Archive for the ‘Taldeak’ Category

Humilitate egunerokoa

ostirala, 19 abuztua, 2011

Barealdian ostean, Ekaitza! Abuztuak 15, astelehena


Atzoko disgustoa ahaztuta, umorez jaiki gara gaurkoan ere. Une txarrak, une onak bizitzen ahazten direla erakutsi zidan aspaldi lagun batek, eta gaur kontzertua dugu Lexington-en beraz, errepideari ekin beharko.


Berehala iritsi gara bertara, hainbeste ordu eginez egunean, gaurkoa bezalako ibilbide motzak tita egiten dira. Eguardia baino lehen bertan gauden, beraz, kasualitatez topatu dugun liburu denda bat bisitatu eta bufet txinatar batera goaz bazkaltzera. Beranduegi deskubritu ditugu bufet hauek. Merkeak, janari goxoa, aukera begetariano zabala, eta oso merkeak. Beraz, GPS-an “china buffet” jarri eta bagoaz bazkaltzera. Orain arteko buffetik ederrena topatu dugu gaurkoan. Sekulako aukera! Jateko ansia kontrolatu eta lasai lasai sekulako platerka pila jan dugu. Presarik gabe gabiltza gainera gaurkoan eta lasai jatea gauza handia da. Estatu Batuarrek oraindik ikasteko duten ikasgaia. Beste ezer egin gabe, lasai jatea, eta jatearen ekintzaz gozatzea. Beti beste zerbait egiten jaten dute, edo norabaitera bidean. Hori ez da osasungarria.

Arratsaldean, kafetxo bat eta kontzertua dugun etxera joan gara. House show dugu gaurkoan. Ongi etorri irribartsua egin digute iristean eta etxea erakutsi digute. Salatxo txiki batean joko dugu gaurkoan. Gure entsegu gela baina askoz ere gela txikiago batean. Kuriosoa behintzat izango da. Inoiz elkarrekin ensaiatu ez duten hirukote batek hasi du kontzertua. 3 “kantu”-ko errepertorioarekin amaitu dute kontzertua. Kuriosoa hauek eman duten zuzenekoa. Ez zaigu batere gustatu, baina tira. Bigarrenak, herriko gazte batzuk izan dira. Hirukoteak kontzertu txukuna eman du. Thrash eta heavy metal zaharra nahasten zituzten punx estilora. Hirugarrenak izan dira ordurarteko txukunenak. Bolumen aldetik gitarra eta baxua gure gusturako baxuegi zeuden, eta horrek ez zuen doinuak garbi ulertzea laguntzen. 20 lagun sartuko dira gehienez gelan. Beroa goraka doa. Gure ekipoa prestatu dugunerako gela goraino beteta dago. Batzuek ondoko geletako ateetatik begiratzen dute ahal duten moduan. Doinu oso mantso batekin ekin diogu zerrendari gaurkoan (bai, egunero kantu zerrenda aldatzen jarraitzen dugu, jeje), buruak astintzen dabiltza ikusleak, ez dago ezer gehiago mugitzeko aukerarik (edo hori uste dugu). Lehen bateri kolpe azkarrekin hasi da zoramena. Inork mugitzeko tokirik ez zuela uste genuenean, batzuk saltaka hasi eta denak dantzan hasi dira ero moduan. Abeslariak bateriaren platoen kontra, ni ampliari pegatuta eta jendea zoro moduan dantzan. Platoak erortzen, abeslariak ezin abestu… sekulako saioa izan da. Graduek gora egin dute eta baita ikusleren batek ere besteen gainetik. Sinestesina izan da, nire etxeko sala baino txikiagoa zen gela horretan egin den festa.


img_9739-copy


Jende jator askoa topatu dugu gaurkoan ere. Taberna batera gonbidatu gaituzte zerbait hartzera, baina leher eginda gaude, eta etxean geratu gara lasai lasai. Ni izan naiz lehena lotan, besteak “el senor de los anillos” ingelesez ikusten geratu direlarik.


Indianapolis Abuztuak 16, asteartea


Pingo katuaren miazkadek esnatu naute. Nire ondoan zebilen jolasteko gogoekin. Mimo batzuk egin eta jolasten jarraitu nahi zuen, nik ordea lo egin, azkenean, nire ondoan etzan eta biok lo geratu gara. Pingoren ama etorri da hurrena, honek iada ez dit lotan utzi, beraz, esnatu beharko.


3 ordu besterik ez ditugu gaurkoan. Kuriosoa da, etxean gaudenean, zaragozara joatea bide “luzea” egiten zaigu. Biran aldiz, 3 orduko bidea ez da deus. Egunero hainbeste kilometro egiten ohitu egiten da bat. Indianapolisen, ezer berezia ikusteko gogorik ez dugunez, lasai hartu dugu gaurkoa. Atzoko buffet txinatarrera joan gara berriz, sekulako janaldia egin dugu gaurkoan ere eta bideari ekin diogu. The Dogdo aretora iritsi gara zuzenean. Hitzordurako iritsi garen arren, kontzertua beranduago izango dela aipatu digute beraz, diska denda bat ikusteko aprobetxatu dugu (la cabra siempre tira pal monte). Berriz, 8etarako aretora joan eta berehala hasi da kontzertua. Rat stone taldeak ekin dio kontzertuari, hardcore oso azkarra egiten duen talde honek kontzertu bikaina eman du. Emakume ahots gordinarekin zipriztintzen zituzten abiada bizian zapaldutako hc doinuak. Ondoren gure txanda izan da. Jendea gertu sentitu dugu, eta dantzarik ere izan da. Kontzertu bikaina izan delakoan gaude, sentsazio oso onekin bukatu dugu eta jendea eskerrak ematera gerturatu da. 42.kontzertua dugu biran! Eta nabari da jotzerako orduan. Caotic neutral taldeak bukatu du festia. Hauek hc klasikoagoa egin dute. Oso ondo egin ere. Micah, antolatzaileak, bertan abeste du eta gustura ikusi ditugu. Micah beraren etxera gindoazen lotara, baina, baxulariak, bere etxea handiagoa dela eta ez dela bere amarekin bizi esan eta berera eraman gaitu. Zoragarria da hemen jendea erakusten ari zaigun eskuzabaltasuna! Bihar, Jackson-en joko dugu, Michigango estatuan, baina aurrez, Detroit ikustera joan nahi dugu. Dekadentziak jan duen hiria. Etxe abandonatuak eta naturak berriz bere tokia irabazten saiatzen ari den hiria. Mad Max!


Detroit eta Jacksongo hippiak Abuztuak 17, asteazkena


Egunkari batean irakurri genuen birara etorri aurretik, Detroit, “motor city”, dekadentzian dagoela. Garai batean, motorraren industria gorenenean zenean, sekulako hazkundea izan zuen hiria, orain gainberan da. Japonesak, industrian sartzearekin hasi zen gainbera, gaur egun 3 etxeetatik ia bi hutsak daude. Auzo askotan, etxeen barrutan zuhaitzak eta dena hasi dira. Natura bere lekua eskatzen jardungo balitz bezala. Honek, atentzioa deitu zigun eta hau ezagutzeko gogoz Detroitera joateko plana egina dugu. Indianapolisen, hain ondo zaindu gaituzten etxean, gure lagunak agurtu eta bideari ekin diogu. 4 orduko ibilbidea dugu eta aurretik.


img_9757-copy

Detroitera iritsi eta berehala nabaritu dugu aipatutako dekadentzia. Etxe huts asko ikusten da. Downtown-en ere “rascacielo” osoak hutsak aurkitu ditzazkezu. Zoritxarrez, ez dugu etxe barrutik zuhaitzak ateratzen diren auzunea ikusteko paradarik izan, baina, hiri bat egoera honetan ikustea beti da xelebrea eta gustora aritu gara bertan bueltaka. Nahi baino denbora gutxiagorekin agurtu behar izan dugu hiria eta Jackson aldera goaz. Michigango estatuan dagoen hiri honetan atzo bertan lortu genuen kontzertua. Beraz, oso eskertuta gaude etxe honetakoak, guk bertan jotzeko egiten ari diren esfortzuaz.

Hiritik ordu betera dago Jackson, eta iritsi etas sekulako panorama topatu dugu bertan. Hippie-costra-punks arteko nahasketa diruditen jendez beterik dago etxea eta ingurua. Sekulako festa dut bertan. Batzuk, barbakoan hitzegiten, beste batzuk, sukaldean kantari eta dantzan,… etxe guztian zehar dabil jendea bueltaka eta denek irripar handi batez eman digute ongi etorria. Jateko eta edatekoa ere eskaini digute eta konturatzerako, etxeko sotanoan, hasi da kontzertua. Mikro bakarra dago gaurkoan, ahots ekiporik ez dute eta gitarra ampli batetik abestu beharra dugu. Beraz, gure taldeko abeslari bat, abestu gabe geratu beharko da. Honek, ez digu graziarik egiten, beti da tristea denok jo ahal ez izatea, baina dagoena da eta azken orduan lortutako kontzertua izanda ezin ezer exijitzen hasi. Kontzertu zoroa izan da guztiz. Etxeko sotanoko hauts guztia arrotu dute hippiek dantzan. Ampliari pegatuta jo behar izan dugu eta oso kontuz momenturo kitarretan eta kolperik ez jasotzeko. Honen ostean, banjo, biolin eta eskusoinuarekin luzatu dute festa etxeko lagunek. Pelikula batean gaudela dirudi gaurkoan ere!

