Humilitate eta Diskoiraa Arrano tabernan joko dute
ostirala, 7 urria, 2011Uda honetan biran egon diren Diskoiraa eta Humilitate taldeak Zarauzko Arrano Tabernan joko dute Urriaren 11ean, asteartean. Kontzertua gaueko 22:30etan hasiko da.
Uda honetan biran egon diren Diskoiraa eta Humilitate taldeak Zarauzko Arrano Tabernan joko dute Urriaren 11ean, asteartean. Kontzertua gaueko 22:30etan hasiko da.
Diskoiraa taldeak Asian zehar egindako biraren bideo batzuk ikusgai daude iada sarean. Konkretuki, Singapurren emandako kontzertuaren irudiak eta bertan egindako elkarrizketa duzue entzungai. Gogoratu, bira honen dokumentala prestatzen gabiltzala iada eta ahal bezain pronto kalean izango dela.
Elkarrizketa:
Kontzertuko irudiak:
Diskoiraakoekin Indonesia, Malasia, Singapur eta Filipinak bisitatu ostean, lanerako gogoz itzuli gara ZarataZarauzko jendea. Horregatik, Metralleta taldearen azken LPa prestatzen hasi gara iada Khhapspmch zigiluaren laguntzaz. Dena ongi badoa, urte amaierako amaitua egotea espero dugu. Oraingoz, abesti bat entzun dezakezue:
ETA TXIMAS ASKATU!!!
Asteazken honetan, Urriaren 5ean, bi zarata talderen kontzertua edukiko dugu Putzuzulon. Lehenik, Diskoiraako jendea edukiko dugu taula gainean. Asiako bira eta gero utzi egingo zutela esan bazuten ere, zoritxarrez ez dute hitza bete eta asteazken honetan edukiko ditugu. Beste taldea, Bartzelonako Transicion taldea da. Ekkaia eta Leadershit bezelako taldeetan ibilitako jendea dugu, Rock & Crust bikaina egiten.
Gogoratu kontzertuak 23;00etarako amaitua egon behar duela, beraz puntual etortzea eskertuko dugu.
Etxetik irailak 19, astelehena
Gaur, ez gara goizeko ordu txikietan jaiki, gune turistikoren bat ikusteko helburuarekin. Gaur, ez dugu jaiki eta ordenagailua begiratu, tokatzen den kontzertuko ordutegiak begiratzeko, ez eta helmugatzat dugun hiriko disko denden helbiderik topatzeko ere. Gaur, ez dugu emailik idatzi behar izan, oraindik ere libre geratzen zaizkigun egunetan kontzertuak topatzen saiatzeko. Gaur, ez dugu inorekin agurtzerakoan taldeko argazki eder bat atera behar izan. Ez dugu furgoneta kargatu eta gps-a piztu beharrik izan. Gaur iada ez gaude biran. Iada ez gaude Estatu Batuetan. Etxean iada. Etxetik. Lasaitasunetik. Bira amaitu eta egun batzuk ematen duten distantziatik idatziko dut eguneroko honen azken kapitulua.
Baten batek pentsatuko zuen, “hauek iritsi ote dira etxera edo NY-n geratu dira betiko?” (hau, suposatuz, egunerokoa inork irakurtzen duela eta gure falta edo somatu duenen bat dagoela). Bai, iritsi ginen etxera. Duela aste pare bat. Sanu iritsi ere. Hurakana eta hainbat kontu zirela aste bat bidaia atzeratu arren, inongo arazorik gabe egin genuen etxerako buelta. Normalean, errezagoa izaten omen da etxerako buelta. Bidea ezagutzen duzulako iada agian. Guri ere erraz egin zitzaigun etxerako buelta. New York-eko JFK aireportuan genuen etxera ekarri behar zigun hegazkinarekin zita. Milaka trasto genituela eta beldur ginen, bulto bakoitza ordaintzea edo egingo zigutenarena. Baina goraino bete genuen taxi-a agurtu eta maletak fakturatzera joatean jarri ziguten arazo bakarra gainean bi gauza soilik eraman ahal genituela da. Beraz, pena handiz, gitarra bat maletekin fakturatu behar izan nuen (gaizki tratatuko zutela jakinda… eta hegazkineko presioak mastilari kalterik egingo ez zion esperantzan). Ordu askoko bidaia izan zen. Gauez egitea ederra da lokartzea lortzen baduzu, gainontzean, oso luze egin daiteke bidaia. Gainera, ordu aldaketarekin goizaldera iristsi ginen Suitzara, beraz, nekagarria izan zen lo hartzea lortu etzutenentzat. Handik, bartzelonara, eta bartzelonan furgoneta hartu eta etxera. Hainbeste ordu bidaiatzen egon ostean, Bartzelonatik etxerako furgonetako bidaia oso gogorra egingo zitzaigula uste genuen arren, tita egin genuen bidea. Iada buruz ezagutzen dugu ibilbide hau eta bi hilabeteetan hainbeste gidatu ostean… zer dira ba 600 km gehiago.
