Humilitate egunerokoa
astelehena, 27 ekaina, 2011
Eta iritsi da eguna azkenean. 9 hilabete antolatzen, irudikatzen, amesten, eztabaidatzen eta txukuntzen egon ostean, iritsi da ekainaren 23a. Urruti geratzen da entsegu lokalean amesten ideia sortu genuen eguna. Mobileko iratzargailuarekin etxeko salan esnatu naiz, aurreko egunean ordu txikiak arte azken detalleak prestatzen egon ostean, bidaiari ekingo diogu. Taldekoei sms bidez 6:45ean jasoko ditudala esan eta abiatu gara.
Erdi lo, baina irripartsu gaude denok, ilusioz, urduritasunarekin (lagun batek esango lukeen bezala: “urduri ez, tentsiyo puntuakin”). 7:50 Donostian autobusera igo eta bagoaz Bartzelonara. Bertan 20:25ean irtengo da Ginebrara (suiza) eramango gaituen hegazkina. Gure maletak zuzenean New Yorkera doazen arren, guk Ginebran egingo dugu lehen geldialdia, lehen geldialdia eta lehen kontzertua. Bartzelonara iritsi eta bazkaltzeko zerbait erosten gabiltzan bitartean gure lagun Pako Disundead-en deia jaso dugu. Ahots berezi hori entzuteak umorea piztu du veste behin gure artean… eta konturatzerako hantxe genuen furgonetarekin gure zain. Metroa ez hartzeko eta bera arduratuko dela guri aireportura eramateaz. Beraz, Hospitaletera eraman gaitu bere etxera bazkaltzera. 2004ean Erantzun-ekin lehen aldiz Euskal Herritik atera ginenean ezagutu genuen Pakito Disundead. Bere auzoan igande batean emandako kontzertu ahaztezin hartan. Urteetan, taldearekin bueltaka, jende asko ezagutu dugu, eta askorekin iada ez dugu harremanik, baina batzuekin oraindik ere harreman estua mantentzen dugu eta Pakitok beste behin sekulako erakustaldia jo digu. Txiste artean eta barrezka iritsi gara bere etxera eta bertan, Nalle, gure beste lagun mexikarrarekin elkartu gara. Jateko zerbait prestatu digu eta hantxe bazkaldu dugu, Lehiotik kaleko kotxe batek bolumen altuan duen Los Chichosen musika entzuten da, zoragarria da berriz Hospitaleten egotea, ongi etorri etxera, Hospitalet Ciudad sin Ley.
Bazkari axkar eta kontu txiki batzuen ostean, garaiz abiatu gara aireporturat. Hegazkinak ez omen itxoiten, eta gauzak lasai egiteko denboraz goaz. Kuriosoa, gu ordurako prest ginen… baina hegazkina ez. Hegazkinera igo berritan, gidariak ongi etorriarekin batera, hegazkinak matxura bat duela esan eta 15 min atzeratuko dela esan digu. 15 minuturen ostean 30 minutu gehiago beharko dituztela esan du ezer ulertzen ez den bozgorailutik. Atzeratze honek Ginebrako kontzertura iristea zailduko digu. Konponketaren iraupena goraka doan bezala birako lehen kontzertua galtzeko aukerak ere goraka doaz. Agian kontzertua lapurtuko digu atzeratzeko honek, baina sekulako ilunabarra oparitu digu. Hegazkineko lehio txikitik eguneko azken argi izpiak ikusten ditugu. Hiriak gauez margotzen dituzten lehen argiekin nahasten. Zoragarria!