Arranopolak 25 urte betetzen ditu

asteartea, 16 abuztua, 2011

Arranopola Kultur ekimenak 25 urte beteko ditu laister eta hau ospatzeko sekulako festa antolatu dute Zarauzko Arrano tabernan. Abuztuaren 24ean, asteazkenean, urte guzti hauetan tabernan jo duten talde batzuk ariko dira.

arranopola25

Bertan, Metralleta, Dictadura, Diskoiraa, Txixaparrazta, Hilkar, Lopeor, Mor More eta beste hainbat talde, bakarlari eta sorpresa izango dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

arranopola_eguna-copia

Humilitate egunerokoa

astelehena, 15 abuztua, 2011

Baten faltan, BI! Abuztuak 12, ostirala

Kontzerturik gabe esnatu gara Ryan-en etxean. Presa handirik gabe eta lasai xamar. Ryan, atzo Maritime-n kontzertua antolatu ziguna eta etxeko nagusia, bueltaka dabil. Buelta hauetako batean notizia eman digu: “ei gazteak, Madisoneko taberna batean kontzertua lortu dizuet!”. Sekulako notizia izan da. Kontzerturik ez genuen egun bat zen gaurkoa eta kontzertua lortu dugu Madison hiriko taberna batean.

Ohitura onak ez galtzeko, Appleton agurtu aurretik, bertako musika denda bat bisitatu dugu. Diska batzuk erosi (hegazkinean diska guzti hauek nola itzuliko ditugun ez gara pentsatzen jarri oraindik… egingo dugu zer edo zer), eta Madison aldera goaz. Bertan, Earwax records-era joan nahi dugu. Diskak begiratzen ari ginela, gu aritutako taldeen diskak ere topatu ditugu: Erantzun, Trigger Travis,… ilusioa egiten du munduko beste puntan norbere diskak ikustea (saldu ez direnaren seinalea izan arren, jejej). Euria ere hasi du, beraz, tabernara goaz zuzenean. Bertan harrera bikaina egin digu tabernariak. Gaur gauean jo behar dugun taldea garen galdetu eta zerbeza atera digu. Gaur bertan komentatu diotela kontzertuaren kontua eta gu bakarrik arituko garela jotzen esan digu. Ez dakiela jende gehiegi etorriko den etab… kontzerturik gabeko egun batean, ordu batzuk lehenago kontzertua antolatzera animatzearekin nahiko egin du berak, eta guk bihotzez eskertzen diogu. Dena prest utzi eta kontzertua hasteko zain geratu gara, kontu kontari, beisball-a ikusten. Gustoa hartzen hasi gara kirol honi.

Nick, kontzertuaren berri tabernari eman diona ere etorri da. Guri buruz gauza onak entzun dituela esan digu eta gustura animatu dela guri kontzertua antolatzera. Pena dela azken unean antolatu izana eta ez dakiela jende gehiegi etorriko denik. Gaurkoan berdin zaigu zenbat jende etorriko den. Noski, beti nahiago jende asko gerturatzea, gutxi batzuentzat jotzearekin kontentu! Kontzertua hasi aurretik billar partida bat botatzen ari garela Nick etorri da korrika. Madison bertan, beste areto batean kontzertua dagoela eta kontzertu hartako talde batek deitu diola guk bertan jotzea nahi dutela esanez. Guretzako dirua ere bildu dutela esan diote. Taldea zein den galdetu eta, Screaming Chinchin and the pons direla esan digu. Talde honekin, Salt Lake City-n jo genuen. Hirian geundela jakin zutenean, Nick-ekin kontaktuan jarri ziren guk beraiekin jotzeko. Beraz, tita batean jo dugu lehen kontzertua eta oraindik ere izerdi patseta gaudela joan gara bigarren kontzertura. Lehen kontzertuan ez da jende gehiegi egon baina egon direnei asko gustatu zaie gure kontzertua. Batzuk, gurekin datoz bizikleta dendara (bizikleta denda batean da bigarren kontzertua). Iritsi garenean sekulako jendetza topatu dugu. Moderno itxurako jende asko. Asko asko. Gure kideak jotzen ari dira eta gustura hartu dugu beraiek berriz ikustea. Beraiek, Madison bertakoak dira, eta birako azken kontzertua dute. Beraz, beraien ostean, jendeak alde egingo duenaren beldur gara. Sekulako kontzertua eman dute Screamin-ekoek. Jende guztia dantzan eta beraien abesti guztiak abesten jardun dira. Ea gurekin ondo pasatzen duten. Beraz, presaka, inor aldegin aurretik dena prestatu, kalean dauden denei “the show is going to start! Come everybody inside please!” oihukatu eta “one , two , three , four” kaña emateari ekin diogu. Espero ez genuen arren, denak sartu dira barrua eta dantzari ekin diote. Gure gainean sentitu ditugu uneoro, oihuka eta saltaka. Sekulako kontzertua izan da. Harrigarria! Bikaina! Sinestu ezinda bukatu dugu denok. Leher eginda, baina, gustura. Kontzerturik ez genuen egunean, azkenean, baten faltan bi! Eta nolakoa gainera!

20110813_madison_i_1662

Eguna ondo bukatzeko, Shane, Screaming-eko abeslariaren etxera goaz, gaur ezagututako lagun batzuekin, beraiek zerbeza batzuk hartzeko asmoz. Gu ordea, 5.minutuan lokartu gara.

Chicagoko Elizan Abuztuak 13, Larunbata

Gaur Chicagora goaz. Bira osoan zehar atentzioa deitzen digun hiri horietakoa da Chicago. Ez dakigu, Michael Jordan, Los Crudos,… zergatik izango den, baina hiri honek energia ona transmititzen digu. Beraz, interes bereziarekin goaz gaurkoan errepidean (gaur ere!)

Indiar auzora joan gara bazkaltzera. Buffet begetariano batean bazkaldu dugu oso ondo jan ere. Handik, Chicago Bulls taldearen kantxara joan gara. Talde honen zaletuak izanak gara taldekide batzuk eta bertan dagoen Michael Jordan handiaren estatua ikusi nahi dugu. Inoiz egon den kirolari onenetarikoa asko gustatzen zaigu eta ilusioa egiten digu Airo Jordan jaunarekin argazkitxoa ateratzeak (bai, turistak gara eta zer! Jeje). Euritan bada ere, atera dugu argazkia Jordan jaunarekin. Downtown aldera joan gara ondoren. Chicago pixkat gehiago ezagutzeko asmoz. Estatu Batuetako eraikin handiena dago bertan. Hirugarren hiririk handiena da eta erdigunea handia den arren, oso txukuna iruditu zaigu. Orain arte ikusi ditugun hiriekin alderatuta, oso garbia da. Erreka ere pasatzen da erditik eta oso polita iruditu zaigu. Hurrena, denbora gehiagorekin etortzeko gogoarekin agurtu dugu erdigunea. Hegoaldera goaz, kontzertuko tokira.

Iristean, First Lutheran Church ikusi dugu. GPS-an sartutako helbidea eta elizako helbidea berberak direla ikusi eta zerbait gaizki dagoelakoan gaude. Baina ez, Show is upstairs, jartzen duen kartel bat ikusitakoan, eliza batean jotzen dugula ikusi dugu. Berehala etorri da Karlos, Shaman Records-eko arduraduna, eta kontzertuko antolatzailea. Sarri antolatzen dituztela kontzertuak bertan esan digu. Beraz, gaurkoan ez dugu pizzeria, takeria, zerbezeria, etxe edo areto batean joko, gaur, bizitzan lehen aldiz, eliza batean joko dugu (jeje).

Jazz talde batek hasi du kontzertua. Musikari bikainak hiru gazteak. Ondoren Minneapolis-eko death metal talde batek jo du, False. Kontzertu bikaina eman dute, sekulako ahotsa du Alli abeslariak. Etxeko talde bat eta ondoren gure txanda iritsi da. Atzoko kontzertuaren ostean, konfiantza handiarekin hasi gara. Jendeari gerturatzeko oihukatu eta abesti azkar batekin ekin diogu. Berehala erantzun du jendeak. Beraiek esaten duten bezala, sekulako “slam”-a sortu da eta kontzertu eroa beste behin. Kariñoa hartzen hasi gara latino hauei! Jeje.