Nire lagun batek dio, bidaia guztien gauzarik ederrena, etxera itzultzea dela. Etxera, ingurukoena, norbere txokora. Egia esan behar bada, ez dakit bidaiko gauzarik onena izan zen ala ez, (ez gauza guztiak konparatzearen zaletua) baina onartu behar da ederra izan zela etxera itzulera hau. Hainbeste denboran oroitu garen ingurukoengana itzuli eta egindako harrera goxoa zoragarria izan zen. Eta eskertzekoa gure itzulera hainbeste goxatu zuten guztien jarrera. Aupa zuek!!
Beraz, epilogoa idaztea falta zen. Azken kapitulua. Berez, azkena izan nahi zuen kapituluak ez zuen plazer hura izan, eta orain honi tokatu zaio plazerra (edo zigorra agian?). Egun batzuetako distantzia hartzea erabaki nuen honetarako. Distantziak, gauzak, beste modu batera ikusi arazten dizkigulako. Ez errealago, ez eta irrealago, ezberdin. Eta agur hau ere horrelaxe idatzi nahi nuen, distantziatik. Biran zehar, egunerokoa, gauez eta oso nekatuta nengoen momentutan idatzi behar izan dut. Begiak irekita mantentzeko lanak nituen unetan askotan. Ohera joateko presak behartuta gehienetan. Egindako lanarekin oso gustura sentitzen naiz. Beste bira askotan saiatu izan gara egunerokoa idazten eta inoiz ez dugu bira amaiera arte bukatzea lortu. Birak erdizka ditugu orain arteko egunerokoetan. Honetan aldiz, azken kapitulura iristea lortu dugu eta horrek satisfazio handia sortzen dit. Idatzitakoa hobea izan zitekeenaren sentsazioa ere badut. Seguraski, denbora gehiagoz, patxada gehiagoz eta hain nekatua ez nintzen momentuetan gusturago idatziko nuke. Baina, bizitzan, ezin dira gauzak beti nahi diren bezala egin. Egoeretara moldatu beharra dago eta horrelaxe eskatzen zuen momentuak. Bizitakoa oraindik ere irentsi gabe eta ia begiak irekita mantendu ezinik idatzi beharra zegoen, egunerokotasuna mantendu ahal izateko. Eta hori behintzat lortu dugu (aupa gu!! Ze ostia!! Jeje)
Bira zoragarri baten azken kapitulua dugu. Sekulako momentuak bizi izan ditugun biraren azken lerroak. Mila abentura eta anekdota geratu dira bidean, beste mila, gure ahotatik entzun ahalko dituzue, barra baten izkinan kontzertu baten osteko gau luzeetan. Mila abentura bizi osorako gurekin geratuko direnak. Bizi osorako iraungo diguten ikaspenak eta bizi osoan ahaztu ezingo ditugun lagunak. Inoiz, espero dut, berriz bidean topatuko ditugun lagunak. Gure etxeko ateak ireki eta janari goxoa prestatuko diegun lagunak. Eta guzti honekin batera, nola ez, oraindik ere gehiago elkartu garen familiatxoa. Hamaika barre, negar, besarkada, eztabaida, haserre, urduritasun, kezka eta mila momentu on elkarbanatu ditugun familiatxoa. Bira honetan, espero genuen bezala, une oso onak eta une zailak nahastu dira. Eta distantziatik begira irribarre harro bat ateratzen zait gutaz. Momenturik zailenei nola aurre egin diegunaz harrotasuna sentitzen dut. Gauzak hitz eginez nola konpondu ditugunaren harrotasuna. Eta honek betirako konplizitatea ekartzen digu bostoi. Betirako gordeko dugu hau eta betirako lotuko gaitu