Hegazkinak lur hartu bezain laixter korrika atera gara, Ginebrako zentrora eramango gaituen trena hartu eta bagoaz kontzertua dugun aretorat, oraindik ere iristeko esperantza txikiren batekin, oso txikiak tamales. Geltokitik 4 minutura dago aretoa eta berehala topatu dugu. Sekulako pinta du eta kanpoan jende asko dago. Taberna gurutzatu eta aretora goaz korrika, baina sartu garenerako iada materiala jasotzen izerditan dauden taldekideak topatu ditugu. Kontzertua bukatu da! Eta iada ez dago jotzeko aukerarik! Sekulako pena, amorrua, egun osoan eserita bidiaitzen egon ostean, musika tresnak hartu eta izerditzeko gogoz ginen… beste batean beharko du. Robertito Moshu Rayako baxularia topatzen saiatu gara, berak antolatzen zigulako kontzertua. Tabernariak, Amsterdamen dagoela esan digu eta zerbezatxo bat eskaini digu. Pena aurpegiz begiratzen digu jendeak hegaldiarekin izandako arazoa kontatzen diegun bitartean. Kontzertu eta afari gabe geratu gara eta ez dakigu lotarako tokirik izango dugun… pena eta amorruarik kezka gehitu zaio. Zer egin erabakitzen ari garen bitartean Daniel ezagutu dugu. Kontzertua ikustera etorri den gazte bat. Gu ezin ikusi izana pena dela adierazi digu eta kontu kontari hasi gara. Suizan ea sarritan jo dugun galdetu digu. Jotzen aritu garen herriak zerrendatzen ari ginela, 2006ean Erantzun-ekin Schwiz herrian jo genuela komentatu diogu. Jaja eta kasualitatea, 16 urte zituela, bizi izan zuen lehen Hardcore kontzertua izan zela esan digu! Erantzun taldea ikusi zuela eta ikaragarria iruditu zitzaiola esan digunean barrez hasi gara. Bira hartan Fres-ek abestu zuen gurekin beraz, kontzertu ikaragarri hartan elkarrekin izan ginen… eta orain hemen topatu berri gara 5 urte beranduago kasualitate hutsez. Polita da urte guzti hauetan egindako bidaiek nonbait marka txiki batzuk usten dituztela ikustea. Zoragarria. Honek pixkat alaitu gaitu eta Daniel agurtu ostean Stephan gerturatu zaigu, lotara bere etxera goazela esanaz, tabernariak ere taberna itxi ostean bertan zerbeza batzuk hartzera gonbidatu gaitu eta horrelaxe igaro dugu gaua, kooperatiba moduan gazteek eramaten duten taberna interesgarri honetan Suitzako lagun hauekin kontu kontari. Ondoren, Stephanek etxera eraman gaitu, jatekoa eta dena erosi digu bidean eta bihar aireportura joateko egin beharrekoa ere garbi azaldu digu. 5 puxtarri hiretzat Stephan, gaua salbatu diguk!. Ia 24 ordu bueltaka eman ostean lehertuta etzan gara. 4 ordutxo ditugu lotarako eta berehala lokartu gara denok.
Putzua gurutzatzeko garaia ekainak 24, osteguna
Lo gutxi eginda baina pixkat deskantsatuta jaiki gara. Ordenagailuan New Yorkera iritsitakoan egin beharrekoa ondo begiratu, bertan bilduko garen lagunen datuak hartu eta bagoaz aireportura. Umoretsu gaude. Gaur New Yorken lehen kontzertua emango dugu. Niretzat putzua gurutzatuko dudan bigarren aldia da. 2008an Erantzun-ekin Hegoameriketako bira izan zen Atlantikoa gurutzatu nuen lehen aldia eta egia esan hegaldiak alperkeri pixkat ematen duen arren ilusioz goaz.
Gaur hegazkina handiagoa da, eta aulkiak ere uste baino erosoagoak. Nik, bidaiako tartetxo hau aprobetxatu dut idazten ari naizen eguneroko honi hasiera emateko. Ez pentsa beti hainbeste idatziko dudanik, jeje, behin biran buru belarri hastean ez dakit zenbat denbora izango dudan… beraz, batzuetan luze idazteko aukera izango dut eta beste askotan ez, baina tira, saiatuko naiz abentura hau ahalik eta txukunen kontatzen. Asmoa ez da egunero egunero idaztea, baina saiatuko naiz sarri idazten. Oraingoz hemen utziko dut gaurkoa, hegazkina laixter iritsiko da JFK aireportura eta gailu elektronikoak itzaltzeko esan berri digu gidariak bozgorailutik. Gaur Cojoba taldearekin elkartuko gara 3 egunez elkarrekin jotzen aritzeko. Indarrik geratzen bada gaur gauean kontzertu ostean kontatuko nola bukatu den eguna.
