure txanda da orain. Soinu aldetik potente sonatzen du eta indartsu hasi dugu kontzertua. Bigarren abestirako jendea mugitzen hasi da. Honek konfiantza eman digu eta kontzertu oso intentsoa eman dugu. Jendea erotuta dantzan amaitu du saioa eta bis bat ere eskatu digute. Irriparre handi batekin amaitu dugu kontzertua! Asteartea da, eta sekulako kontzertua izan dugu. Jende asko, giro bikaina, afaria eta edaria. Horrela bai! Bilbo eta Gasteizko lagunen bat ere gerturatu da gure kontzertura. Kontu kontari luzatu gara pixkatean.

Eguna amaitzeko, Abrupt-arren etxera goaz, musika jarri digute eta kontu batzuk egiteko asmoarekin. Batzuk, bafle ondoan ere lo hartu dugun arren, berehala lokartu gara denok.

San Frantzizkon bueltaka Uztailak 27, Asteazkena

10ak inguruan jaiki eta eguna San Frantzizkon pasatzeko asmoarekin esnatu gara. Gosaltzeko Oakland-en gomendatu diguten begetariano batera joan gara eta azkenean, gauza bat eta bestea, nahi baino denbora gehiago pasa dugu bertan. Eguardirako iritsi gara San Frantzizkora.

Hippie mugimenduak indarra hartu zuen High kalera eraman gaituzte aurrena. Idoia, lagun gasteiztarra dugu gia. Bertan, estatu batuetako musika dendarik handienetakoa dago, eta kuriositatez beteriko beste hainbat denda. Kaletik pixkat ibili ostean, Golden Gate zubi ezaguna ikustera goaz. Turista arruntenak joaten diren toki asko zapaltzen ari gara (jajaja arraioak gu!). Behelainoak tapatuta dago Golden Gate. Puntu berezia ematen dion arren, pena da bere osotasunean ezin ikustea. Honen ostean, kontzertua dugun aretora gerturatu gara. Han inguruan bueltaxka bat eman eta kontzerturako prestatzera. Sahatsa-ren deia ere jaso dugu. Lagun baten bitartez, hemen geundela jakin zuenean, gurekin kontaktuan jarri zen Sahatsa. Lotarako tokirik edo ezer behar bagenun edozertan laguntzeko prest. Asko eskertzen da horrelako babesa, batez ere, ezertaz ezagutzen ez gaituenean (edo hori uste genuen).

20110728_san_frantzizko_i_0929

Lehen taldea prestaketekin ari dela etorri da Sahatsa aretora. Aurkezpenak egin eta San Frantzizkon zertan dagoen azaldu digu. Hemengo bizitza nolakoa den etab… baina, euskaldunekin gertatu ohi den bezala, hango kontuez hizketan hasi eta mila kontzertu eta parrandatan elkarrekin egonak garela ohartu gara. Lagun asko elkarbanatzen ditugu eta azkenean, parranda bat eta besteko kontuak birgogoratzen bukatu dugu.

Jende asko dago kontzertuan. Lehen taldea hasi denerako aretoa goitik behera beteta zegoen. Aiton amona beasaindarrak dituen kubatar bat ere gerturatu zaigu kasu egitera. Gu bigarrenak gara gaurkoan. Gure saioan ere jende asko dagoen arren distantzia pixkat utzi dute taulara. Abesti batzuk kosta izan zaigu jendea gehiago gerturatzeko. Lehen filan, ero moduan gozatzen ari den, gazte bat dago dantzan eta distantzia pixkat sortzen du. Dena den, abesti bakoitza bukatzean, txalo eta oihu asko entzuten ari gara eta giroa beroa da oso. Jendea gustora dabil. Puskatu zaidan soka aldatzen ari naizen bitartean, “euskalduna naiz eta harro nago!” oihukatu du kubatarrak jajaja. Ikusleekin txantxa batzuk egiteko giroa ere sortu da tartetxo honetan. Gustura bukatu dugu beste behin ere!