Kontzertua bukatu ostean Phobia ikustera joan nahi genuen. Chicagon jotzen zutelako beste toki batean, baina, azkenean ez digu denborarik eman eta lagun batzuekin Karlos-en etxera joan gara. Chicago iparraldera. Kontu kontari gaua luzatu zaigu gaurkoan. Goizeko 4ak aldera arte egon gara bertan hitz egiten lehenak lotara joan diren arte, gaur, azkenak 6etan erretiratu dira. Bihar, Indianapolis-en jotzen dugu eta 3 ordu bakarrik ditugunez, presarik gabe lo egingo dugu.

Egun beltzak ere badira Abuztuak 14, Igandea

Indianapolisen jotzen dugula eta bidea 3 ordukoa dugularik, presa gabe esnatu gara. 13:00tak dira Fresek esnatu gaituenean. Karlos-ek bazkaria egin nahi digula eta gaurkoan dugun bidea motza izan arren, egin beharra dagoela eta, mugitzen hasteko garaia ere badugu. Atzo, afaltzeko, burrito mexikar-amerikarrak prestatu zizkigun Karlosek. Gaurkoan, %100 janari mexikarra prestau nahi digula esan digu. Batzuk bazkaria presatzen laguntzen, beste batzuk internetez datak errepasatzen… lasai egon gara eguneko sustoa hartu dugun arte. Gaur, Indianapolisen jotzen genuela uste genuen arren, nahastuta gaude, gaur, Nashvillen dugu kotnzertua. 3 orduko bidea izan orde, 8 orduko bidea dugu (geldiunerik egin gabe). Honetaz konturatu garenean, eguardiko 3ak dira. Beraz, ia ezinezkoa dugu kontzertura iristea. Kontzertu antolatzaileari deitu diogu, kontzertua tokiz aldatu eta beranduago bukatu daitekeen areto batean egingo dugula esan eta bideari ekiteko esan digu. Bi aldiz pentsatu gabe, dena jaso eta bagoaz errepidera. 800 kilometro egitera.

Bidean, istripu bat dela eta ia ordubete galdu dugu trafiko ilara batean. Gure kezka handitzen doa. Kontzertua jotzeko aukerak geroz eta txikiagoak dira eta oraindik ere kilometro piloa ditugu egiteko. Beranduxeago etorri da bigarren sustoa. Bat-batean, mugikorreko ordua aldatu zaigu. Ekialderantz goazenez, ordu bete aurreratu da mugikorra. Beraz, uste baino ordu bete beranduago iritsiko gara. Honek iada gure plan guztiak pikutara bidali ditu. Ezinezkoa izango da goizeko 2ak aurretik iristea eta igande batean ezin dugu ordu horretan jo. Antolatzaileei deitu, barkamenak eskatu, eta bidean geratu behar izan dugu. Biharko kontzertuko hiritik nahiko gertu gaude eta alferrik da Nashville-raino jeistea. Triste, eta gure akatsa izan den atsekabearekin, errepide bazterrean moteltxo batean lotan geratu behar izan dugu. 41.ena izango zen kontzertu gabe geratu gara, pena handiz. Baina tira, horrelakoak ere gertatzen dira eta ezingo gara triste jarri. Eutxourrei bat elkarri eta momentuaz gozatzea geratzen da. Bihar, Lexington-en joko dugu… bitartean…. Eutxourrei! Beti! Baina beti eh!

Humilitate egunerokoa

ostirala, 12 abuztua, 2011

spakizunetan Abuztuak 9, asteartea

Abuztuaren 9a dugu, atzo esan bezala, gaur goizeko 6etan jaiki gara. Rashmore mendia ikustera joan nahi dugu eta ondoren 1000km gidatuko ditugu Minneapolis-era iristeko. Gaur, ez dugu kontzerturik. Arrona abeslariaren urtebetetzea da eta berak gonbidatuta afari eder batekin ospatu nahi dugu.

20110809_mt_rashmore_1524

Eguneko lehen izpiekin esnatu eta bagoaz Keystone-ra. Presidenteen aurpegiak harrian tallatuak egoteagatik ezaguna da mendi hau. Eta sekulako negozioa montatua dute honen inguruan. Kuriosoa da mendialdeko herrixka hau. Kuriosoa ere presidenteen aurpegiena. Ongi eginak daude, dena onartu behar bada. Baina mendi magalean aurpegiak egiteko puskatutako harri denak oraindik ere jaso gabe egotea… ez da oso polita geratzen! Turista tipikoenak bezala argazkiak atera eta bagoaz Minneapolisera. (kuriosoa ere dirua jarri zuten empresa guztien zerrenda aurpegiak ikusten diren miradorearen ondoan. Bakoitzak jarritako diru kopurua eta guzti gainera! Jaja)

1000km uste baino errezago egin ditugu. Jada hilabete eta bi aste goaz egunero gidatzen eta ohitura ere hartu dugu. Hau kamionero kuadrila. Motel batean egingo dugu lo gaur. Iritsi garenean, igerilekuan bainutxo bat, relax pixkat, erropak garbitu, oraindik libre ditugun egunetarako kontzertuak bilatzen jarraitu, batzuk aurkitu, eta bagoaz afaltzera. Gaur oporrak bezala dira guretzat eta Arronaren urtebetetzea ospatzeko gogoz gaude. Minneapolis erdigunera gerturatu gara afaltzera eta afari bikaina egin dugu. 32 urte bete ditu Arronak. Sekulako betekadarekin bukatu dugu denok, ia oinez ibiltzeko gai ez garela… bihotz bihotzez eskerrik asko eta urte askotarako Arrona! ZORIONAK!

Azken unean Abuztuak 10, asteazken
a

Presa handirik gabe esnatu gara. Ez dugu, printzipioz kontzerturik. Kontaktu askori esan diegu ea kontzerturik antolatua dagoen eta gu bertara gehitu gaitezkeen, baina oraingoz, ez dugu ezer. Rapid City-n ezagututako lagun bat eta bira osoan zehar ezagututako lagun batzuk ere ari dira beraien kontaktuei deika guri zerbait lortzeko. Beraz, ezer berezirik ez dugu, eta lasai deskantsatuta jaiki gara.

Ohikoa den bezala, diska denda pare bat fitxatuak ditugu Minneapolis-en, baita artista galeria bat ere. Internetez jarraitu izan dugun arte galeria bat. Hantxe aritu gara bueltaka, diska pila erosi ditugu gaurkoan. Lehen diska dendatik atera eta kalean tipo bat etorri zaigu kasu egitera. Ea Humilitate ginen galdetu digu. Myspace-ean ikusi zigula eta Allan eta Haroldo (aurreko egunerokoetan agertu diren pertsonaiak hauek) deitu diotela guri laguntzeko eskatzen. Guretzat janaria erosi eta etxeraka dijoala esan digu. Kontzertua bilatzen saiatzen ari dela ere komentatu digu. Arratsalderako hitzordua egin dugu eta gure turismo bidaiarekin jarraitu dugu. Eta horrelaxe jardun gara egunean zehar, kalean topatu dugun gazteak, Joseph-ek, deitu digun arte. Kontzertua lortu digu “Meduse” aretoan (handia!). Atzo oporretatik etorri eta 4 ordutan kontzertua lortu digu. Lagun guztiei mezuak idazten pasa duela arratsaldea esan digu. Bere etxean afaldu eta aretora goaz.

20110809_mt_rashmore_1538

Somaliako errefuxiatuak bizi diren auzo batean kokatzen da “Meduse”. Modu kolektiboan antolatutako aretoa da. Ia egunero egiten dituzte kontzertuak. Aurreko bi egunetan ere kontzertuak izan dira eta horregatik jendea etortzea zaila izango dela esan digute. Ondoko kalean Madball talde ezagunak jotzen du ere. Baina tira, azken unean lortutako kontzertua izanda bi pertsonentzat jotzea ere ederra da guretzat gaurkoan!

Kontzertura gerturatu direnak, denak, lagunei idazten ari dira. Kontzertua eta Euskal Herriko talde bat dagoela zabaldu dute sms bidez. Brasildar batzuekin joko dugu gaur, Minneapolisen bizi diren Fabela Rise taldearekin. Gure lagunak diren lagunak dira eta mundua zein txikia den ohartu gara. Kontu kontari ari garela, Meduse, jendez betetzen hasi da. Konturatzerako kopuru ederra elkartu eta kontzertua hasi da. Pare bat edo hiru etorri zaizkigu gure Los Angeles-eko bideoa Youtube-n ikusi dutela esanaz eta oso gustoko dutela. Ederra da azken unean kontzertua izango dela ohartu eta halare gure berri bilatzen jardun direla ikustea.

Ez genuen espero, baina azkenean, kontzertua lortu bakarrik ez, sekulako kontzertua atera da. Jendea gu hasteko desiatzen zegoen eta lehen abestietatik dantzan hasi dira. Izerdi asko bota dugu biran, baina gaurkoa, kontzerturik izerditsuenetakoa izango zen. Oso eskertuta gaude. Azken unean horrelako harrera egin eta denek egin duten saiakera eskertzekoa da benetan. Beren poltsikotik ere dirua jarri dute batzuek gure bidairako. Azkenean, Joseph-en etxera goaz, lagun brasildarrak gurekin datoz, hauek parrandako gogoarekin, baina gu, 5.minutuan lokartu gara.