honek. Geure buruaz harro egotea ere gauza handia delako askotan. Izen asko komentatu izan ditut bi hilabete eta erdi honetan. Eta azken lerroak, nola ez, bidai luze bezain eder honetan ondoan izan diren hauei eskaini nahiko nizkieke. Azken kapitulua izango zela sinetsia zuen kapitulu honi ez diogulako plazer hori emango. Bidai hau hemen bukatzen da… eta orain hementxe gaude, bidai guztiak amaitzen diren hasiera honetan. Beste bidai bat hasteko prest, beste eguneroko bat hasteko prest. Bihotz bihotzez, gaurkoa zuentzat doa: Fres, Murray, Arrona eta Albixu! Aupa zuek.
Hurrengo kapitulua (zuen laguntzarekin) Orion idatziko dugu. Larunbat honetan, gazte festetan, goizeko 3ak aldera, gaztetxean, erreka ondoan, izerditan berriz ere. Eskerrik asko hor egon zaren denoi (enteratu naiz eta batzuk izan zaretela) eta hurrengo kapituluan elkar ikusiko gara. Hurrengo helmuga: ORIO.
Gaurkoan bai. Denbora apur bat gehiago dugu idazteko eta lehen asteko laburpen txiki bat egiteko aprobetxatuko dugu. Gaur Klatenen gaude, eta Diskoiraakoak hemendik 30 batera edo hasiko dira sauna batean jotzen.
Gure lehen astea oso mugitua izan da. Zarauzko herri guztiak iada jakingo duen bezala, Singapurreko aireportuan 8 orduz zain egon eta gero, Bangkokerako hegazkina galdu genuen. Hortaz, 27 orduz, aireportuan bertan geratu behar izan genuen gaupasoi bortitz bat eginez eta bertako konpainia guztiak bisitatuz. Azkenean hegazkin bat lortu eta ez dugu kontzerturik galdu.
Denetariko lekutan jo dugu hemen. Tren geltoki batean, mendian, 2 metro karratuko gelatxo batean… baita unibertsitateko kanpus batean ere. Jendea oso adeitsua da hemen, batzuetan gehiegi eta guzti. Garbi ikusten da okzidentalak ikustera ez daudela ohituta, eta gutxiago 1,90 metroko mutil eleganteak ere…
Batzuek, Rafa bera jainkotzat hartzen dute, duen bizar eta ile luzeagatik. Ongi ezagutuko balute…
Dagoeneko Indonesiako 30 talde inguru ikusi ditugu, hemen kontzertuak 10 taldetatik gora izaten direlako. Erreportaia txiki bat ere egiten ari gara eta bueltakoan DVD txiki bat egin nahiko genuke. Horretarako Bejondeigula produkxionsen laguntza ezinbestekoa izango da. Lagun Izoztua eguneroko bat ere osatzen dabil, B jauna bezala, ea bertatik informatzeko zerbait txukuna ateratzen dugun ere.
Oraingoz besterik ez, agian Urrian elkar ikusiko gara. Bitartean gaizto ibili
Diskoiraa taldea Asian zehar ibiliko da biran, Malasia, Tailandia, Filipina eta Singapurren hain zuzen ere. Irailaren 1etik Urriaren 3ra arte 20 bat kontzertu eskeiniko ditu herrialde hauetan.
Honen ondorioz, webgune hau denboraldi batean geldirik egongo da, nahiz eta ahal dugunean berritzen saiatuko garen. Honez gain, Arraio Irratian burutzen dugun ZarataZarautz saioak ere etenaldi txiki bat jasango du, Urrian itzuliko garelarik
Sekulako kontzertua antolatu digu Abuztuaren 27rako Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean. Diskoiraa taldearen despedida festa izango da honakoa, Indonesia aldera biran doaz eta.