Espero genuen bezala, oso txukun antolatutako kontzertuak izan dira azken bi hauek. Eguna amaitzeko Sahatsaren etxera goaz. Lonja handi batean bizi da. Espazio komunitario asko dituen tokia da. Oso berezia eta oso polita egia esan. Dauden gauzekin txunditurik, lo egin aurretik terrazara igo gara. Berta, hiriko ikuspegi zoragarriarekin, eta lasaitasun txundigarriarekin eman ditugu eguneko azken minutuak. Fresko egiten duen San Frantzizko hiriko etxe maitagarri honetaz maitemindurik.

Ikasle alperren erreinua Uztailak 28, osteguna

Gauza dexente utzi genituen atzo ikusteko. Beraz, gaur, goizean, nahi baino lo gutxiago eginda, jaiki eta San Fantzizkoko auzo latinoa ikustera goaz. Mission auzora goaz. Queer eta transgenero mugimendua sortu zen ingurua omen da eta mugimendu asko omen dago. Sahatsa dugu gia gaurkoan eta berarekin gurutzatu ditugu kale ezberdinak. Temperaturak ere asko laguntzen du kaleetatik lasai ibiltzeko. Beti bezala, diska denda eta liburutegi bat bisitatu ditugu (jeje gauza batzuek ez dira aldatzen). Nahi baino denbora gutxiago dugu hemen lasai kallejeatzeko, baina tira, zertxobait gehiago ikusi dugun sentsazioarekin bagoaz bideari ekitera.

Gaur, Chicon jotzen dugu, Kaliforniako iparraldean. Jende gehienak, ikasle alperren erreinua dela esan digute. Gutxi ikasi eta asko bizi nahi duten ikasleak bertara joaten omen dira. Hondartza ere zoragarria omen du, ea dastatzeko aukerarik dugun. Sahatsa eta pixukideak agurtu eta bideari ekin beharra diogu, 3 orduko bidea geratzen zaigu aurretik. Furgoneta hartzerakoan, parkineko filipinoak adarra jo eta diru gehiago atera nahi izan digu. Eztabaida gogorrak izan ostean, berearekin atera da. Amorru aurpegiarekin agurtu dugu San Frantzizko. Inoiz, denbora gehiagoz, berriz etortzeko gogoa geratu zait. Espero nuen bezala, hiri benetan interesgarria iruditu zait, eta pasatako eguna motz egin zait. Beraz, itzuliko naiz inoiz beste behin San Frantzizko!

5. Abenidan dugu egina hitzordua. Chingado taldekoen etxean geratuak gara, kontzertu aurretik afaria emango digutelako (horrela bai mutikos!! Goizetik ezer jan gabe gaude!). Afari eder eta kontu batzuen ostean joan gara lokalera. Gaurkoa kontzertu kuriosoa da. Rockabilly antzeko musika egiten duten bi talde alde batetik eta bestetik Chingado , bertako Crust-punk taldea eta gu. Musika nahaste honek jende ezberdina ekarri dezake, eta ondo atera daiteke. Interesgarria da, betiere, jende ezberdinagoa ezagutzea (musika ezberdinak jende ezberdina zertan ekarri ez duen arren. Gure musika antzekoa egiten dutenak izan ohi dira askotan ezberdinenak). Herriko skabilly talde bat hasi da. 8 musikari taulagainean eta sekulako festa! Taulatik ere jeisten ziren dantzara musikariak beraiek. Brass Histerya izeneko talde honek Euskal Herrian txosnagune bat baina gehiago jarriko lituzke dantzan. Bigarrenak, Columbiatik etorritako bikotea dira. Country eta psicobilly antzeko zerbait egiten dute. Hauek ere oso kuriosoak! Ederrak! Gure kontzertua ere ederra izan da. Jendea oso gustura geratu da. Asko gustatzen ari zela ohartu gara abestiak aurrera zihoazten ahala… azken abestieetan lehertu den arren zoramena. Ederra gaurkoa! Eta bukatzeko, Chingado. Gustoko genuen orain arte entzundakoa eta zuzenean ez digute huts egin. Bikainak!

Leher eginda gauden arren, etxera iritsi, labadora jarri, dutxatu, egunerokoa idatzi, elkarrizketa erantzun, bada lanik oraindik. Bihar 10etarako aterako gara. Oregon estatura!

Leave a Reply