Sagardoaren hiria Abuztuak 11, osteguna

4 ordu besterik ez ditugun arren, 10etan jaiki gara. Zeregin gutxi batzuk ditugu eta Denborarekin ibiltzeko. Gasolina bete eta Appleton aldera goaz. Gasolindegitik atera orduko poliziak geratu gaitu. Gasolinerara sartzean guri begira nabaritu dugu eta ez gaitu harritu egia esan. Ez gara urduri jarri, normalean, horrelakoetan, urduri jartzea ohikoa da. Polizia azken finean polizia baita. Gainera, guk matrikula eta seguro asuntoa nola ahala moldatuak ditugu. Baina gauzak txukun eginak ditugu eta lasai esan diogu “goodmorning” sheriff-ari. Egunonak eman eta ea matrikulen legea nolakoa den ez dakigun galdetu digu. Turista aurpegia jarri eta ingelesa oso ondo ulertzen ez dudanaren aurpegia jarri diot, nongoak garen galdetu, “Spain” erantzun eta barre egin du. Harritu egiten diete hain urrutitik etortzea. Motelago azaldu digu matrikula hori ez dela legala estatu batuetan. Baina hilabete barru bagoazenez ez dugula arazorik izango esan digu. Bertakoek izaten dituzte arazo gehiago. Seguroko papera ere begiratu digu eta dena zuzen dugula eta zorte ona opatu digu. (jaja jakingo balu). Beraz, seguro eta matrikularekin egindako jokaldia dotore atera zaigu! Eskerrak gure lagun venezolarrari.

Appleton, Madison inguruan dagoen hiri txiki bat da. Sagardoa dagoela bertan esan digute. Ez dugu bertako sagardoa dastatzeko gogo berezirik baina tira. Bidaia interesgarria izan da. Judu komunitate bat ikusi dugu bidean, oraindik ere karroan eta aintzinako erropekin ibiltzen dira, Amish-en antzekoak. Egiteko genituen zereginak egin, eta kontzertuko tabernara joan gara. Maritime tabernan joko dugu gaur. Kontzertu asko egiten dituzte bertan. Iritsi eta denbora pasa moduan billar partida bat botatzen ari garela etorri da Ryan, antolatzailea. 3 taldek jo dugu gaurkoan. Batere gustatu etzaigun herriko talde bat, Arizona Drone Throne talde bikaina eta ondoren gu. Kontzertuan ez da jende gehiegirik bildu baina jendeari asko gustatu zaio gure saioa. Kamixeta guztiak saldu ditugu eta iada cd eta kaseteak bakarrik geratzen zaizkigu. 100 kamixeta dagoeneko, ez dago gaizki!

Humilitate egunerokoa

asteartea, 9 abuztua, 2011

Rapid Cityko sorpresa Abuztuak 8, astelehena

Olioa aldatu behar geniola eta Arrona eta biok jaiki gara besteak oraindik lotan daudelarik. Furgoneta hartu eta olioa aldatzera joan gara. Formula unoko pit stop bat ematen zuen joan garen tailerrak. 6 pertsona zeuden gure furgonetarekin lanean eta 8 minutun aldatu diote olioa eta filtro guztiak! Harrigarria! Haroldoren etxera itzuli, gainontzekoak esnatu, furgoneta kargatu eta abiatzeko prest. Gaur, berriz, 7 ordu ditugu bidean, beraz… ezin gehiegi luzatu. Dena den, Haroldok prestatutako gosari ederra dastatu ahal izan dugu etxetik atera aurretik. Aupa hi!! Hoi da hoi ondo zaintzea!! Gogoa dugu bera europara biran etorri eta guk faborea itzultzeko. Plazer bat da lagunak zaintzea! (zaindu maite duzun hori, batek abesten zuen bezala). Tripa bete, eta errepidera!

20110809_rapid_city_1500

Goiz iritsi beharra dugu Rapid City-ra. Ezerezaren erdian dagoen hiria da. Moteroen hiria. Bidean, milaka motorista gurutzatu ditugu. Sekulako motoak gainera. Ordu aldaketa ere egin digu mobilak. Beraz, bestela ere berandu bagindoazen, orain ordu bete beranduago. Ekialdera goazen honetan ordu aldaketa gure aurka dator. Kontzertuko aretora iritsi gara, eta zarata entzuten da barruan. Kontzertua hasi delakoan sartu gara barrura eta musika jotzen ari diren 3 lagun besterik ez daude areto erraldoi batean. Harrituta geratu gara. A ze kontzertua biziko duguna gaur… jejeje. Beraiekin hizketan hasi eta kontzertua atzeratu egin dela esan digute… beraz, aretoak dituen sofetan etzan eta pixkat deskantsatu dugu. Antolatzailea ere etorri da beranduago. Kontzertua egiteko arazoak daudela komentatu dizkigu. Duela bi aste, herriko gazte batek, polizia tirokatu zuela eta 2 hil zituela esan digu. Poliziak bera tirokatu omen zuen eta gaztea hil zutela. Kontzertua, berari egingo dioten omenaldia omen da. Baimenik eman ez duten arren, nola ahala aurrera aterako dela. Eta halaxe izan da.

Jendea gerturatu da pixkanaka, ez gehiegi egia esan. Lehen taldea batzuk ikusi dute eta bigarrenean ia aretoa hustu da. Astelehen gogorra aurretik genuelakoan hasi gara gure musika tresnak prestatzen. Baina dena prestatu dugunerako aretoan zegoen jende dena sartu da barrura. Kontzertua hasi eta denak dantzan jarri dira. Kontzertua erokeria izan da. Bikaina! Eta bideoan grabatua geratu da. Denek erosi dute zerbait eta ia kamixeta gabe geratu gara. Eskerrak eman dizkigute etortzeagatik eta sinadurak ere eskatu dizkigute (ajajaj eta ez da lehen aldia! Ohikoegia bilakatzen ari da gure gustorako… ez gara komodo sentitzen). Sekulako harrera egin ostean, kontzertuko lagun batzuk eta antolatzailea bere etxera joan gara. Zerbezak erosi dituzte guretzat eta afaria prestatu digute. Gaueko 12ak dira. Bihar goizeko 6etan jaiki beharra dugu, beraz, ezin nahi bezainbeste luzatu… Bihar, estatu batuetako presidenteen aurpegiak dauden mendia ikustera goaz. Eta atsaldean Minneapolis-era!

Humilitate egunerokoa

astelehena, 8 abuztua, 2011

Barrukalderantz, Boise “euskalduna” Abuztuak 4, Osteguna

Goiz jaiki gara gaurkoan. 800 kilometro ditugu aurretik eta Boisen, Cryss-ekin egindako hitzorduaren aurretik, hiria, zertxobait ezagutu nahiko genuke. Gainera, orain, berriz ekialderaka hasiko gara, eta gaur berriz, ordu aldaketa dugu. Orain arte, bidaiatzeko ordu bete irabazten genuen arren, orain, ordua aurreratu behar dugu, beraz, ordubete gutxiago izango dugu. Goizeko 7terdiak dira eta bagoaz bideari ekitera. Gaur, Boisera goaz, euskaldun komunitatea bizi delako ezaguna den hiriburu honetara (guretzat behintzat)

Kostaldea agurtu dugu eta berarekin berriz haize freskoari ere agur esan behar izan diogu. Berehala nabaritzen da aldaketa. Kilometro gutxi batzuk barrukaldera egin, eta haizea bera ere beroa da jada. Dena den bidaia arin xamar egin dugu.

Hitzordua baina 30 minutu lehenago iritsi gara. Kontzertua jo beharreko aretoa itxia dago beraz, aretotik oso gertu geratzen den euskal street ikustera goaz. Kuriositatea sortzen digu hainbeste aldiz entzun dugun “euskal komunitate” hau hemen nola bizi den ezagutzeak. Iritsi eta berehala topatu dugu “Bar Gernika”. Euskal kultura azaltzen duen mural baten ondoan. Eta hortxe bertan hasten da Euskal street. Ikurrinak daude zintzilik kaleko argietatik. Euskal izenak dituzten taberna eta hotel batzuk ere badira eta museo bat ere bai. Justu museoaren aurrean trikitixa entzun dugu, gerturatu, eta dantzari talde bat euskal dantzak dantzatzen ari da kalearen erdian, turisten gozagarri. Jende dexente dago inguruan argazkiak ateratzen. Guk ezin diogu barreari eutsi. Grazia egiten digu Euskal Herritik hain urrun bertako dantzak ikustea. Ingelesezko speaker eta guzti! Jajaja Kuriosoa behintzat izan da. Ezin izan gara, “euskal” taberna hauetako batera sartu gabe geratu, Gernikara sartu gara eta euskal produktuak daudela ikusi dugu. Kuriosoa benetan. Basque favourites-en barruan kalimotxoa dute menuan. Idiazabalgo gazta kaliforniakoarekin batera, sagardoa (cidre), … kuriosoa “euskaldunak” izateagatik dituzten prezio altuak. Kuriosoa guztiz (jeje).