Gaueko 21:00etatik aurrera, lau talde ikusteko aukera izango duzue bertan. Lehenik, erdi Zarauztarrak diren Dictadura taldea joko du eta hauen ostean, Tolosako Lobo Electrico Punk Rock taldeak, Bartzelonako Belgrado Post Punk taldea eta amaitzeko, Mexikotik biran datozen Los Monjo.
Kontzertuaren ostean gainera, Mattingun edukiko dugu gustoko zarata jartzen gaua amaitu eta goiza iristen den bitartean.
Atzo kontu kontari ari ginela furgonetan lo hartu nuen, eta bertan esnatu naiz gaur goizean ere. Ia 12 orduko loa egin dugu gaurkoan. Nabaria da nekea badugula eta aukera dugun egunetan lo ederki egiten dugula! Gaur 3 orduko bidea besterik ez dugu beraz, lasai hartu dugu.
Columbus-era goaz gaurkoan. Bertan, beste hiru talderekin jotzen dugu. Nola ez, bidean, kontzertuko tokira iritsi aurretik, antolatzaileari mezu bat bidali diogu ea diska dendarik gomendatzen digun galdetuz. Helbide bat eman digu eta bertara joan gara. Diska batzuk erosi ostean kontzertua emango den etxera goaz, Legion Of Doom. Gure bartzelonako lagun baten laguna topatu dugu bertan, Ana, mexikarra. Taldeentzat diseñuak eta marrazkiak egiten ditu eta orain bertan bizi da. Kontzertu asko egiten dituzte etxe honetan eta pinta ona du gaurkoak. Sekulako beroa egiten du kanpoan, eta kontzertua izango den etxeko sotanoan, oraindik ere bero gehiago egiten du. Ederra baina gogorra izango da gaurkoa! Jeje. Taldeak gerturatzen hasi dira eta batzuekin hizketan, zarautzen jo zutela ohartu gara. Gu, iada, ez gara beraien aurpegiez gogoratzen baina kuriosoa da, munduko beste puntan, gure etxean jotzen aritutako jendea topatzea. Gau osoan zehar edaririk ordaindu ez zutela eta flipatzen ari zen oraindik.
Afaldu eta orduak aurrera joan arren, ez da jenderik gerturatzen ari kontzertura. Lehen taldeetako kideez gain oso jende gutxi gerturatu da. Eta guk ere horrelaxe jo dugu. 3.enak izan gara jotzen eta kontzertu nahiko tristea izan da. Dena den, kontzertuaren ostean, Zarautzen jotzen aritu ziren taldekideekin beste taberna batera joan gara. Bertan, kontzertua dago eta sekulako saioa gozatu ahal izan dugu. Espero eta ezagutu gabe Grand Father taldea ikusi dugu. Hori da hori zuzenekoa! Bikaina benetan! Billarrera partida batzuk jolasten eta palomitak jaten amaitu dugu gaua. Bihar Cleveland-era!
Zorokuadrila Abuztuak 19, Ostirala
Lanean esnatu gara gara gaurkoan. Bueno, lanerako. Ordenagailuan, eta internetez, taldeko hainbat gauza egiteko ditugu eta horiek egiteko esnatu gara. Anak, kafea egin digun bitartean, birako eta biratik bueltarako ditugun hainbat lantxo aurreratu ditugu. Clevelandera ez dugu bidai luzea (zoragarria da egun batzuetan jarraian km gutxi izatea! Jeje gaizki ohituko gara!). Cleveland-era goaz, baina noski, aurrez, atzo Columbus-en ikusi gabe utzi genuen diska denda bat ikustera goaz (gauza gutxi topatu dugu hemen).