Eta ez dut indarrik izan kontzertu ostean ordenagailu aurrean jartzeko. Jeje eta orain hemen nago ekainaren 25 goizean, taldekideak oraindik lo daudela atzoko egunaren errepasotxoa egiten. Hegazkinak lur hartu du, arazorik gabe, hegaldi lasaia izan da eta egia esan behar bada nahiko zerbitzu ona eskaini digute. Hegazkinetik jeistean, poliziak gurekin izango zuen jarrerak kezkatzen zigun, sartzen utzi ez diotenenen historia gehitxo entzun ditugu azken hilabeteetan. Hau ere arazorik gabe iragan dugu. Galdera pare bat besterik ez dizkigute egin eta guk Route 66 egitera gatozen turistak garela esan diogu. Berehala NY erdigunera eramango gaituen trenean gaude..irrikaz! 2 tren hartu ostean Metrora iritsi gara eta Manhattan aldera 53.enerako bidea hartu berri dugu. Bertan gelditzeko esan digu Cojoba taldeko Taina gure lagunak. Egunotan bere etxean izango gara eta Cojoba taldearekin jotzen arituko gara. Duela urte asko Euskal Herrian ezagutu genuen taldea. Metrotik atera orduko aho zabalik gaude. Eraikin erraldoien artean txiki sentitzen gara. Inguru guztiarekin flipatzen hasi gara. Tainari deitu eta Spanish Harlmen auzora joateko esan digu, beste 6 parada Bronx aldera. Han metrotik atera garenean beste paisaia bat topatu dugu. Puerto rico eta inguruko biztanleria bizi den auzo batean gaude, eraikin askoz ere zaharragoak eta ia gaztelania bakarrik entzuten den auzoan. Kalean sekulako bizitasuna ikusten da. Haurrak eta helduak denak kalean dabiltza eta auzo kuriosoa dirudi. Henri Fiol, Willi Colon eta antzerako artisten kantuak datozkit burura etxeraka goazen bitartean. Hau zoragarria da, oraindik flipatzen jarraitzen dugu. Gure lagunen etxera iritsi eta ongietorri bikaina egin digute gure lagunek eta beraien txakurrak, Leitxuk! Dakizkiten euskerako hitzak praktikan jarri dituzte ta zerbeza hotz batzuekin kontu kontari jardun gara. Kontzertura Joan behar dugula esan eta plana komentatu digu Javierrek: Aurrena beraien ensaiatzeko lokalera joango gara material bila eta handik batzuk taxian joango gara Piramide Club aretora eta besteok metros gerturatuko gara.
80-90 hamarkadetan punk eta hc kontzertuz josia zegoen auzo batera iritsi gara, oraindik ere Manhattan auzoan. The clash, sex pistols eta talde guztiek bertan jotzen zutela kontatu digute aretora bidean. Tamalez, gaur egun, jatetxe eta tabernatxoz josia dago eta parrandarako gune bat besterik ez da, hainbeste gogoko ditugun kontzerturik gabe. Guk Piramide Club aretoan joko dugu, Lur azpiko aretoan. Lehen pisuan aldiz Gay eta Lesbianen festa bat dago. Ekainaren 28a gainean dagoela ikusirik ospakizunez beteta daude inguru denak.
Kontzertu aretoa zoragarria da. Eskilara ixtu batzuk jeitsita iristen zaren areto ilun txiki horietakoa. Zoragarria. 60 hamarkadatik martxan dagoen taberna dugu Piramide. Europan zehar topatutako aretoak ekarri dizkit gogora. Iritsi bezain pronto antolatzaileekin egin dugu topo. Denak ere jatorri hegoamerikarrekoak dira eta denak gazteleraz hitz egiten ari dira. Hegoameriketan zehar egin genuen bira gogora ekarri dit momento askotan gaurko kontzertuak. Baita kontzertua hasteko puntualitateak ere… hegoamerikarrak ez dute ezertarako presarik. Pizzak eta zerbezak ekarri dizkigute lehen taldea oraindik iritsi ez den bitartean. Beraientzat oraindik 22:00ak diren arren… guretzat iada goizeko ordu txikiak dira eta oso nekatuak gaude. Gaua luze egingo zaigulakoan gaude… jeje gure ordutegian goizeko 4ak edo baitira guretzat eta 4 taldeen artean azkenak gara. Lehen taldea oraindik iritsi ez dela eta bigarrenak jotzen hasi dira. Hc-punk nahasketa arina egiten dute. Indartsua eta energía biziarekin, hauen ostean Cojobakoak hasi dira eta hauek ere kontzertu ederra eman dute. Gure txanda iritsi da, nekeak utzi eta gogotsu gaude. Gurea ez den materialarekin jo behar dugu eta moldatzea zaila egingo zaigun arren, eta soinuak batere laguntzen ez duen arren, gogotsu ekin diogu kontzertuari. Jendeak oso erantzun ona eman du eta izerdi patzetan bukatu dugu kontzertua. Kontzertu oso ona izan da. Ez bereziki jendetsua, baina etorri direnak dantza asko egin dute eta denak etorri dira zoriontzera. Asko gozatu dugu eta dugun nekea ahazteko balio izan digu. 24 ordu esna gaudela taxi baten taldeko 4rak Javier eta Taina sartu eta etxeraka goaz… leher eginda baina irripar handi batekin aurpegian… biharko plana zehazteko ordenagailuan kontsulta azkar bat eta berehala lokartu gara denok. Bihar ABC Non Rio areto mitikoan joko dugu, arratsaldez, hasi da abentura!