Paseotxo labur honen ostean aretora goaz. Iada irekita dago eta jendea dabil inguruan. Cryss-ek ongi etorria eman digu eta kontu kontari aritu ostean, lehen taldea prest dago jotzeko. Kontzertu txukuna eman dute gazte hauek. Indarra dute. Geroz eta jende gehiago dago eta giroa berotzen ari da. Gu, bigarrenak gara. Jotzen hasterako, gerturatzeko esan ikusleei eta berehala gerturatu dira. Giroa berotuko denaren pinta du. Lehen abestiak denak segidan jo ditugu eta jendea dantzan hasi da. Azken hilaran ere jendea gozatzen ikusten da eta azkenean sekulako kontzertua atera da. Beste behin, izerditan eta irripartsu bukatu dugu. Kontzertua amaitzeko, Boise bertako, talde gazte batek jo du. Bukatzean, dena jaso eta Cryssen etxera goaz. Afaria prestatuko digu. Aitona Bermeokoa zuen neska bat ere gerturatu da gurekin hitzegitera. Punki itxura du, txupa partxez josia du, eta tartean ikurrina ere bai.

Afari ederraren ostean, ez dugu gehiegi iraun kontu kontari. Oso nekatuta iristen gara iluntzera. Beraz, sakua hartu, esterilla lurrera bota, eta lotara. Bihar Salt Lake City dugu helmuga. 557 kilometro.

Hunger Strikes Abuztuak 5, Ostirala

Beste behin goizean goiz jaikitzea tokatzen zaigu. 7etan jo du iratzargailuak. Gaurko kontzertua 7etan asten den arren, arratsaldeko 3retan Pelican Bay gartzelan gose greban dauden presoen aldeko protesta bat dago eta bertara goaz. Pelican Bay kartzelan, tortura eta tratu txarrak zirela eta 20 lagun gose greban hasi ziren. Gaur egun, kartzela ezberdinetara zabaldu da eta iada 2000 preso baino gehiago daude gose greban. Arrazen arteko gatazkak bilatzen dituen espetxe politika, lizundutako janaria, argirik gabeko geletan 4 hilabeteko egonaldiak, torturak,… egoera jasan ezin honek eraman die azkenean kartzela ezberdinetako presoak gose greban hastera. Preso hauen aldeko jardunaldien barruan antolatu dute gure guarko kotnzertua eta protestan parte hartzera joan gara Salt Lake City-ra.

20110803_seattle_bremerton_1345

Salt Lake City, oraindik ere Mexiko zenean, Mormoiek, bertan bizitzeko baimena eskatu zieten Mexikoko gobernuari. Hauek, denborarekin, mexikar izateko baldintzarekin, bertan bizitzen utzi zieten. Mormoiek aldiz, Estatu Batuarrekin bat egin zuten eta haiekin bat egin zuten inguru dena Estatu Batuak izateko gudan. Orain, Mormoien lurraldea da Salt Lake city. Lege gogorrak daude hemen. Kanpotik etorritakoei geroz eta zailago egiten zaie hemen bizitzea. Gidatzeko eta bizitzeko behar dituzten baimenak debekatu eta kartzelaratu eta kanporatu egiten dituzte. Kaleetan ere, kanpotarrak jipoitzen dituzten talde nazi asko daude. Adibidez, zerbezak ezin du 3 gradutik gora izan. Kanpotik ekarritako zerbezek ere gradu gutxiago dituzte hemen. Mormoien erreinua da hau.

Protestan ez gara jende gehiegi elkartu baina entzun zaigula iruditzen zait. Ondoren, kontzertua egin behar genuen etxera joan gara. Lan eta eskaintza komunitarioak dituen etxea da. Bertan bizi direnek poliziaren aldetik errepresio handia jasan duten arren, hiriko gazteentzat gauza ezberdinak antolatzen dituzte.

Motel joan da arratsaldea. Antolaketan ez da fundamentu gehiegirik nabari eta mikro batzuk lortzeko ordu asko tardatu dituzte. Kontzertua, berandu, baina hasi da. Misouri-ko talde baten ostean izan da gure txanda. Etxeko saloian da kontzertua. Gainezka dago eta jendea muturraren parean sentitzen dugu. Lehen bateri kolpeak hasi direnerako hasi da eromena. Jendea zoro moduan dantzan eta gu gozatzen. Kontzertu bikaina izan da. Arazo teknikoak medio, Arronak, ezin izan ditu azken bi kantak abestu, eta honek pixkat zapore gazigozoa utzi digun arren, kontzertu bikaina izan da. Bertako jendea zoratzen geratu da, eta jendea gerturatu zaigu gasolinarako bere poltsikotik dirua ematera. Oraindik ere keinu hauek harritzen gaituzte. Keinu politak benetan. Beste behin, dena jaso, eta leher eginda bagoaz antolatzailearen etxera deskantsatzera. Bihar 1000 kilometro ditugu eta 7etan jaiki beharra dugu. Beraz, Jorgerekin kontu batzuk etxean eta lotara berehala.

Pueblo, hau bai herria Abuztuak 6, Larunbata

Normala den bezala, lo gehiago egiteko gogoarekin esnatu gara gaurkoan. Azken egunetan lo gutxi egitea tokatu zaigu eta nabari da nekea. Baina tira, bagenekien estatu batuetako erdialdea gurutzatzean lo gutxi eta kilometro asko tokatuko zitzaizkigula, beraz, irripar egin eta aurrera. Gaur, 800 kilometro ditugu Denver-era. Bertan, Catheter eta Capitalist Causalties mitikoko Haroldorekin elkartu eta Pueblora joango gara, beste 200 kilometro. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, furgoneta arrankatu eta errepidera.

Uste baino errazago egin ditugu kilometroak eta 4etarako Denver-en gara Haroldo-ren etxean. Bere kotxea hartu eta Pueblora. Hiri txikia da Pueblo. Txikia, orain artekoekin alderatuta. Gure herriarekin alderatuta handia baita. Bertan, kotxeak konpontzeko tailerra izandako eta gaur egun taberna kuriosoa den aretoan jotzen dugu. Iristerako, lehen taldeak ia dena prest du. Zerbezatxo bat hartu eta jada lehen taldea hasi da jotzen. Heavy mantsoa edo antzerako zerbait egiten dute. Ez zaizkigu batere gustatu. Bigarrenak, Haroldo eta konpañia dira. Ez lehen aipaturiko taldeekin, Dodsfalla taldearekin baizik. Hauek askoz gehiago gustatu zaizkigu. Crust bortitza egiten dute eta kontzertu txukuna eman dute. 3.enak lehen taldeko kide batzuk eta beste berri batzuek osatzen dute. Hauek ere txukun egin dute saioa. Thrash zaharra jorratzen dute eta potente sonatu dute. Luzeegi jo dute gure gusturako eta azken abestiak luze egin zaizkigu. Jendea pixkanaka berotzen ari da. Dena den, tabernak terraza erraldoia du eta jende asko kanpoan dago. Gure kontzerturako ea denak sartzea lortzen dugun. Dena prestatu eta jende asko dago gure kontzertua hasteko zain, lehen kitarreoekin kanpoan dauden asko sartu dira eta pinta ona du. Ez dugu huts egin. Lehen 4 abestiak bata bestearen atzetik jo eta jendea zoratzen ari da. Zerbeza airetik, jendea lurretik, abeslarien pausu bat atzera eta dena egin behar izan dute “babesean” abesteko. Asko gustatu zaio jendeari eta txalo zaparrada handia jaso dugu kantuen ostean. Jende asko gerturatu zaigu eskerrak ematera. Hain herri galdura nolatan etorri garen arrituta, flipatzen geratu dira kontzertuarekin. Gu ere oso oso gustura. Birako kontzerturik ederrenetakoa. Trago batzuk hartzera gonbidatu gaituzte kontzertu ostean, Haroldo-ren etxera itzultzeko nekatuegi gaude eta bertan geratuko gara eskaini diguten etxe batean lotan. Azkenean, etxea, karabana bat zen. Jeje nahiko toki deserosoa eta zikina lotarako, baina tira, biran gaude, beren etxea eskaini digute eta bihotzez eskertu diegu emandako dena. Bikaina gaurkoa eta biharkoak ere pinta ona du. Gainera 200 kilometro bakarrik ditu Denver-en dugun kontzerturako. Ea ba zer moduz doan.

