Humilitate egunerokoa

Baten faltan, BI! Abuztuak 12, ostirala

Kontzerturik gabe esnatu gara Ryan-en etxean. Presa handirik gabe eta lasai xamar. Ryan, atzo Maritime-n kontzertua antolatu ziguna eta etxeko nagusia, bueltaka dabil. Buelta hauetako batean notizia eman digu: “ei gazteak, Madisoneko taberna batean kontzertua lortu dizuet!”. Sekulako notizia izan da. Kontzerturik ez genuen egun bat zen gaurkoa eta kontzertua lortu dugu Madison hiriko taberna batean.

Ohitura onak ez galtzeko, Appleton agurtu aurretik, bertako musika denda bat bisitatu dugu. Diska batzuk erosi (hegazkinean diska guzti hauek nola itzuliko ditugun ez gara pentsatzen jarri oraindik… egingo dugu zer edo zer), eta Madison aldera goaz. Bertan, Earwax records-era joan nahi dugu. Diskak begiratzen ari ginela, gu aritutako taldeen diskak ere topatu ditugu: Erantzun, Trigger Travis,… ilusioa egiten du munduko beste puntan norbere diskak ikustea (saldu ez direnaren seinalea izan arren, jejej). Euria ere hasi du, beraz, tabernara goaz zuzenean. Bertan harrera bikaina egin digu tabernariak. Gaur gauean jo behar dugun taldea garen galdetu eta zerbeza atera digu. Gaur bertan komentatu diotela kontzertuaren kontua eta gu bakarrik arituko garela jotzen esan digu. Ez dakiela jende gehiegi etorriko den etab… kontzerturik gabeko egun batean, ordu batzuk lehenago kontzertua antolatzera animatzearekin nahiko egin du berak, eta guk bihotzez eskertzen diogu. Dena prest utzi eta kontzertua hasteko zain geratu gara, kontu kontari, beisball-a ikusten. Gustoa hartzen hasi gara kirol honi.

Nick, kontzertuaren berri tabernari eman diona ere etorri da. Guri buruz gauza onak entzun dituela esan digu eta gustura animatu dela guri kontzertua antolatzera. Pena dela azken unean antolatu izana eta ez dakiela jende gehiegi etorriko denik. Gaurkoan berdin zaigu zenbat jende etorriko den. Noski, beti nahiago jende asko gerturatzea, gutxi batzuentzat jotzearekin kontentu! Kontzertua hasi aurretik billar partida bat botatzen ari garela Nick etorri da korrika. Madison bertan, beste areto batean kontzertua dagoela eta kontzertu hartako talde batek deitu diola guk bertan jotzea nahi dutela esanez. Guretzako dirua ere bildu dutela esan diote. Taldea zein den galdetu eta, Screaming Chinchin and the pons direla esan digu. Talde honekin, Salt Lake City-n jo genuen. Hirian geundela jakin zutenean, Nick-ekin kontaktuan jarri ziren guk beraiekin jotzeko. Beraz, tita batean jo dugu lehen kontzertua eta oraindik ere izerdi patseta gaudela joan gara bigarren kontzertura. Lehen kontzertuan ez da jende gehiegi egon baina egon direnei asko gustatu zaie gure kontzertua. Batzuk, gurekin datoz bizikleta dendara (bizikleta denda batean da bigarren kontzertua). Iritsi garenean sekulako jendetza topatu dugu. Moderno itxurako jende asko. Asko asko. Gure kideak jotzen ari dira eta gustura hartu dugu beraiek berriz ikustea. Beraiek, Madison bertakoak dira, eta birako azken kontzertua dute. Beraz, beraien ostean, jendeak alde egingo duenaren beldur gara. Sekulako kontzertua eman dute Screamin-ekoek. Jende guztia dantzan eta beraien abesti guztiak abesten jardun dira. Ea gurekin ondo pasatzen duten. Beraz, presaka, inor aldegin aurretik dena prestatu, kalean dauden denei “the show is going to start! Come everybody inside please!” oihukatu eta “one , two , three , four” kaña emateari ekin diogu. Espero ez genuen arren, denak sartu dira barrua eta dantzari ekin diote. Gure gainean sentitu ditugu uneoro, oihuka eta saltaka. Sekulako kontzertua izan da. Harrigarria! Bikaina! Sinestu ezinda bukatu dugu denok. Leher eginda, baina, gustura. Kontzerturik ez genuen egunean, azkenean, baten faltan bi! Eta nolakoa gainera!

20110813_madison_i_1662

Eguna ondo bukatzeko, Shane, Screaming-eko abeslariaren etxera goaz, gaur ezagututako lagun batzuekin, beraiek zerbeza batzuk hartzeko asmoz. Gu ordea, 5.minutuan lokartu gara.

Chicagoko Elizan Abuztuak 13, Larunbata

Gaur Chicagora goaz. Bira osoan zehar atentzioa deitzen digun hiri horietakoa da Chicago. Ez dakigu, Michael Jordan, Los Crudos,… zergatik izango den, baina hiri honek energia ona transmititzen digu. Beraz, interes bereziarekin goaz gaurkoan errepidean (gaur ere!)