Ez dakigu zer topatuko dugun gaur Cleveland-en. Kontzertua antolatzeko eskatu genionak ez zuen kontzertua antolatu nahi. Azkenean, bere lagun baten taldeari antolatu beharra ziola eta sartu zigun guri kartelean. Lotako eta jatekorik ez digu ematen, beraz, auskalo zer topatuko dugun. Iritsi eta berehala aurkeztu zaigu handik bueltaka dabilen gazte bat. Gure kontaktuagatik galdetu diogu eta beranduago etorriko dela esan digu, bitartean, lasai zerbait edateko eta ongi etorriak garela. Wishky-a eskaini digu edateko. Inor ez gara edatera hausartu! (jeje). Zerbeza batzuk erostera lagundu digu ondoko gasolindegira eta inorekin arazorik badugu berak babestuko digula esan digu. Ero pinta duen arren, tipo ona dugu ezagutu berri dugun Jimmy.
Skate pista bat ere badute gaurko kontzertu areto ondoan. Lagun batzuk bizi dira goian eta behean oso narratza duten kontzertu gela handi xamar bat dute. Txukuntasuna ez da estatu batuarren ezaugarrietako bat (ez guk ezagutu ditugunena behintzat! Jeje). Kontzertua antolatzen ez dago inor zehatzik. Ordenik ez dago eta bakoitzak nahi duena egin ahal duela dirudi. Guk, badaezpada, 2. jo nahi dugula esan diegu. Ez dugu nahi kontzertua izugarri luzatzerik. Nahi duguna egiteko esan digute, beraz, lehenak amaitu ostean, gure txanda iritsi da. Ez dago soinuaren arduradunik, altaboz batek bakarrik egiten du. Beraz, hasi aurretik denak txukun jarri behar izan dugu. Gure gustura jartzean ekin diogu saioari. Kontzertua kuriosoa izan da. Dena den, lehen lerroetan sekulako hutsunea sortu da. Pogo bortitzegia dantzatzen zuten 3-4 kakanarruren erruarengatik jendea atzera bota da eta horrek kontzertua hoztu du. Jendea gustura zegoen arren, astakilo horiengatik, eszenatokia eta jendearen artean tartea handiegia geratu da. Gure kontzertuaren ondorengo taldeetan hasi da zoramena. Aulkiak hegan, koltxoiak, odola,…. Sekulako gerra montatu da kontzertuan. Ez dugu oso ondo ulertzen kontzertuaz gozatzeko modu hau, baina tira, beraiei gustatzen zaiela dirudi eta gaitzerdi.
Lotako tokirik ezean, bideko motel batean lo egitea erabaki dugu. Kontzertuko tokitik ateratzean, gaztetxoak gerturatu zaizkigu kontzertua asko gustatu zaiela esaten, guztiz mozkorturik zeuden haietako batzuk. Bata furgoneta gainean, bestea ipurdia erakusten… xelebrea beste behin gaurko despedida. Eta horrelako agurraren ostean bideari ekin diogu, furgonetak zarata berezia egiten zuela ohartu garen arte. Bat-batean, furgonetako temperatura izugarri igo dela ohartu gara eta bide bazterrean geratu behar izan dugu. Pixkat aztertu ostean, furgonetak ez izozteko likidoa eta ura galtzen duela ohartu gara, beraz, radiadorea berotu egiten da. Ahal dugun moduan motelera iritsi eta lotara goaz, bihar goizean goiz tailerrera joateko planarekin.
Bira amaitzen eta abentura hasten Abuztuak 20 Larunbata
Goizeko zortzietan, gosaldu, eta tailer baten bila abiatu gara. Furgonetaren egoeraz, eta birako azken 3 kontzertuen kezkarekin, bagoaz topatu dugun lehen tailerrera. Radiadoreak konpontzen dituzten bat topatu dugu lehen (hoixe behar dugu), baina itxita dago, beraz, beste batera joan beharko gara. Bigarrena ere itxita, hirugarrenak 24 orduko emergentzi zerbitzua duen arren, gurpilak bakarrik aldatzen ditu. Azkenean, laugarrena topatu dugu irekita. Furgonetak ezin ditu kilometro asko egin eta minutu gutxiro gelditu beharra dugu ura botatzera. Baina 4.ean ere ezin konpondu. Lan asko dutela eta… beste batera bidali gaituzte. Baina oraingoan gruaz joan behar izan gara. Honek, konponduko digula esan digu, baina 1000 dolarren truke. Uraren bonba aldatu behar duela eta horretarako 7 orduko lana duela motor guztia desmontatzeko. Sekulako kolpea izan da hau guretzat. Bira bukatzeko oso gutxi falta zaigunean hau gertatzea tristea da (lehenago gertatu izana tristeago izango zen arren), beraz, aukera guztiak aztertzen hasi gara.
