Humilitate egunerokoa

Rapid Cityko sorpresa Abuztuak 8, astelehena

Olioa aldatu behar geniola eta Arrona eta biok jaiki gara besteak oraindik lotan daudelarik. Furgoneta hartu eta olioa aldatzera joan gara. Formula unoko pit stop bat ematen zuen joan garen tailerrak. 6 pertsona zeuden gure furgonetarekin lanean eta 8 minutun aldatu diote olioa eta filtro guztiak! Harrigarria! Haroldoren etxera itzuli, gainontzekoak esnatu, furgoneta kargatu eta abiatzeko prest. Gaur, berriz, 7 ordu ditugu bidean, beraz… ezin gehiegi luzatu. Dena den, Haroldok prestatutako gosari ederra dastatu ahal izan dugu etxetik atera aurretik. Aupa hi!! Hoi da hoi ondo zaintzea!! Gogoa dugu bera europara biran etorri eta guk faborea itzultzeko. Plazer bat da lagunak zaintzea! (zaindu maite duzun hori, batek abesten zuen bezala). Tripa bete, eta errepidera!

20110809_rapid_city_1500

Goiz iritsi beharra dugu Rapid City-ra. Ezerezaren erdian dagoen hiria da. Moteroen hiria. Bidean, milaka motorista gurutzatu ditugu. Sekulako motoak gainera. Ordu aldaketa ere egin digu mobilak. Beraz, bestela ere berandu bagindoazen, orain ordu bete beranduago. Ekialdera goazen honetan ordu aldaketa gure aurka dator. Kontzertuko aretora iritsi gara, eta zarata entzuten da barruan. Kontzertua hasi delakoan sartu gara barrura eta musika jotzen ari diren 3 lagun besterik ez daude areto erraldoi batean. Harrituta geratu gara. A ze kontzertua biziko duguna gaur… jejeje. Beraiekin hizketan hasi eta kontzertua atzeratu egin dela esan digute… beraz, aretoak dituen sofetan etzan eta pixkat deskantsatu dugu. Antolatzailea ere etorri da beranduago. Kontzertua egiteko arazoak daudela komentatu dizkigu. Duela bi aste, herriko gazte batek, polizia tirokatu zuela eta 2 hil zituela esan digu. Poliziak bera tirokatu omen zuen eta gaztea hil zutela. Kontzertua, berari egingo dioten omenaldia omen da. Baimenik eman ez duten arren, nola ahala aurrera aterako dela. Eta halaxe izan da.

Jendea gerturatu da pixkanaka, ez gehiegi egia esan. Lehen taldea batzuk ikusi dute eta bigarrenean ia aretoa hustu da. Astelehen gogorra aurretik genuelakoan hasi gara gure musika tresnak prestatzen. Baina dena prestatu dugunerako aretoan zegoen jende dena sartu da barrura. Kontzertua hasi eta denak dantzan jarri dira. Kontzertua erokeria izan da. Bikaina! Eta bideoan grabatua geratu da. Denek erosi dute zerbait eta ia kamixeta gabe geratu gara. Eskerrak eman dizkigute etortzeagatik eta sinadurak ere eskatu dizkigute (ajajaj eta ez da lehen aldia! Ohikoegia bilakatzen ari da gure gustorako… ez gara komodo sentitzen). Sekulako harrera egin ostean, kontzertuko lagun batzuk eta antolatzailea bere etxera joan gara. Zerbezak erosi dituzte guretzat eta afaria prestatu digute. Gaueko 12ak dira. Bihar goizeko 6etan jaiki beharra dugu, beraz, ezin nahi bezainbeste luzatu… Bihar, estatu batuetako presidenteen aurpegiak dauden mendia ikustera goaz. Eta atsaldean Minneapolis-era!

Leave a Reply