Indiar auzora joan gara bazkaltzera. Buffet begetariano batean bazkaldu dugu oso ondo jan ere. Handik, Chicago Bulls taldearen kantxara joan gara. Talde honen zaletuak izanak gara taldekide batzuk eta bertan dagoen Michael Jordan handiaren estatua ikusi nahi dugu. Inoiz egon den kirolari onenetarikoa asko gustatzen zaigu eta ilusioa egiten digu Airo Jordan jaunarekin argazkitxoa ateratzeak (bai, turistak gara eta zer! Jeje). Euritan bada ere, atera dugu argazkia Jordan jaunarekin. Downtown aldera joan gara ondoren. Chicago pixkat gehiago ezagutzeko asmoz. Estatu Batuetako eraikin handiena dago bertan. Hirugarren hiririk handiena da eta erdigunea handia den arren, oso txukuna iruditu zaigu. Orain arte ikusi ditugun hiriekin alderatuta, oso garbia da. Erreka ere pasatzen da erditik eta oso polita iruditu zaigu. Hurrena, denbora gehiagorekin etortzeko gogoarekin agurtu dugu erdigunea. Hegoaldera goaz, kontzertuko tokira.

Iristean, First Lutheran Church ikusi dugu. GPS-an sartutako helbidea eta elizako helbidea berberak direla ikusi eta zerbait gaizki dagoelakoan gaude. Baina ez, Show is upstairs, jartzen duen kartel bat ikusitakoan, eliza batean jotzen dugula ikusi dugu. Berehala etorri da Karlos, Shaman Records-eko arduraduna, eta kontzertuko antolatzailea. Sarri antolatzen dituztela kontzertuak bertan esan digu. Beraz, gaurkoan ez dugu pizzeria, takeria, zerbezeria, etxe edo areto batean joko, gaur, bizitzan lehen aldiz, eliza batean joko dugu (jeje).

Jazz talde batek hasi du kontzertua. Musikari bikainak hiru gazteak. Ondoren Minneapolis-eko death metal talde batek jo du, False. Kontzertu bikaina eman dute, sekulako ahotsa du Alli abeslariak. Etxeko talde bat eta ondoren gure txanda iritsi da. Atzoko kontzertuaren ostean, konfiantza handiarekin hasi gara. Jendeari gerturatzeko oihukatu eta abesti azkar batekin ekin diogu. Berehala erantzun du jendeak. Beraiek esaten duten bezala, sekulako “slam”-a sortu da eta kontzertu eroa beste behin. Kariñoa hartzen hasi gara latino hauei! Jeje.

Kontzertua bukatu ostean Phobia ikustera joan nahi genuen. Chicagon jotzen zutelako beste toki batean, baina, azkenean ez digu denborarik eman eta lagun batzuekin Karlos-en etxera joan gara. Chicago iparraldera. Kontu kontari gaua luzatu zaigu gaurkoan. Goizeko 4ak aldera arte egon gara bertan hitz egiten lehenak lotara joan diren arte, gaur, azkenak 6etan erretiratu dira. Bihar, Indianapolis-en jotzen dugu eta 3 ordu bakarrik ditugunez, presarik gabe lo egingo dugu.

Egun beltzak ere badira Abuztuak 14, Igandea

Indianapolisen jotzen dugula eta bidea 3 ordukoa dugularik, presa gabe esnatu gara. 13:00tak dira Fresek esnatu gaituenean. Karlos-ek bazkaria egin nahi digula eta gaurkoan dugun bidea motza izan arren, egin beharra dagoela eta, mugitzen hasteko garaia ere badugu. Atzo, afaltzeko, burrito mexikar-amerikarrak prestatu zizkigun Karlosek. Gaurkoan, %100 janari mexikarra prestau nahi digula esan digu. Batzuk bazkaria presatzen laguntzen, beste batzuk internetez datak errepasatzen… lasai egon gara eguneko sustoa hartu dugun arte. Gaur, Indianapolisen jotzen genuela uste genuen arren, nahastuta gaude, gaur, Nashvillen dugu kotnzertua. 3 orduko bidea izan orde, 8 orduko bidea dugu (geldiunerik egin gabe). Honetaz konturatu garenean, eguardiko 3ak dira. Beraz, ia ezinezkoa dugu kontzertura iristea. Kontzertu antolatzaileari deitu diogu, kontzertua tokiz aldatu eta beranduago bukatu daitekeen areto batean egingo dugula esan eta bideari ekiteko esan digu. Bi aldiz pentsatu gabe, dena jaso eta bagoaz errepidera. 800 kilometro egitera.

Bidean, istripu bat dela eta ia ordubete galdu dugu trafiko ilara batean. Gure kezka handitzen doa. Kontzertua jotzeko aukerak geroz eta txikiagoak dira eta oraindik ere kilometro piloa ditugu egiteko. Beranduxeago etorri da bigarren sustoa. Bat-batean, mugikorreko ordua aldatu zaigu. Ekialderantz goazenez, ordu bete aurreratu da mugikorra. Beraz, uste baino ordu bete beranduago iritsiko gara. Honek iada gure plan guztiak pikutara bidali ditu. Ezinezkoa izango da goizeko 2ak aurretik iristea eta igande batean ezin dugu ordu horretan jo. Antolatzaileei deitu, barkamenak eskatu, eta bidean geratu behar izan dugu. Biharko kontzertuko hiritik nahiko gertu gaude eta alferrik da Nashville-raino jeistea. Triste, eta gure akatsa izan den atsekabearekin, errepide bazterrean moteltxo batean lotan geratu behar izan dugu. 41.ena izango zen kontzertu gabe geratu gara, pena handiz. Baina tira, horrelakoak ere gertatzen dira eta ezingo gara triste jarri. Eutxourrei bat elkarri eta momentuaz gozatzea geratzen da. Bihar, Lexington-en joko dugu… bitartean…. Eutxourrei! Beti! Baina beti eh!

Leave a Reply