Orduak pasa ditugu aukera ezberdinak aztertzen. Batzuk saiatu eta ez dira suertatu. Aurreko urtean, Europako biran, Italian furgoneta puskatu eta birako kontzertu osoak galdu genituen eta antzeko sentsazioak etorri zaizkigu momentutan. Baina iraganeko mamuei kaña eman behar zaie eta dei asko eta buelta askoren ostean, aurrera egitea lortu dugu! Buffalo eta Pitsburg-en ditugun kontzertuetarako kotxe bat alkilatu, ondoren furgoneta saltzen saiatu eta beste furgoneta batekin egingo dugu New York-erako bidaia. Garestiago aterako zaigun arren, kontzertu denak ematea lortuko dugu. Beraz, aurrera jarraitzen dugu! Humilitatek eta birak aurrera darrai.
Pittsburg-era, berandu, baina iritsi gara. Kotxean kitarrak bakarrik sartu ahal izan ditugu beraz, bertakoek utziko dizkigute gauza guztiak. Dena gaizki atera zaigula zirudien egun honetan, gauzak aldatzen hasi dira. Areto eder batean dugu kontzertua eta Riki, antolatzailea, eta bere lagunak, sekulako lagunak egin ditugu. Kontzertuan jende piloa elkartu da. Kontzertu oso ona eman dugu eta jendeari ikaragarri gustatu zaio. CD asko saldu ditugu eta gainera biharko kontzertu bat lortu dugu! Errazena, bidean geratu, eta birako azken kontzertu hauek ahaztu eta furgonetaz kezkatzea zen arren, bide zailak, emaitza bikainak eman dizkigu. Biderik errazenak iada ezagutzen duzunera eramaten zaitu eta gustura gaude hartutako erabakiaz. Rikiren etxean kontu kontari agurtu dugu eguna. Irripartsu eta gustura.
Riki handia Abuztuak 21, igandea
Sekulako laguna egin dugu Riki. Pancake taldearekin izan zen zarautzen jotzen. Atzo, Plastered Bastard, bere beste taldearekin jo genuen eta sekulako arrera egin digu bere etxean. Maitasun handiarekin zaindu gaitu. Asko eskertzen da bidean horrelako lagunak topatzea. Gainera, gaur, kontzerturik ez genuen, eta berak bere taldearekin zuen kontzertuan sartzea lortu digu. Aupa hi rediox!
Eguna lasai pasa dugu bere etxean, buruhauste guztien ostean deskantsu pixkat merezi genuen. Dena den, furgonetarekin zer egingo dugunaren kezka gainetik kendu ezinean gabiltza.
Pitsburg ezagutzen dugula esateko, erdigunera ere gerturatu gara, osteratxo bat egin dugu eta zer topatuko kaleetan eta Batman pelikularen azken bertsioaren grabaketa ikusi dugu. Batmobil eta guzti.
Areto handi bat duen taberna batean dugu gaur kontzertua. Iritsi eta tokiaren handitasunak harritu gaitu. Texas-ko talde “ezagun” batekin joko dugu, Krum Burms. Jende askok ezagutzen omen du taldea eta jendea gerturatzea espero dute. Dena den, ezin ahaztu, igandea dela. Iada, gustua hartu diogun, billarrean jolasten jardun gara pixkat. Lehen taldea hasi denean aho bete hortz geratu gara. Virginiatik zetorren bikotea bat hasi da kontzertuarekin. Distortsio eta efektu bereziz zikindutako gitarra akustiko bat eta base programatu batzuek nahasten zituzten. Oso arraroa izateaz gain, ez zaigu batere gustatu. Ondoren Plastered Bastard-ek kontzertu bikaina eman du beste behin. Guk, agian, birako kontzerturik exkaxena eman dugu. Utzi diguten materiala dela eta oso arraro sentitu gara denok eta ez dugu bat ere gozatu. Texasko taldeataz ere gehiago espero genuen. Thrash gehiago izango zutela uste genuen baina nahiko musika monotonoa egiten zuten. Pertsonalitate gutxikoa bezala. Azkenean, Rikiren etxera joan gara berriz. Bihar, goizeko 8etan jaikiko gara Niagarako kataratak ikustera, eta hala ere, goizeko 5ak arte egon gara kontu kontari. Handia benetan Riki!