Denver-era Abuztuak 7, igandea

Karabanan esnatu gara. Atzo gauean, oheratzean, Hristok esan zigun goizean sekulako beroa egingo zuela. Eta halaxe izan da. Eguzkiak karabana jo duen momentuan sekulako beroa egin du. Gaur, presa berezirik ez genuen jaikitzeko, eta atzoko bidai luzearen ostean, presarik gabe lo egin nahi genuen. Baina eguzkiak ez digu lotan utzi. Beraz, jaiki eta egunari ekin diogu. Motel hasi gara dena den. Banan bana esnatzen joan gara. Bata gora begira, ni atzeratutako egunerokoak idazten, bestea gainontzekoak esnatu zain,…. Etxeko salan elkartu gara denak pixkanaka. Etxekoak ere pixkanaka esnatu dira. Batek, esnatu eta berehala, gitarra hartu eta kantu bat jo ahal zuen galdetu digu. Baietz esan diogu (onartu behar dut, baiezkoa ematean, gogo gehiegirik ez genuela inor kantari entzuteko, eta ez genuen gehiegi ere espero esnatu berria zen hippiaz). Baina kantari hasi denean, maitemindu gaitu. Sekulako abestia jo du gazteak. Ahots bikaina eta kantu zoragarria. Kamera atera eta berriz jotzeko eskatu diot, kantua ahaztu ez dezadan, eta bueltakoan ikasi dezadan. Hitzak ere eskatu dizkiot Jeremeyri. Jatorra mutila. Artista!

Bi ordu besterik ez ditugu gaurkoan. Hau ez da ezer! Huskeria! Sekulako beroa egiten duen arren, ez zaigu axola. Bidean galdu nuen tripodea erosi dugu bidean eta Denver-era berehala iritsi gara. 4etan genuen hitzordua Haroldorekin. Jatetxe batean lan egiten du eta bazkaltzera gonbidatu nahi gaitu. Sekulako bazkaria gainera. Janari oso goxoa (aukera begetariano askorekin) eskaintzen dute eta dena berak ordaindu digu. Ordaindu nahi geniola esan diogu baina zera erantzun digu: “euskal herrira joan naizen guztietan, jaten, edaten eta dena eman didazue, orain nire txanda da!”. Hurrengo biran, berriz guk sukaldatuko diogula esan diogu. Gaur, bera izan da sukaldaria, fina gainera, bueltan gure txanda izango da.

20110808_denver_1494

Bere etxean eman dugu arratsaldea. Internet duenez, birak exigitzen dituen lanak egiten pasa dugu arratsaldea. Oraindik ere hutsak ditugun egunetarako kontzertuak bilatzen eta emailak idazten. Pixkanaka hasi da jendea gerturatzen. Oso pixkanaka. Familia giroa dago. Lagun asko elkartzen hasi dira eta denak beraien artean ezagunak. Eta lagun artean, etxean duten entsegu lokalean, hasi da kontzertua. Atzo ere gurekin jo zuten Dodsfalla taldea hasi da zuzenean. Haroldoren taldeak atzo baino kontzertu hobea eman duela esango nuke. Nik behintzat gustorago ikusi ditut. Ondoren gure txanda iritsi da. Jendeak harrera beroa egin digu eta dantzan bukatu dute kontzertua. Kontzertu bikaina izan da, dena den, bis-ak aukeratzean eztabaida txikia izan dugu eta zapore goxoa ozpindu zaigu. Dena den, etxean bertan gaude lagun askorekin eta giro polita dago eta zerbezatxo batzuk hartzen agurtuko dugu eguna. Beti bezala, gustura, kontu kontari, eta leher eginda! Jeje bihar berriz 7 orduko bidaia Rapid City-ra arte! Eutxourrei beti!

Humilitate egunerokoa

ostirala, 5 abuztua, 2011

Etxean bezala Abuztuak 2, asteartea

Canadiarren zaratek esnatu gaituzte gaur goizean. Ez dugu feeling berezirik izan talde honekin, eta goizean atera duten zarata guztia eta denontzat zegoen gosaria ia osorik jateak ere ez du lagundu (jeje). Baina tira, zer egingo diogu ba…. Egunotan gurekin dabilen lagun batek, gure furgonetak soinu arraroa egiten duela eta aurreko larunbatean jo genuen tokira furgoneta eramateko esan digu. Larunbatean, kotxeen desguaze eta tailer batean jo genuen kontzertua, The Assasinators taldeko kitarjolea bertan bizi baita. Beraien artean hitz egin dutela eta bihar, asteazkena, bertara eramateko plana antolatu digute. Guk, soinu arrarorik ez dugu entzun ere egin, eta hauek dagoeneko mekanikoarekin plana egina dute, aupa zuek (beste behin). Beraz, bihar Seattle bixitatzera egin beharreko plana, gaur egin beharko dugu, beraz, jaiki, soberan geratu diren apurrak jan, eta bagoaz hainbeste atentzio deitzen digun hiri honetara.

Ez dakigu, Jimmy Hendrix, Bruce Lee, Pearl Jam, Consume, … .zergatik izango den… baina hiri honek atentzioa deitzen digu. Fama ona du. Bira osoan zehar azpimarratu izan digute hiri hau bisitatu beharra dagoela. Eta guk, turista tipikoak bezala, bagoaz bertara. Iritsi eta bertako torre tipikora zuzenean (musika denda batetik pasa ostean noski). Garesti iruditu zaigu eta ez gara igo. Beraz, hiritik buelta bat eman dugu. Denbora gehiegi gabe aritu gara, beraz, nahi baino gauza gutxiago ikusi ditugu. 18etarako joan behar dugu Bremertonera, kontzertuko tokira, beraz, alde egin aurretik, Lake view izeneko hilerrira goaz. Bruce Lee-ri bisita egitera. Argazki pare bat eta Bremertonera.

humilitate_9245

Kuriosoa izan da Bremertonera iritsiera. Egunotan, lagun asko izan dira gure kontzertuetan. Kilometro gutxitan kontzertu asko egin ditugu eta jende asko errepikatzen ari da. Askorekin konfiantza eta dena dugu. Beraz, tokira iritsi , eta ia bertakoak bagina mundu guztiari kasu egiten hasi gara. Jajaj etxekoak dirudigu. Paul eta bere semeetako bat ere bertan daude. Ramon bakarrik etorri da, John txikia etxean geratu da. Baina Paulek notizi ona eman digu, kontzertu ostean bere etxera joango gara lotara. Beraz, hain maite dugun, gure lagun John txikiarekin elkartuko gara berriz! Aufi!!

The Assasinatorsekin jo dugu kontzertua. Ez dira danimarkarrak, hasieran uste genuen bezala. Jeje ea onartu behar dugun arren hasieran bajoi pixkat eman zigula, talde honetakoak biran zehar ezagutu ditugun pertsona magiko horietakoak izan dira (aupa zuek berriz ere!). Kontzertuan ez da jende gehiegi elkartu gaurkoan. Asteartea da ere, jeje guri egunero asteburua dela iruditu arren. Ederra da kontzertuan jende asko ezagutzea, bata eta bestearekin hitz egiteko aukera izatea. Etxean bezala sentitu gara. Telebista batekoak ere etorri dira kontzertua grabatzera. Bukatzean, gauzak jaso eta Paulen etxera goaz. Gure etxera itzultzea bezala izan da. Etxetik hain urrun eta etxean bezala.

Seattlen ere babarrunak Abuztuak 3, Asteazkena

Atzo, etxera iritsi ginenerako John txikia lo zegoen. Gaur, gu lotan geundela jaiki da eta zarata egiten hasi da gu esnatzeko asmoarekin. Aitak, ixilik ibiltzeko esan dion arren, esnatu gaitu. Guk pozik hartu dugu. “Get Down” oihuarekin erantzun diogu eta irriparrea atera zaio. Gustora hartu du gure itzulera. Kanpoan egon garen egunterdian aitari ea berriz etorriko ginen galdezka aritu omen da. Ilusio berezia egin digu eta goiza berarekin jolasean pasa dugu. Bera eta Ramon, Paulen semeekin. Dena den, gaurko plana mekanikora joatea da, furgonetari guk antzeman ez diogun zarata hori begiratzera.

Mekanikoa, atzo kontzertuan zegoen mekanikoa. Bere bi semeekin kontzertua ikusten egon zen. Larunbatean izan ginen hemen bertan jotzen, beraz, gaur ere etxean bezala. Furgonetarekin kilometro egitea nahikoa izan du mekanikoak zer duen asmatzeko. Gurpilen atzeko ejeak olioa galtzen du. Arazoa, ez da handia, guztiz lehortzera iristen ez den bitartean. Zentzu horretan oso gutxi galtzen digu beraz, oraingoz salbu gara. Gutxiago galtzeko pieza bat aldatu eta tartean behin pieza horretako olioa kontrolatu beharko dugu (“ameriketara joan nitzan, mekanika ideiarik gabe, handik etorri nitzan maitia ia mekaniko! Jejeje)

Bertako lanak bukatu eta bagoaz presaka Seattle-ra. Ferryan joan nahi genuen ibilbidea aldatzeko baina ordutegi arazoak medio, errepidez goaz. Allan-ek, bere etxean hartu gaitu. Barbakoa begetarianoa prest du guretzat eta asko eskertu dugu ongietorria. Goxoak benetan babarrunekin egindako hanburgesak. Kontzertuko aretoa ere, etxetik gertu dago bera, tita iritsi gara. 5 taldek jo dugu gaurkoan, 4 biran geundenak eta bestea etxekoak. Antolaketa oso txukuna, azpiegitura ona, ordutegi puntuala, soinu teknikariak ere fundamentuarekin,… Gustora aritu gara. Azkenak izan gara jotzen, eta ohikoa den bezala beste taldeetako askok jo eta beste inor ikusi gabe alde egin dute. Kuriosoa egiten zaigu hau. Ikusleak zorionez, geratu dira, eta gustura egon direla iruditzen zaigu. Kontzertu ederra eta bizia eman dugu.