Niagara Abuztuak 22, astelehena
Buffalon dugu kontzertua eta Niagarako ur jauzi ezagunak ondoan daudela aprobetxatuz, bertara gerturatu gara goizean goiz. Atzo esan ziguten espero baino txikiagoak irudituko zitzaizkigula ur jauziak. Egia esan, ez zaizkigu hain txikiak iruditu, baina naturaz inguratuta espero genituen eta inguruan sortu duten hiria eta turismo azpiegitura ez zaigu batere gustatu.
Buffalon, txinatar buffet batean bazkaldu dugu (bai, beste behin), eta postrea jaten ari ginela, ondoan genuen gizon batek, zein hizkuntza hitz egiten genuen galdetu digu. Euskaldunak garela azaldu eta bere aitona galiziarra zela esan digu. Honen ostean, gure bazkaria, berak ordainduko zuela esan eta postrea alaitu digu (behin esan diogu ez zegoela ordaintzeko beharrik, bigarrenean iada onartu dugu, jeje)
Sekulako jendetza elkartu da kontzertuko etxe kanpoan kontzertua hasi aurretik. Astelehena da eta hau harrigarria da. Weekend Nachos-ekin jotzen dugu. Relapse disketxearekin ateratzen dute eta espero genuen jende pixkat elkartzea. Baina ez horrenbeste. Urrian Etengabeko Zarata, Donostiko zarata jaialdian, parte hartzen dute eta beraiek ikusteko irrikaz gaude. Beraien bidez lortu dugu kontzertu hau eta gu izan gara gaurkoan kontzertua irekitzen arduradunak. Kontzertu bikaina eman dugu gainera. Atzokoa eta gero eskertzen da horrelako saio bat. Ondoren, gainontzeko taldeak ikusten egon gara. Weekend Nachos izan da gehien gustatu zaiguna. Sekulako eromena sortu dute jendearen artean. Zaila zen jendartean egotea kolperik jaso gabe. Beraien dirutik ere apur bat eman digute bideari ekiteko eta horrelako keinuek asko esaten dute beraiei buruz. Urrian, larratxoko kultur etxean izango dira, beraz, ez galdu zuzenean ikusteko aukera.
Oporretara Abuztuak 24, asteartea
Goizeko 6ak dira iratzargailuak esnatu gaituenean. Ohiora itzuli behar dugu. Alokatutako autoa itzuli, furgoneta bat alokatu Clevelanden, furgoneta izorratuta dugun tokira joan. Furgonetan dugun materialaren zati bat musika denda batean saldu, furgonetara itzuli, hau saldu, gainontzeko gauzak hartu, eta Brooklyn-en egon beharra dugu 23ak aurretik. Egun luzea dugu aurretik, beraz, egurra!
Autoa utzi eta furgoneta alokatzeko arazoak izan ditugu. Daudenak txikiegiak dira eta gauzak eramateko tokiz oso justu ibiliko gara. Denbora aurrera doa, baina, azkenean topatu dugu balioko digun bat. Uste baina garestiago, baina topatu dugu. Materiala saltzea ere lortu dugu. Nahi baino merkeago, baina tira, gainetik kendu dugu. Furgoneta saltzean hasi dira arazoak. Zorionekoak izan gara, izorratu zaigun tailerrekoak erosi nahi digulako (noski, konponketa txiki batekin furgoneta berria du gizonak). Baina gure egoera ezagutzen du eta badaki azkar saltzeko beharra dugula, beraz, huskeria bat eskaini digu furgonetagatik. Onartu besterik ez zaigu geratzen beraz, aurrera. Papeleoak egitean ere gauzak aldrebestu dira, uste baina zailagoa da, eta New Jersey-ra joan beharko dugu bihar papeleo kontu batzuk egitera. Denborak aurrera egiten jarraitzen du. Azkenean, lortu dugu bideari ekitea. Nahi baino 4 ordu beranduago baina bagoaz. 700 km aurretik. New Yorkera iristeko. Geldialdirik egiteko aukerarik gabe. Baina, gauzak konfiantzaz eta umorez egitean, lortu egiten dira, eta 23etako Brooklyn-en gaude. Bira egiteko utzi ziguten bateria eta baxuaren pantalla itzultzeko orduan!
Ondoren, furgoneta ustera joan gara JFK aireportura, eta handik metroan etxera. Manhattango etxera. Goizeko 3an dira. Esnatu garenetik 21 ordu pasa dira. Erlojuaren kontra egin ditugun 21 ordu. Kezka, buru hauste eta historio pila bat bitarteko. Abentura. Baina, txukun egin ditugu gauzak eta gure artean umore ona mantendu dugu (ez da gutxi!! Aupa gu!!). Dena den, oraindik ere azken pausu bat geratzen da bira ixteko. Bihar, goizean, New Jersey-ra joan beharra dugu papeleoekin bukatzeko, eta orduan 3 egunetako oporrak hasiko ditugu. Etxera itzuli aurretik New York-en izango ditugun oporrak. Eta hegaldia hartu aurreko gauean despedida kontzertua. 49.ena. Ez dugu lortu 50 kontzertu ematea (jeje). Baina bi hilabeteetan 49 ez da makala gero! Benetan gustura gaude egindakoarekin. Sekulakoa izan dela uste dugu. Baina, hau ere, denborarekin baloratzen ikasiko dugu. Orain, biharko papeleoa bukatzea dugu buruan, eta pare bat egunez, NY-n oporrez gozatzea!
Ezin guztiz bukatu Abuztuak 25, asteazkena
Esanda bezala, gaur papeleo guztiekin bukatu nahi dugu. Eta helburu horrekin esnatu, dutxatu eta atera gara New Jersey aldera. Bertan elkartu gara Marianarekin. Bira hasieran azaldu genizuen zein zen Mariana. Kasualitatez ezagutu genuen lagun venezolarra. Kotxeko paper guztiak eta asegurua egiten lagundu ziguna. Ezin da azaldu neska honek gugatik egin duena. Aseguru etxe batean lan egiten du eta bere izenean jarri zuen furgoneta eta aseguru faltsu bat egin zigun. Bidean, zerbait pasa eskero, bera izango zen marroia jango zuena, eta hala ere guri laguntzera animatu zen. Eta oraindik hemen dago guri laguntzen. Diska oso bat egingo diogula esan diogu. Hori eta gehiago ere merezi du gure Marianak!
Munduko toki guztietan bezala, hemen ere, burokrazia ez da erraza. Berehala esan digute egin nahi duguna egiteko papel batzuk falta direla. Baina berriz, Mariana gure aingeru guardakoa atera da. Furgoneta erosi genion Lituaniarrari deitu, orain furgoneta erosi nahi digunari deitu eta dena bere gain usteko esan digu. Egun hauez gozatu eta lasai joateko etxera, bera arduratuko dela denataz. Eta gainera larunbaterako despedida kontzertua topatu digu New Jersey-n…. Eskerrak datorren urtean Euskal Herrira bisitan etorri nahi duen eta orduan berak eman digun laguntza guztia itzuli ahalko diogun!!
Beraz, orain pare bat egun NYetaz gozatzea geratzen da. 100% oporrak! Beraz, oraingoz hemen bukatzen da egunerokoa. Azken kontzertua eta hegaldiaren ostean agur ofiziala izango den arren. Egun batzuetarako deskantsua dugu orain (bi egun besteri ez , baina tira… jeje). Hoixe ba, azken kapitulua iritsi bitartean, muxu bana danoi!