Bukatzeko, ohikoa den bezala bagoaz antolatzailearen etxera, lagun batzuekin. Bertan, beti bezala, musika jarri digute eguna kontu kontari agurtzeko. Gaur suaren ondoan, eta soinu banda bezala: Bap, Monstruacion, Rip,… Spanish hc deitu dion arren, gustura hartu dugu keinua.

Humilitate egunerokoa

astelehena, 1 abuztua, 2011

Herri guztietan daude xelebrekeriak Uztailak 29, ostirala

Zoragarria da esnatu eta lo egiten ari zaren etxekoak janaria prestatzen ari zaizkizula ikustea. Gaur, horrelaxe jaiki gara. Sukaldean zarata zegoela eta, begiratzera joan, eta Rachel, Chingadoko abeslaria, guretzat janaria prestatzen ari da (gora zu!). Atzo afaria eta kontzertu bikaina antolatu zigun, etxean kontu kontari egon zen gurekin gauean eta gaur goizean, gu esnatzerako, guretzat lanean ari da berriz. Asko eskertzen dira horrelako detaileak. Patatak, tofu eta piperrak jan eta bideari ekitera. 600 kilometro ditugu Eugenera bitartean. Gaur Oregon estatura sartuko gara. Estatu Batuetako mendebaldeko kostan ezagutuko dugun hirugarren estatua.

Kontu kontari, eta paisaia oso ederrekin, berehala iritsi gara Eugenera. Hirigune garbirik gabe, zabalera handia hartzen duen hiria da Eugene. Zuzenean joan gara kontzertua dugun helbidera. Gaurkoan, “bassement show” horietakoa dugu. Etxean bertan egiten diren kontzertuak.

20110731_belfair_i_1167

Etxeko atarian topatu ditugu etxeko nagusiak. Ataritik bertatik ikusten da sarreran dagoen salatxoan joko dugu. Ekipoa ere prest dago eta bertatik ikusten da sukaldea bera ere. Janaria egiten ari dira guretzat (nola maite dugun mendebaldeko kosta! Jajaj). Kontzertuak 20etan hasi behar omen zuen baina zortzietan, gutaz gain, beste pertsona bat bakarrik dago (eta bi antolatzaileak). Beraiek ez dute kezka aurpegirik, ohikoa izango da. Bitartean kaletik pasatzen ari den jendeari begira gabiltza. Pelikula bat dirudi honek. Zein baino zein pertsonaia xelebreagoak pasatzen ari dira uneoro. Batzuk tamborra jotzen, beste batzuk aurpegia margotuta, beste bat etxeak asko gustatzen zaizkiola eta etxeetara sartzen,… eta denek denekin hitzegiten dute. Hippie ikutuko jende asko bizi da hemen, edonor edonorekin hizketan geratzen da, elkar ezagutu ez arren, oso auzo berezia da gero! Baina tira, behintzat dena umore onean eta harreman onekin den bitartean…. Gaitzerdi.

Ordua ederki pasata hasi da etxea jendez betetzen. Pixkanaka jendea gerturatu da eta denek kasu egin digute. Hain urrutitik etortzeagatik eskertuz. Egia esan, oso jende xelebrea den arren, oso jatorrak dira (baina oso oso xelebreak!). Bi talde arituko gara gaurkoan. Lehen taldea jotzen ari den bitartean jende gehiena kanpoan geratu da. Gure txanda heldu denean, jende gehixeago sartu den arren, asko kanpoan geratu dira. Moketadun salatxoan jo dugu eta kontzertu txukuna eman dugu. Ez da historiara pasatzen den kontzertu horietakoa izango, baina gustora aritu gara. Etxeko lagunekin eta etxeko patioa habitatzen duten xelebreekin kontu kontari eman ditugu ondorengo orduak. Ni, leher eginda nago, eta jo dugun toki bereko moketan esterila bota eta lotara noa.

Ustekabean Uztailak 30, Larunbata

Biran kontzerturik gabeko egunak izateak sekulako amorrua ematen du. Eta zer esanik ez egun hori larunbata bada. Gaur, horixe gertatzen zaigu. Larunbata da. Eta ustez, lehenetakoa lotu genuen kontzertuak huts egin digu. Bueno, kontzertuak ez digu huts egin, kontaktuak huts egin digu. Euskal Herrian kontzertua antolatu ostean, Portland-go bati birarena komentatu eta laguntza eskatu genion. Arazorik gabe, bera arduratuko zela esan zigun. Internetez kontaktua egin eta baiezkoa erantzun zigun. Baina, larunbata izan ahal bazen hobe izango zela. Birako ibilbidea aldatu eta larunbatean koinziditu arazi genuen Portland. Hilabete batzuen ostean, berriz idatzi eta kontzertua lotu gabe zuela baina bera arduratuko zela esan zigun. Bira hasi aurretik, erantzunik ez genuen, biran zehar, begiratzen ari zela zioen. Eta hemen gaude, larunbata, berririk gabe eta kontzerturik gabe! Hau da hau amorrua! Baina tira, internet eta telefonoz, ezagutu ditugun kontaktu batzuei deika hasi eta berehala lortu dugu Belfair herrian kontzertua. Bremerton pyrate punx-ek antolatzen duten festi batean jo ahal dugula esan digute.

3 ordutan iritsi gara bertara! Mad max pelikula gogoratzen digun desguaze handi bat da kontzertuko lekua. Bertan, barbakoa , eszenatokia eta txiringito batzuk jarri dituzte perrito kaliente eta zerbeza saltzen. Picnic punx deitzen diote. Arratsaldez goiz hasi eta gaueko ordu txikiak arte talde pila batek jotzen dute honelakoetan. Kontzerturik ez genuen larunbat zaila zirudien eta azkenean sekulako larunbat zoroa atera da. Kontzertu bikaina, jende asko, giro zoragarria, jendea txoratzen, beste batzuk itxaferoak botatzen, haur batzuk puskatutako kotxe zaharrak txikitzen, beste batzuk pistola eta eskopetekin tiroak botatzen,… sinestesina. Guri ere utzi digute tiro egiten. Lehen aldiz probatu dugu zer den tiro egitea. Telebista zahar bati bota diogu tiro. Beraientzat jolasa denak, guri sekulako errespetua ematen digu. Eta zorionez ez zaigu gustatu! Kontzertura itzuli gara, han dagoelako gure txokoa. Ustekabean sekulako festan murgilduta eta lotarako tokiak eta dena eskaini dizkigute. Ustekabean, eta zein ederki!

Humilitate egunerokoa

igandea, 31 uztaila, 2011

Oakland-eko haize freskoa! Uztailak 26, asteartea

Barrukaldeko beroaz nazkaturik, bagoaz kostaldera berriz ere. Bira osoan zehar beroarekin “ohitu” garen arren, Kaliforniako kostaldeko haize freskoa dastatu ostean, orain gogorra egiten da berriz bero hau. Bi egun interesgarri ditugu aurretik. Birako egun guztiak interesgarriak diren arren, badira interes berezia sortzen didaten tokiak, eta Oakland eta San Francisco hauetarikoak dira. Gainera, kontzertua, Born Dead eta Abrupt-eko lagunek antolatzen digute, beraz, ondo antolatuak izango direlakoan gaude.

20110727_oakland_0875

Oakland, San Francisco ondoan dagoen hiria da. San Franciscoren auzo marginala dela diote batzuk. Your House aretora iritsi gara zuzenean. Hitzordua baino lehenago iritsi gara, beraz, Oakland erdialdera goaz hiria bisitatzera. Mugimendu dexente dago inguruan. Bay arean gaude eta hemen kultura mugimendua handia da. Hemen hasi ziren Hippie-ak, Queer mugimendua, transgenero mugimendua,… Arte asko nabari da kaleetan. Musikak ere presentzia handia du inguruan. Konturatzerako 18ak dira eta bagoaz berriz Your House aretora. Jendea bizi da alokatutako fabrika honetan. Baina, biziguneez gain, musika denda bat eta kontzertu areto bat dute bertan. Kontzertu asko egiten dira eta paretak afitxe eta pintadaz beteta egoteak europako etxe okupatuak gogoratu dizkigu. Pinta ona du gaurkoak. Mike, Abrupt-eko baterijoleak egin digu arrera. Badaki zer den biran egotea eta Euskal Herrian izan zuen tratua dela eta gaurko kontzerturako afaria eta edaria zihurtatu dizkigu. Gainontzeko taldekideak ere etorri dira eta aretoa jendez betetzen hasi da. Etxeko talde bat hasi da lehen, ondoren Abrupt-en txanda iritsi da. Sekulako kontzertua eman dute. Asko espero genuen talde honetaz eta ez digute huts egin. Giroa ere berotzen hasi da eta gure txanda da orain. Soinu aldetik potente sonatzen du eta indartsu hasi dugu kontzertua. Bigarren abestirako jendea mugitzen hasi da. Honek konfiantza eman digu eta kontzertu oso intentsoa eman dugu. Jendea erotuta dantzan amaitu du saioa eta bis bat ere eskatu digute. Irriparre handi batekin amaitu dugu kontzertua! Asteartea da, eta sekulako kontzertua izan dugu. Jende asko, giro bikaina, afaria eta edaria. Horrela bai! Bilbo eta Gasteizko lagunen bat ere gerturatu da gure kontzertura. Kontu kontari luzatu gara pixkatean.

Eguna amaitzeko, Abrupt-arren etxera goaz, musika jarri digute eta kontu batzuk egiteko asmoarekin. Batzuk, bafle ondoan ere lo hartu dugun arren, berehala lokartu gara denok.

San Frantzizkon bueltaka Uztailak 27, Asteazkena

10ak inguruan jaiki eta eguna San Frantzizkon pasatzeko asmoarekin esnatu gara. Gosaltzeko Oakland-en gomendatu diguten begetariano batera joan gara eta azkenean, gauza bat eta bestea, nahi baino denbora gehiago pasa dugu bertan. Eguardirako iritsi gara San Frantzizkora.

Hippie mugimenduak indarra hartu zuen High kalera eraman gaituzte aurrena. Idoia, lagun gasteiztarra dugu gia. Bertan, estatu batuetako musika dendarik handienetakoa dago, eta kuriositatez beteriko beste hainbat denda. Kaletik pixkat ibili ostean, Golden Gate zubi ezaguna ikustera goaz. Turista arruntenak joaten diren toki asko zapaltzen ari gara (jajaja arraioak gu!). Behelainoak tapatuta dago Golden Gate. Puntu berezia ematen dion arren, pena da bere osotasunean ezin ikustea. Honen ostean, kontzertua dugun aretora gerturatu gara. Han inguruan bueltaxka bat eman eta kontzerturako prestatzera. Sahatsa-ren deia ere jaso dugu. Lagun baten bitartez, hemen geundela jakin zuenean, gurekin kontaktuan jarri zen Sahatsa. Lotarako tokirik edo ezer behar bagenun edozertan laguntzeko prest. Asko eskertzen da horrelako babesa, batez ere, ezertaz ezagutzen ez gaituenean (edo hori uste genuen).

20110728_san_frantzizko_i_0929

Lehen taldea prestaketekin ari dela etorri da Sahatsa aretora. Aurkezpenak egin eta San Frantzizkon zertan dagoen azaldu digu. Hemengo bizitza nolakoa den etab… baina, euskaldunekin gertatu ohi den bezala, hango kontuez hizketan hasi eta mila kontzertu eta parrandatan elkarrekin egonak garela ohartu gara. Lagun asko elkarbanatzen ditugu eta azkenean, parranda bat eta besteko kontuak birgogoratzen bukatu dugu.

Jende asko dago kontzertuan. Lehen taldea hasi denerako aretoa goitik behera beteta zegoen. Aiton amona beasaindarrak dituen kubatar bat ere gerturatu zaigu kasu egitera. Gu bigarrenak gara gaurkoan. Gure saioan ere jende asko dagoen arren distantzia pixkat utzi dute taulara. Abesti batzuk kosta izan zaigu jendea gehiago gerturatzeko. Lehen filan, ero moduan gozatzen ari den, gazte bat dago dantzan eta distantzia pixkat sortzen du. Dena den, abesti bakoitza bukatzean, txalo eta oihu asko entzuten ari gara eta giroa beroa da oso. Jendea gustora dabil. Puskatu zaidan soka aldatzen ari naizen bitartean, “euskalduna naiz eta harro nago!” oihukatu du kubatarrak jajaja. Ikusleekin txantxa batzuk egiteko giroa ere sortu da tartetxo honetan. Gustura bukatu dugu beste behin ere!

Espero genuen bezala, oso txukun antolatutako kontzertuak izan dira azken bi hauek. Eguna amaitzeko Sahatsaren etxera goaz. Lonja handi batean bizi da. Espazio komunitario asko dituen tokia da. Oso berezia eta oso polita egia esan. Dauden gauzekin txunditurik, lo egin aurretik terrazara igo gara. Berta, hiriko ikuspegi zoragarriarekin, eta lasaitasun txundigarriarekin eman ditugu eguneko azken minutuak. Fresko egiten duen San Frantzizko hiriko etxe maitagarri honetaz maitemindurik.

Ikasle alperren erreinua Uztailak 28, osteguna

Gauza dexente utzi genituen atzo ikusteko. Beraz, gaur, goizean, nahi baino lo gutxiago eginda, jaiki eta San Fantzizkoko auzo latinoa ikustera goaz. Mission auzora goaz. Queer eta transgenero mugimendua sortu zen ingurua omen da eta mugimendu asko omen dago. Sahatsa dugu gia gaurkoan eta berarekin gurutzatu ditugu kale ezberdinak. Temperaturak ere asko laguntzen du kaleetatik lasai ibiltzeko. Beti bezala, diska denda eta liburutegi bat bisitatu ditugu (jeje gauza batzuek ez dira aldatzen). Nahi baino denbora gutxiago dugu hemen lasai kallejeatzeko, baina tira, zertxobait gehiago ikusi dugun sentsazioarekin bagoaz bideari ekitera.

Gaur, Chicon jotzen dugu, Kaliforniako iparraldean. Jende gehienak, ikasle alperren erreinua dela esan digute. Gutxi ikasi eta asko bizi nahi duten ikasleak bertara joaten omen dira. Hondartza ere zoragarria omen du, ea dastatzeko aukerarik dugun. Sahatsa eta pixukideak agurtu eta bideari ekin beharra diogu, 3 orduko bidea geratzen zaigu aurretik. Furgoneta hartzerakoan, parkineko filipinoak adarra jo eta diru gehiago atera nahi izan digu. Eztabaida gogorrak izan ostean, berearekin atera da. Amorru aurpegiarekin agurtu dugu San Frantzizko. Inoiz, denbora gehiagoz, berriz etortzeko gogoa geratu zait. Espero nuen bezala, hiri benetan interesgarria iruditu zait, eta pasatako eguna motz egin zait. Beraz, itzuliko naiz inoiz beste behin San Frantzizko!

5. Abenidan dugu egina hitzordua. Chingado taldekoen etxean geratuak gara, kontzertu aurretik afaria emango digutelako (horrela bai mutikos!! Goizetik ezer jan gabe gaude!). Afari eder eta kontu batzuen ostean joan gara lokalera. Gaurkoa kontzertu kuriosoa da. Rockabilly antzeko musika egiten duten bi talde alde batetik eta bestetik Chingado , bertako Crust-punk taldea eta gu. Musika nahaste honek jende ezberdina ekarri dezake, eta ondo atera daiteke. Interesgarria da, betiere, jende ezberdinagoa ezagutzea (musika ezberdinak jende ezberdina zertan ekarri ez duen arren. Gure musika antzekoa egiten dutenak izan ohi dira askotan ezberdinenak). Herriko skabilly talde bat hasi da. 8 musikari taulagainean eta sekulako festa! Taulatik ere jeisten ziren dantzara musikariak beraiek. Brass Histerya izeneko talde honek Euskal Herrian txosnagune bat baina gehiago jarriko lituzke dantzan. Bigarrenak, Columbiatik etorritako bikotea dira. Country eta psicobilly antzeko zerbait egiten dute. Hauek ere oso kuriosoak! Ederrak! Gure kontzertua ere ederra izan da. Jendea oso gustura geratu da. Asko gustatzen ari zela ohartu gara abestiak aurrera zihoazten ahala… azken abestieetan lehertu den arren zoramena. Ederra gaurkoa! Eta bukatzeko, Chingado. Gustoko genuen orain arte entzundakoa eta zuzenean ez digute huts egin. Bikainak!

Leher eginda gauden arren, etxera iritsi, labadora jarri, dutxatu, egunerokoa idatzi, elkarrizketa erantzun, bada lanik oraindik. Bihar 10etarako aterako gara. Oregon estatura!

Humilitate Los Angelesen

osteguna, 28 uztaila, 2011

Humilitateko kideak Estatu Batuetan ditugu biran eta orain arte eman duten kontzertu eroenaren bideotxo bat bidali digute. Gozatu ezazue!!